Manetonek, errege hauek Elefantinatik gobernatu zutela idatzi zuen, arkeologoek, errege hauen egoitzak Ineb hedyn (Menfis) zeudela frogatzeko froga argiak aurkitu dituzten arren. Ez da zehatz ezagutzen Userkafek, dinastia hau nola sortu zuen.
Historia
Westcarren Papiroak, Egiptoko Inperio Ertainaren garaian idatzia izan zena, Egiptoko IV. dinastiako bigarren faraoia izan zen Keopsi, Ra jainkoaren apaiza zen Sajburen emaztearen hiru semeek, tronutik kenduko zutela nola iragarri zioten eta faraoia, hiru ume hauek, Userkaf, Sahura eta Neferirkara, nola hiltzen saiatu zen kontatzen du. Hala ere, adituek, istorio hau, kasurik hoberenean ere, elezahar bat baino ez zela izango onartu dute, eta dinastia batetik bestera igarotzeari buruzko euren ezjakintasuna onartzen dute.
Dinastia honetan zehar, egiptoar erlijioak aldaketa esanguratsuren batzuk izan zituen. Errege hilobietan idatzitako lehen hil deien lehen bertsioak agertzen dira, Piramideetako Testuak bezala ezagutzen direnak. Ra jainkoaren gurtzak, garrantzi handiagoa hartu zuen, eta Userkaf eta Menkauhor erregeek, Ra jainkoari eskainitako tenpluak eraiki zituzten Abusirren. Beranduago, dinastia honetan, Osirisen gurtzak garrantzia hartzen du, idazkunik azpimarragarrienak, Unis faraoiaren hilobian aurkitutakoak direlarik.
Antzina bezala, SinaikoUadi Maghara eta Uadi Jaritera bidali zituzten espedizioak, turkesa lortzeko, eta Abu Simbel iparmendebaldera, gneisa lortzeko. Hegoaldera ere bidali zituzten merkataritza espedizioak, Puntera, malakita, mirra eta elektruma lortzeko. Bibloseko aurkikuntza arkeologikoek, Feniziako hiri horretara bidalitako espedizio diplomatikoak frogatzen dituzte. Doraken, Marmara itsasoan, V. dinastiako zenbait erregeren izenak daramatzaten aurkikuntzak, merkataritza tratuen frogak izan daitezke, oraindik benetan ezagutzen ez diren arren.