Kristautasuna Euskal Herrian sartzea

Erromatar galtzada nagusiak eta erromatarren kabotajeko nabigazioko bideak, Euskal Herrian.
Erromatarren galtzada eta itsas bide nagusiak, Europan.

Kristautasuna Euskal Herrian sartzea Antzinako Erromaren azken mendeetan gertatu bide zen, eta IV. menderako funtsean kristautua egongo zen Euskal Herria, beharbada III. mendean hasita. Hedadura zabaleko, iraupen handiko eta gizarte nahiz kultura eragin itzeleko fenomenoa izan da. Gure historiako beste alor askotan bezala, ez dira asko kristautasunaren hastapen haietaz heldu zaizkigun datuak. Horregatik, ez dago zehatz esaterik ebanjelizazioa gure herrian noiz hasi zen; hala ere, ditugun datu horiek aztertuta, gutxi gorabeherako datak aipa daitezke.

Kristautasuna bi bidetatik sartu zen Euskal Herriraː Mediterraneoko bidetik eta Atlantikoko bidetik. Izan ere, ideiak, salgaiak bezalaxe, erromatarren bideetatik hedatzen ziren. Hiriak kristautu bide ziren lehenik, eta gero handik zabalduko zen gainerako biztanleengana.

Kristautasuna ekarri zuten bideak

Mediterraneoko bidea

Mediterraneoko bidea da Estrabonek aipatzen duen Tarraco-Oiasso bidea. Tarragonan apostoluen garaian Ebanjelioa predikatzen zela gauza ziurra da; hortaz, kristautasuna oso goiz sartu zen gure herrian, eta Zaragozatik eta Iruñetik barrena sartu ere.

Hala, San Ziprianok Leongo eta Astorgako kristauei idatzi zien eskutitzetik dakigu Zaragozan 254an bazirela kristauak, gotzain eta guzti. Astorgan —antzinako Astorga-Bordeleko XXXIV. bide nagusian— kristauak bazirela jakiteak eramaten gaitu erlijio berria Novempopulaniarantz azkar hedatuko zela pentsatzera, III. mendearen erdialderako jada iritsia ez bazen.

Bestalde, jakin badakigu III. mendearen hasieran eta IV.aren bukaeran Calagurrisen, baskoien hirian, kristautasuna bazela, zeren eta Emeterio eta Zeledon ezagunak hil baitzituzten Dioklezianoren pertsekuzioan.

Atlantikoko bidea

Iberiar penintsulako bide nagusiak, 125. urtean. Goialdean, Bordele eta Astorga lotzen zituen iter XXXIV galtzada.

Euskal Herriko Pirinioetan barrena baziren hiru ibilbide:

  • Tolosa Okzitaniatik eta Oloroetik barrena, Somportetik igaroz, Jaka eta Huescara zihoan bidea. Euskaldunen bideak ziren horiek, Ptolomeok II. mendean Jakaz baskoien «oppida» gisa hitz egiteak frogatzen duenez.
  • XXXIV. bidea, Bordeletik abiatuta, Akizetik, Orreagatik eta Iruñetik igarota Astorga aldera zihoana. Bide hori Nafarroako tradizio zahar batek egiaztatzen du; tradizio horren arabera, iparreko kristautasuna onartua zela oinarritzen da antzinako bi santutan: Saturdi (San Saturdino, Tolosa Okzitaniako martiria, 250ean) eta haren ikasle San Fermin, beharbada Iruñeko lehen gotzaina izango zena (Dioklezianoren pertsekuzioan martiri hila, 303 aldera).
  • Akitaniako kostaldeari jarraituz jaisten zen bidea. Lehen aroko datu askorik ez bada ere, geroago Donejakue bideko erromesek sarritan baliatzen zuten bidea da.

Zehatz esanda, jakin badakigu lehen aldi batean San Paulino Nolakoak IV. mendean Bordele eta bere maisu Ausonio atzean utzita baskoien artera etorri zela, predikuan jardutera. Eta, Mañarikuaren iritziz, Erdi Aroan barra-barra erabili zen Bordele-Hondarribia-Lizarraten barrena zihoan ibilbidetik ibiliko zen.

Hiriaren garrantzia

Erromatarren bideen antzera, hirien antolamendua izan zen kristautasunaren hedapena erraztuko zuen beste alderdi bat, bai haietatik bideak igarotzen zirelako, bai hirietako biztanleek kultura maila jasoagoa zutelako eta, beren ohiturei lotuagoak zeuden inguruetako artzain eta nekazariek ez bezala, ideologia-korronte berriak onartzeko irekitasuna zutelako.

Ziurtasun osoz ezin esan badezakegu ere, Europa mendebaldean oso zabaldua dagoen iritzia da hiriak ebanjelizatu zuela landa-ingurunea. Hala, hirian bizi ez zenaren izena (pagus-etik dator paganus) ez-kristau izatearen sinonimo izatera iritsi zen.

Bestalde, Ptolomeok ematen dituen datuek oso garbi markatzen dute II. mendean Euskal Herriko hirien banaketan itsasoak izan zuen eragina: kostaldeko hiriak, zentzu hertsian esanda, hiru ziren: Flaviobriga, Tritium Tuboricum eta Oiasso; barnealdekoak, berriz, guztira 32 ziren. Uste izatekoa da eragin handia izan zuela horrek kristautasunaren sarreran.

Kristautasunaren sarreraz jaso diren datuak

Hainbat datu bildu ahal izan dira, kristautasuna nola Mediterraneotik hala Atlantikotik sartu zela ziurtatzen dutenak.

Mendebaldeko bideari aipamen egiten dion ahapaldi bat dugu, Calagurrisko Prudentziorena (348-405). Emetrio eta Zeledon martiriez, honela dio bere Peristephanon idazlanean:

« lamne credis bruta quondam vasconum gentilitas Quam sacrum crudelis error inmolarit sanguinem? Credis in Deum relatos hostiarum spiritus?

[Latinezko testu horren euskaratzea: Sinesten al duk orain, baskoien antzinako paganotasun zakar horrek, zein odol sagaratua zen erru ankerrak sakrifikatu zuena? Hire ustez, Jainkoagana joan al dituk biktimen espirituak?]

»

Mañarikuaren iritziz,[1] baskoiak dagoeneko paganoak ez zirela dioen baieztapen horren oinarria ez da Prudentziok erabilitako iturri gutxi-asko fidagarri bat, baizik eta Prudentzioren garaiko gertakari publiko bat. Jakina da egongo zirela ebanjelizatu gabeko leku baztertuak, baina, IV. menderako, funtsean kristautua zen Euskal Herria.

Iparraldeko bideaz Eauzeko gotzain San Mamertinok egindako aipamenak ditugu, 314koak eta 333koak. IV. mendearen azkenaldeari dagokionez, berriz, ezagunak zaizkigu eskutitz batzuk Burdigalako Ausonioren eta baskoien artera predikatzera etorria zen San Paulino Nolakoaren artekoak.

Alabaina, Kristautasuna Euskal Herri kontinentalean noiz sartu zen berresten digun aipamena 506an Agdeko Kontziliora etorritako gotzain-aldra da.

Augustoren garaiko Akitania zaharra (Akize, Vasats, Auski, Lectoure eta Comminges), Dioklezianoren garaian, beste lau civitate elkartuta (Boiates, Eauze, Bigorra eta Couserans), Novempopulania bilakatu zen; eta, Teodosio I.arekin, beste batzuk batu zirenː Aire, Bearno eta Oloroe. Orduan, 506ko Kontzilioan, 12 civitate horietatik denak bildu ziren, Vasats eta Boiates izan ezik. Geroxeago, 511n, Arlesko Kontzilioan agertu zen Vatseko gotzaina.

Datu horiek guztiak balioztatuta, Mañarikuaren iritziz, Kristautasuna Euskal Herrian III. mendean hasi zen sartzen, eta Europako gainerako beste auzo-herriekin bateratsu garatu zen.

Euskal hizkuntzak eman dizkigun datuak

Manuel Lekuonak zehatz aztertu du euskal hitzen bilakabideak zer adierazten duen kristautasuna Euskal Herrian noiz sartu zen finkatzeari dagokionez.

Euskaldunok kristautasuna geureganatzeak berezitasun batzuk ekarri dizkigu gure hizkuntzara, eta berezitasun horiek zehatz aztertu ditu Manuel Lekuonak.[2] Hitzen hotsek euskararen historian izan duten bilakaera kontuan izanik, Lekuonak, euskararen gaur egungo kristau lexikoa aztertu du, kristautasunak euskaran duen eraginaren antzinatasuna jakiteko:

  • Hala, bedeinkatu eta madarikatu aipatu ditu, benedicatus eta maledicatus arkaizanteen zuzeneko oinordeko direlakoan, delako benedictus eta maledictus klasiko haien arbaso, hain zuzen ere.
  • Inperioaren garaian itazismoaren fenomenoa hasi zen, hau da, latineko e zenbait i balira bezala hasi zen esaten, Erdi Aroan aurrera samar sartu arte. Garai horren lekuko lirateke hots hauek: pastikun (pax tecum), doministiku (dominis tecum), ipiatiku (episcopu), eta horiez gain, eliza (ecclesia) garizuma (quadragessima), izpiritu (espiritu), Ixteben (Esteban), Ingraxi (Engrazia), Xixili (Zezilia), Xixario (Zesareo), zimitorio (cementerio), Bixintxo (Bizente) eta zerrenda luze bat.
  • Erromantzeak sortu aurreko garaiko hitzak, hau da, Goi Erdi Aroan gertatutako diptongazioagatik, besteak beste, e bokala ie bilakatzeko prozesua baino lehenago euskarara ekarri zirenak: incensum → intzentsu (eta ez intzientsu, hitz hori euskarak geroago hartu izan balu gertatuko litzatekeenez), Adventus → Abendu (eta ez Abiendu), caelum → zeru, infernum → infernu, eta abar.
  • Garai berekoa (Goiz Erdi Arokoa) da erromantzeen sorreran latinezko crux («gurutze») hitzak izandako bilakaera. Izan ere, hasierako u hura, forma berriko o eratorri zen erromantzeetan eta ingelesean (cruce-croce, croix, cross...). Eraldatze hori euskaran ere agerian gelditu da bi modutako honako hitz hauetan:
Gurutze, Gurutzeaga, Bidagurutzeta, Gurrutxaga, Krutxaga, Gurrutxarri, Gorozarri, Gorozika, Gorospe, Gorosgarai, Gorosgarate eta Gorrotxategi. Eta eusko-errioxarrak: Crocibirio (Gurutzebide-ren baliokidea) Gorcicolato (baliakide garbirik gabea), Gorciga (Gurutziaga-ren baliokidea).

Datu zerrenda hori (Mañarikuak emandakoen osagarri bikaina) biribiltzeko, Lekuonak gure santutegiko izenen formak aztertu ditu. Horien artean, lau fase bereizi ditu, hurrenez hurren:

  1. Aldi prerromanikoa: «zero» egikera dutenak, hau da, santuaren izenak ez darama inolako santutasuna adierazteko gehigarririk: Bixintxo, Vicentejo (San Bizente), Sacernin (San Saturnino), Zipirio (San Zipriano), eta abar.
  2. Aldi erromanikoa: Done forma dutenak: Donamaria (Andre Maria), Donostia (San Sebastian), Donibane (San Juan), eta abar.
  3. Aldi gotikoa: Santi forma dutenak: Santi Mamiñe, Santi Kurutz, Santillana, eta abar.
  4. Aldi errenazentista: San forma dutenak.

Hitz kristau hauek: Aingeru, Gurutze, Meza, Zeru, eta abar, Sebastián Marinerrek dioenez, ez dira V. mendea baino geroagokoak, ez eta III. mendea baino lehenagokoak ere; hortaz argi dago garai hartan izan zela kristau-eragin bat euskal herritarren artean.[3]

Lehen kristauen eremutar-biziera

Zer esan daiteke, baina, Euskal Herriko lehen kristauen bizimoduaz? Hegoaldeko bideek eta iparraldekoek Euskal Herriari bi isurialdeetan desberdintasunak erantsi al zizkioten? Eta, hala bada, zer eginkizun izan zuen itsasoak horretan?

Lekuonaren iritziz, Euskal Herriko lehen kristauek eremutar-biziera egin zuten, Egiptoko Tebaidako edo ekialdeko Kapadoziako eremutarren antzera.

Euskal Herriko erlijiosoen haitzuloak ikertuta, San Benito eta San Bernardoren monakotza baino lehenagoko garaietara garamatzate atzera, V. eta IV. mendeetara alegia. Hala, IV. mendearen bigarren erdian harpetako habitatera itzultze bat ikus daiteke, Santimamiñera, esaterako. Harpeetara itzultze horren eragiletzat jo izan dira aurrean sumatutako segurtasun eza eta oso gutxi asimilatu zen erromanizazioaren ukapena. Hala ere, oinarri sendoagoa du harpeetara itzultze hori kristau trogloditismoak eragin zuela interpretatzeak.

San Juan de la Peña (gaur egun Huescako probintzian kokatua, garai hartan euskal lurraldearen parte), kristautasunaren hastapenetako eremutarren bizileku izan zen.

Euskal Herriaren hego isurialdea

Troglodita bizimodu horren erakusgarri dira San Juan de la Peñako erlijiogune ezagunak (harkaizpean kokatuak, hasierako eliza hura gaur egungo elizan dagoen lekuan zegoen) eta Donemiliaga Kukula (beste harkaizpe bat da, VI. mendean San Emiliano —gaztelaniaturik, Millán— eremutarra mezak emanez eta salmoak errezatuz bizi izan zen lekua). Eta bi monasterioak kokatuta dauden eskualdea, mende haietan, bai kulturaz bai hizkuntzaz, Euskal Herrikoa zen.

Trebiñuko Izkiko mendietako haitzuloak gaur egungo Euskal Herriaren mugen barruan daude. Hareharrian aztarrika eginak dira, eta VII. eta VI. mendekotzat har daitezke; edo, beharbada, V. mendekoak. Bisigodoen arteari dagozkio, bere garaian Jose Migel Barandiaranek berretsi zuenez:[4]

« Halaxe da, 87 haitzulo daude, eta 13 edo 14 dira tenplu edo kaperak, bisigodoen eliza askoren antzeko oinplanoa dutenak. Badaude ferra-arkuaren forman oinplanoa duten absideak, erlikiak gordetzeko tarteak dituzten irtengunezko aldareak, beti haitzuloaren ekialdera kokatuak daudenak... Ekintza horiek denak, zalantzarik gabe, bisigodoen garaiko data izan behar dute; eta agian Arabako eskualde zabal batean, Arluzeatik Tobillas bitartean, herri bat edo zenobita taldeak izan ziren garai horretan, edo lehenago. »

Horiek denak Euskal Herriaren hego isurialdean daude; ikusi dugunez, kristautasuna sartzeari erraztasunak eman zizkioten mesedegarri erromatar hiri eta bide asko zeuden tokian.

Lizarrateko haitzuloa ere, hasierako eremutar haien bizileku izango zen segur aski, Sandrati izenak erakusten digunez.

Ipar isurialdea

Zer esan daiteke, ordea, Euskal Herriaren ipar isurialdeaz, funtsean hiru baino ez baitziren hiriak, eta galtzadak ez baitziren barrualdekoak bezain garrantzizkoak?

Hasiera batean, ez dugu ahaztu behar euskaldunek funtsean artzaintzan jarraitzen zutela, erromatarren presentzia eta herentzia ere izan zituzten arren. Hortaz, mendietako banalerroak bereizi baino gehiago elkartu egiten zituen bi isurialdeak, logikoa denez desberdinak izanagatik.

Hegoaldeko harpe artifizialen fenomenoak iparrean bere ordaina haitzulo naturaletan izan zuen. Atlantikoko isurialdeko eraketa geologikoak kareharrizko haitzuloak eskaintzen zituen, eta eremutarrek haietan bizi izan zuten ebanjeliozko bikaintasunaren bizimodua, Izkiko eremutarren antzera.

Bi isurialdeek dituzte bai antzekotasunak bai desberdintasunak; antzekotasunak lehen kristauen bizimodu eremutarrean eta desberdintasunak bizitokiaren izaeran: hareharria, biguna izanik, aukera ematen du artistikoki aztarrikatzeko; kareharri gogorrak, ordea, zailtasuna du.

Dena sen, Lekuonak diferentzien gaineko elkartasun-zubi bat finkatzen du santuen deitura hagiografikoetan oinarrituta gainetik —Erdi Aroko santuen deituretan, hain zuzen —ere—, hala nola, Sandrati (Lizarrate, Zegaman), Sandraili (Araotzen), Santi Mamin (Kortezubin), Zipirio (Tolosan) edo San Valerio (Arrasaten).

Hau da, Izkiko harpe artifizialetan bezalaxe, isurialde atlantikoko haitzulo naturaletan ere izan ziren eremutarrak, agian gaur egun haitzuloek duten izen bera zutenak: Tirso, Quirico, Julita, Adrian, Erroman, Mamin, Zipriano eta abar.

X-XI. mendeetatik (edo, beharbada, lehenagotik), Compostelako Donejakuera bidean zihoazen erromes askoren igarobide ezinbestekoa izan zen Euskal Herria. Erromes olde horrek erlijioguneak ugaldu zituen, eta neurri berean baita kristautasunaren finkatzea erraztu ere. Alabaina, kristautasuna sartzearen eta Donejakueko erromesaldien arteko aldi horretaz, aipatu dugunaz kanpo, ez dakigu beste ezer asko. Dena den, orientabidetzat bada ere, har dezagun kontuan lehen aldi horretakoak direla «zero» eraketa duten izenak (goian aipatuak), esate baterako:

  • Bixintxo (Gipuzkoa), Vicentejo (Araba) eta Bikendi (Bizkaia), San Bizenterentzat.
  • Saturdi (Zaldibia), Sacernin (Iruñea), Saturde (Araba), Santurtzi (Bizkaia), Saturraran («Saturren ibar» edo «San Saturnino» gisa, Gipuzkoan), denak ere San Saturninoren izenak hartzen dituen moldeak.
  • Zipirio (Tolosa, Gipuzkoa), San Ziprianorentzat.
  • Magadalena (Euskal Herri osoan, oro har), Santa Magdalenarentzat.
  • Ibañeta (Nafarroa Garaia), San Joanentzat.
  • Salbatore (Euskal Herri osoan, oro har), Sauveterre (Biarno frantsesean), Salvatierra (Araba), Salbatorerentzat.

Elizbarrutien sorrera

Erlijiogune horiek ez ziren gelditzen isolaturik; aitzitik, etengabeko harremanean zebiltzan. Eta horrek, sendotze prozesu baten bidez, elizbarrutien sorrera bultzatu zuen. Eliz erakunde horren banaketa geografikoak (Mañarikuak maisuki aztertua)[5] baditu aztertzea merezi duten hainbat ezaugarri.

XI. mendearen bukaeran, euskal lurraldeen gainean jurisdikzioa zuten apezpikuak Valpuestakoa, Arabakoa, Iruñekoa eta Baionakoa ziren. Apezpikua da elizbarrutiaren burua, Eliza Katolikoan.

Donemiliaga Kukulako Susoko monasterioak (VI. mendean sortua; garai hartan eta hurrengo mendeetan, euskaldunen bizileku) euskal lurraldeetako dohaintza ugari jaso zuen.

Elizbarrutiak, eremu mediterraneoan

Elizbarrutien banaketa geografikoari lehen begiratua egitean, deigarria gertatzen da, Baionakoak izan ezik, gainerako apezpiku guztiek izatea beren egoitza isurialde mediterraneoan: Valpuestan, Armentian eta Iruñean, hurrenez hurren.

Elizbarrutiak, bestalde, berezko batasuna eta nortasuna zuten lurraldeetan eratzen zirela jakinik, eta horiek biztanleen artean ohiko harreman eta mugimendurik gabe ez zirela gertatuko ikusirik, bitxia da konturatzea elizbarruti horientzat isurialdeen banalerroak ez zirela inolako muga, eta bai, ordea, kostaldeko ibaiak. Ez da kasualitatea ibai horiek berak erromatarren garaian euskal tribuen arteko bereizketa muga izatea. Horrek erakusten digu euskalduna, nahiz eta mendeak igaro, beste ezeren gainetik artzain izan zela, eta antzinako transhumantzia bideei ez ezik, negualdiak eta udaldiak igarotzeko guneei ere eusten ziela.

Beraz, elizbarrutiak, Baionakoa salbu, Euskal Herriko hego isurialdean egoteak antzinako sustraiak ditu. Hor zeuden erromatarren garaian sortutako hiri gehienak, eta hor zeuden biderik onenak eta antzinako ager eremuko nekazaritza aberastasunak, eta horiexek izan ziren elizbarrutien egoitza nagusia eremu mediterraneoan finkatzeko arrazoiak.

Eremu atlantikoko elizbarruti bat

Elizbarruti atlantiko bakarra, Baionakoa, kostaldetik barrena hedatu zen, Iruñeko elizbarrutiarekin bere muga Oiartzun ibaian finkatzeraino, Baztango ibarra ere bere baitan biltzen zuelarik.

Euskal Herrian, penintsulako kostaldeak barnealdearekin zituen harreman natural horiek egiazkoak zirela ziurtatzen digute dokumentuek: kostaldeak hegoaldeko beste monasterio nagusiagoei dohaintzan emandako ermita eta monasterio ugarien aipamenak jasotzen dituzten dokumentuek, alegia. Hauek dira dohaintzak jaso zituzten monasterio nagusiak, guztiak hegoaldekoak: San Salvador monasterioa (Oña), San Juan de la Peña, Donemiliaga Kukula, Leireko San Salbatore, Iratxeko Andre Maria Erregina, Iruñeko Andre Maria eta Naiarako Andre Maria Erregina.

Erromesaldien ondorioak bi isurialdeetan

Euskal Herrian erromesaldien ondorioak bi isurialdeetan antzerakoak izan baziren ere, izan zituzten desberdintasunak.

Normandiarrek berriro eraso zuten Kantauriko kostaldea 966tik 971rako bitarte horretan, eta nabarmentzekoa da 968an Compostelako Donejakue hartu eta han eman zituztela bi urte. Beldurra eragin zuen ekintza horrek erromesen artean eta, ondorioz, kasik erabat gelditu zuen erlijiogune horretako jende-etorria.

Almanzorrek Donejakue bideko erromesaldiak eten zituen 997an.

Hegoaldetik iritsi zen erasoa 997an: Almanzorrek Compostelako Donejakuen razzia gogor bat egin zuen, eta erromesbideak eten zituen.

Hurrengo mendearen hasieran, normandiarren eta musulmanen erasoaldiak desagertu zirenean, hasi ziren erromesaldiak berriro, eta jendetsuak izan ziren oso. Hegoaldetik musulmanen arriskua desagertuta, kostaldeko bide nekosoa gehienek alde batera utzi zuten, eta hegoaldekoa hartu zuten haren ordezko. Hasiera-hasieran bide horrek antzinako XXXIV. bidearen trazatua bera zuen; Antso Nagusia nafar erregearen agintaldian, XI. mendean, desbideratu zen Iruñetik Lizarrara eta Logroño aldera.

Bide ertzetan eliza erromaniko ikusgarriak eraiki ziren eta hiribildu asko fundatu, erregeak emandako Jakako (1063), Logroño (1095) eta Tuterako (1119) hiri gutunen babesean.

Euskal Herriaren isurialde atlantikoaz ez dugu datu askorik. Kostaldeko Donejakue bideak hegoaldekoak baino zailtasun handiagoak zituen arren, ez zen horregatik baztertua gelditu.

Erromesaldiaren hasieratik Goi Erdi Aroaren bukaera bitartean, Euskal Herriaren isurialde atlantikoak hegoaldekoak baino prozesu geldiagoa eta atzeratuagoa izan zuen. Horiek horrela, XII. mendean hasi ziren hiribilduak fundatzen.

Datu falta sumatzen den arren, orientazio moduan, kontuan har dezagun aldi erromaniko horretakoak direla domine («jauna») hitzaren «done» laburduraz osatzen diren santuen deiturak, adibidez:

Lehen esan dugunez, erromesen sarrera jendetsuak kostaldeari ez zion berehalakoan lagundu hiribilduak sortzen; bai, ordea, erlijio-eraikuntzak ugaritzen, ermitak batez ere.

Agian, isurialde atlantikoaren pobretasuna zela-eta —betiere, mediterraneoarekin alderatuta—, erlijiozko eraikuntza gehienak azkar hondatzen ziren materialez egin ziren, zurez alegia, horregatik gaur eguneraino iritsi diren eraikuntza erromanikoak ez dira Euskal Herriaren hegoaldekoak bezain ugariak.

Zumetxagako San Migel baseliza.

Hala ere, Bizkaiko erromanikoari antzeko ezaugarriak ikusten zaizkio: absidea ez da arrauzkara, laua baizik. Arabako eta Nafarroako erromanikoa ez bezalakoa da, bitxia bada ere, irlandarraren itxurakoa. Gaya Nuño ikasiaren iritziz, moda hori irlandar hargin-maisuek ekarria da XII. mende aldera. Horien adibide ditugu: Abrisketakoa, Zumetxagakoa eta Bakiokoa.

Gipuzkoan ez da abside bat bera ere gorde.

Horrez gainera, kostaldeko ermita gehienen diseinua funtzio anitzekoa da, harrizko eraikinei ahal zen probetxurik gehiena ateratzeko. Erlijio-betebeharretarako esparruaz gain, eraikin horiek —tenpluen zimitorioa— erromesen ostatu moduko zerbitzuetan erabiltzen ziren, eta bideen eta kostaldearen zelata postu nahiz defentsa militar ere baziren, besteak beste, Gaztelugatxeko Doniene, Saturraran, Mutrikuko Santa Barbara, Getariako San Anton eta abar.

Halako erromes ugariren ondorioz, Euskal Herriaren gain eskumena zuten elizbarrutiek aldaketa txiki batzuk nozitu zituzten, funtsezkoa ukitu ez bazitzaien ere. Hala, Valpuestako elizbarrutia Burgoskoan sartu zuten —eta horrekin batera Enkarterriak eta Arabaren zati bat—; Arabako elizbarrutia Calahorrakoan sartu zuten; eta Iruñekoak eta Baionakoak berdin samar jarraitu zuten, guri dagokigunez.

Irantzuko monasterioa.

Nahiz itsasoarekiko eraketa perpendikularrean nahiz kostaldeko ibai mugen eraketan, elizbarrutiek ez zuten aldaketarik izan erromesaldien fenomenoagatik. Are gehiago, kostaldeko monasterioek lehen bezala dohaintzak egiten jarraitu zuten, baina orain Ibañetako (Orreaga) San Salbatoreri, Tenpluko ordenari, Jerusalemgo San Joanen Ordenako Nafarroako Prioretza Nagusiari, Irantzuko Andre Mariari eta abarri.

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) MAÑARIKUA, A.E. Introducción del Cristianismo en el País Vasco. Euskal Herria Historia y Sociedad. Euskadiko Kutxa, 1985.
  2. (Gaztelaniaz) LEKUONA, M. Antigüedad de nuestro Cristianismo. Kardaberaz bilduma, 28.
  3. (Gaztelaniaz) SAYAS ABENGOECHEA, J. J. Op. cit. 47-48. or.
  4. (Gaztelaniaz) BARANDIARAN, J.M. Excavaciones delante de unas grutas artificiales en «El Montico» de Charratu y en Sarracho (Izkiz Álava). Bol. de la Inst. Sancho el Sabio, 10. Vitoria-Gasteiz 1966. 173-184. orr.
  5. (Gaztelaniaz) MAÑARIKUA, A.E. Obispados en Álava, Guipúzcoa y Vizcaya hasta el siglo XI. Vitoria-Gasteiz, 1963.

Bibliografia

Kanpo estekak