2008an, 250.000 biztanle baino gehiago zituen, eta metropoli-eremuak, 1.105.000 inguru. Zortzi kantonamendu edo auzotan banatuta dago. Herritarrek bordeles izena dute (frantsesez: bordelais).[2][3]
Bordele hirigune nagusietako bat da munduko ardogintzan. Sektorearen azoka nagusia, Vinexpo,[4] bertan egiten da eta eskualdean urtero 14,5 bilioi euroko salmentak dituzte:[5] han, Bordeleko ardoa ospetsua VIII. mendetik ekoizten da. UNESCOk XVIII. mendeko hirigune historikoa Gizateriaren Ondare izendatu zuen hiri eta arkitektura-multzo aparta delako.[6]
Garona ibaiak hiria zeharkatzen du; hirigunearen parean ia 500 metroko zabalera du. Horri esker, itsasontzi handiak hara iristeko gai dira, nahiz eta egun gehienak bokalean geratzen diren. Garona zeharkatzen duen azken zubia Bordelen bertan dago. Ibaiaren ezkerraldean ordoki zabala du, batzutan padurek ureztatua.
Atlantikotik datozen mendebaldeko haizeek neguak epeltzen dituzte eta, era berean, Bizkaiko golkoko uraren tenperaturak udak epeldu eta luzatzen ditu. Bataz besteko neguko tenperatura 6,53 °Ckoa da, baina klima aldaketa dela eta, azken neguak zertxobait beroagoak izan dira. Hotza arrunta bada ere, bitxia da elurra ikustea, hiru urtetik behin egiten baino ez duena. Bataz besteko udako tenperatura 19,51 °Ckoa den arren, 2001etik aurrera uda guztiak hori baino beroagoak izan dira, 2003koa (23,3 °C bataz besteko tenperatura izan zuena) errekorra izanik.[7]
ErromatarrenBurdigalaren aztarnak ikusgai dira oraindik Bordeleko kaleetan. Cardus Maximus eta Decumanus Maximus delako antzinako kaleak egungo hiriko erdiguneko kale nagusiak dira (Rue Sainte-Catharine eta Cours de l'Intendance, hurrenez hurren). Izan ere, Biturigarren hiriburua erromatarren garaian (Vituriges Vivisci, Burdigala), IV. mendetik aurrera, Akitaniako II. hiriburu bihurtu zen Bordele[9]. Erromako inperioaren garaian, Euskal Herria hego-iparralde zeharkatzen zuen galtzada batek lotzen zituen Galiako Burdigala (Bordele) eta Hispaniako Asturica (Astorga).
498. urtean frankoek Bordele hartu zuten, mendeetan amaitu ez zen gatazka bati hasiera emanez. Akitaniarrek eta euskaldunek, frankoen aurka bat eginik gehienetan, eutsi behar izan zioten 732. urtean Abdul Rahman Al Ghafiqiren erasoari, baina Oto I.a Handia gidari zuten oste eusko-akitaniarrek Bordele aldean makurtu behar izan zuten arabiarren aurrean; geroago, ordea, musulmanen aurrean garaipena erdietsi zuten frankoekin batera (Poitiersko gudua (732)). 816. urtean, Sigin Bordeleko kondea euskaldunekin batera altxatu zen frankoen kontra, baina Iruñean babesturik egon ondoren, gudu batean hil zuten franko germaniarrek[10]. Akitaniako dukerriarekin batera, Bordele Ingalaterrako koroaren mende geratu zen 1154an.
XV. mendean, Frantziako koroak betiko konkistatu zuen Bordele (1453, Castillongo gudua) eta Luis XI.ak bertan ezarri zuen Guienako parlamentua. Merkatari eta itsas hiri garrantzitsua izaki betidanik, lotura estuak izan zituen Bordelek euskal portu guztiekin eta XVIII. mendean Espainiako inperioaren ahuleziak erakusten hasi orduko Garonako portuak hazkunde handia izan zuen, Antillekiko merkataritzari eta esklaboen salerosketari esker[11]. Girondinoen hiriburua izan zen, Iraultzaren garaian[12], eta borboitarren alde agertu zen 1814an.
Bigarren Mundu Gerran, Euskal Gudarien Brigadaren ekintzek berebiziko garrantzia izan zuten, Bordeleko hiria alemaniar naziengandik askatzeko (1944).
Demografia
1999ko erroldaren arabera, udalerriak 215.363 biztanle zituen. 2005ekoan berriz hazkunde handia nabari zen 230.600 biztanle erroldatuak zeudelako. Gehienak frantziarrak izan arren, badaude italiar, espainiar (Bordeleko biztanleriaren % 20k espainiar arbasoren bat du), portugaldar, turkiar, alemaniar eta magrebtar komunitate handiak ere.
Bordelek egun 235.000 biztanle inguru dituenez, Frantziako bederatzigarren hiririk handiena da, baina inguruko eremu metropolitarra kontuan harturik, milioi bat biztanle baino gehiago izanik, seigarren handiena da.
Bordele Frantziako hego-mendebaleko hiri garrantzitsuena da. Frantziako seigarren portua (10.012.000 tona 1984an), bertatik banatzen dira Bordeaux ardo ospetsuak. Aerodromoa (Mérignac), petrolio findegiak (Bec d´Ambès, Pauillac), ontziolak, industria metalurgikoa, elektrikoa, hegazkinak, janari industria, zurgintza, kimika industria.
Kultura
Ondarea
Paris ondoren, Bordele da Frantzian monumentu historiko izendatuta eraikin gehien dituen bigarren hiria. Horien artean da Bordeleko katedrala.
Pessac auzuneko Cité Frugès delako hirigintza-antolakuntza modernoa, Le Corbusier arkitektoak 1924an diseinatua, eta gaur egun Zone de Protection du Patrimoine Architectural Urbain et Paysager gisa sailkatua.
Bestalde, bertan hiri honetako nahiz Akitaniako historiari buruzko Akitaniako museoa ere badago.
Hezkuntza
Bordeleko Unibertsitatea Frantziako osoko garrantzitsuenen artean dugu. Lau zentro nagusi hartzen ditu barne. 1441ean Pey Berland artzapezpikuak sortua, Frantziako Iraultzak 1793an desegin arren, 1808an Napoleon I.ak berrezarri zuen. Egun, 70.000 ikasle inguru ditu eta Europa osoko campus handienetariko bat (235 ha) du.
Unibertsitatetik kanpo goi-eskola asko ere baditu, ingeniaritza, enpresa eta hainbat zientzia irakasten dituztenak.
Saint-Michel dorrea, Frantziako hegoaldeko orratzik luzeena (109 m)
Notre-Dame eliza (XVII-XVIII).
Gallien jauregiaren eta anfiteatro baten hondakinak (III. m.).
Bordeleko Antzoki Handia (V. Louis, 1773-1780), prefetura eraikuntzak, La Place de la Bourse (Gabriel), udaletxea, artzapezpiku egoitza zaharraren ondoan eta Le Jardin Public lorategi-pasealekua (Tourny, XVI. m.).
Antzinako hiriko ateak: Porte de la Grosse Cloche (XIII-XV. m.), Porte de Bourgogne eta Porte d'Aquitaine (XVIII. m.).
Cricket talde bat ere badu, Frantziako indartsuenetariko bat dena. Txirrindularitzan 250 metroko zurezko belodromo bat, Vélodrome du Lac, du Pistako Txirrindularitza UCI Munduko Txapelketaren probak antolatzen duena. Gertuko Côte d'Argenten surflariak aritzen dira, batez ere, Lacanaun.