2012an, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk Justizia eta Herri Administrazio sailburu eta Jaurlaritzaren bozeramaile izendatu zuen. 2016an, berriz, bozeramaileaz gain Gobernantza Publikoa eta Autogobernuko sailburu izendatu zuten.[1]
Lehen urteak
Pilar eta Juan gurasoen etxean jaio zen, Bermeon. Aita taxi gidaria zen, eta amak denda bat zuen Juan de Nardiz kalean. Gaztetan dendan laguntzen ibiltzen zen, bi anaiekin batera.[2]
Bere zuzendaritzapean 1996an Eleria aldizkaria sortu zuen Eusko Ikaskuntzak. Aldizkariko lehengo zuzendaria izan zen. Zuzenbidearen atal guztiak euskaraz lantzea zuen eginbide. Euskaraz egiten den Zuzenbidea sustatzea eta euskara juridikoaren normalizaziorako tresna baliagarria izatea ziren, hala unibertsitatearen alorrean nola praktikaren eremuan, argitalpenaren helburuak.[3] 1996tik 2003ra bitartean 24 zenbaki eta 266 artikulu argitaratu zituen aldizkariak.[4] Lau artikulu hauek idatzi zituen berak:[5]
Euskararen erabilera Administrazio Publikoaren barne harremanetan (2000).
Administrazio eta Prozeduraren 30/1992, azaroaren 26ko Legearen Aldaketa eta euskararen ofizialkidetasuna. Harridurak, zalantzak, noraezak eta, batez ere, galderak (1999)
Itsastarren lan-segurtasuna Euskal Herriko arrantza-komunitate tradizionaletan (1998)
Euskara Euskal Administrazioetan; erabilera arautzeari aurpegi emateko bideak (1996)