Nazioarteko Arkitektura Eskola delakoaren partaidea izan zen. L´Espirit Nouveau aldizkaria argitaratu zuen Amédée Ozenfantekin batera eta bertan adierazi zuen berrikuntzetarako bere gogoa. Bere lanetan funtzionalismo modernoa eta espresionismoa bateratu zituen. Eraikuntza geometrikoak egin zituen, eta oinezkoentzat toki bereziak gorde zituen berak urbanizatutako hirietan, landareei eta espazio irekiei nagusitasuna emanez beti. Arkitektura modernoa eraberritu duten arkitekto nagusietakoa izan da.
Bizitza
La Chaux-de-Fonds herrian jaio zen, Suitza frankofonoan. Aitak erloju kutxak lakatzen zituen jaioterrian eta amak musika- eta piano-eskolak ematen zituen. 1900ean, irarlan-ikasketak hasi zituen La Chaux-de-Fonds-eko arte-eskolan. Bertako irakasle batek margolaritza eta, geroago, arkitektura ikas zezan bultzatu zuen. 1905ean, bere lehen eraikina proiektatu zuen, arte-eskolako kide batentzako banakako etxebizitza.
1919anL'Esprit Nouveau aldizkaria sortu zuen, Amédée Ozenfant margolariarekin eta Paul Dermée poetarekin batera. 28 zenbaki argitaratu zituen 1920 eta 1925 urteen bitartean. Bertan, purismo izeneko estetika joera formulatu zuten.
Kubismoa gainditzeko ahaleginetan, purismoak nolabaiteko ordena aldarrikatu zuen berriro, eredu klasikoetara itzultzea, alegia. Le Corbusierrek eta Ozenfantek estetika arau berriak plazaratu zituzten. Dadaismoa ez bezala, zeinak modernotasuna historiaren ukatze teorikoarekin lotzen baitzuen, L'Esprit Nouveau ordena historiko baten barruan sartu zen, Cezanne eta kubismoa abiapuntutzat harturik. Arkitekturan bolumen bakunak erabiltzea proposatu zuen, industriarako egin zituen hainbat proiektutan (itsasontziak, hegazkinak, automobilak) igartzen den bezala, eta “bizitzeko makina” gisa definitu zuen etxebizitza. Etxe bateko bolumenek, oreka formala ez ezik -horretarako, Le Corbusierrek “urrezko epaia” eta “modulor” izeneko neurri unibertsala erabili zituen-, geometriako forma bakunen muina eta garbitasuna bilatu behar zuten.
1922an, Pierre Jeanneret lehengusuarekin batera, arkitektura estudioa ireki zuen Parisko Sèvres kaleko 35. zenbakian; hil arte bertan lan egin zuen. 1920ko hamarkada horretan hainbat jardueratan aritu zen, hala nola margolaritzan, saiakeren idazketan eta, jakina, arkitekturan. Garai hartan eraikitako banakako etxebizitza batzuk arkitektura arrazionalistaren ikono bihurtu ziren: Citrohan etxea (1920-1922), Roche-Jeanneret etxeak (1924, Paris), Stein etxea (1927, Garches); eta Ville Savoye (1929-1931, Poissy). Ville Savoyen argi eta garbi antzematen dira arkitektura funtzionalista definitzen duten elementuak: paretak, euskarri izan ordez, espazioa ixten edo irekitzen duten elementu bilakatu dira; fatxada guztian daude leihoak; etxe oina libre dago eta estalkia laua da.
Baina Le Corbusierren interesa ez zen etxebizitzetara mugatu, baizik eta hiri osoa eraldatzen saiatu zen. 1922an hiri idealaren lehenengo proiektua egin zuen: hiru beharrizan nagusien arabera (zirkulazioa, lan egitea eta bizitzea) egituratu zuen hiru milioi biztanleko hiri modernoa (Ville Radieuse). Erdigunerako etxe orratz garaiak proposatu zituen, kanporaxeago sei pisuko etxeak, eta ingurumarian “immeuble-ville” izeneko etxebizitzak. Sare ortogonal bat da proiektuaren oinarria. Le Corbusierrek arrazionalizazioa aplikatu zuen bai trafikoa ordenatzeko (oinezkoak eta ibilgailuak), bai eraikinak eta espazio berdeak antolatzeko. Hirigintza eredu horrek aplikazio asko izan zituen: Voisin plana, Parisen (1925); Obus plana, Aljerren (1931); Macia plana, Bartzelonan (1932); eta Buenos Aires, Montevideo eta São Paulokoak, besteak beste.
“Immeuble-ville” eredua, berriz, Le Corbusierrek 1943-1952 bitartean Marseillarako egin zuen “Unité d´Habitation” izeneko proiektuan aplikatu zen. Eraikin kolektiboa eta burujabea da. 1600 pertsona hartzen ditu, 337 etxebizitzetan (23 etxebizitza mota daude, txikienetik hasi eta zortzi umeko familia hartzen dueneraino). Eraikinaren banoan “denda kale” bat ere badago, 25 metroko garaieran. Eraikin burujabe gisa proiektatu zenez, jatetxea eta bilera aretoa ditu eta, eraikinaren gaineko aldean, gimnasioa, solariuma, haurtzaindegia, antzoki estali gabea eta igerilekua.
Arkitekturaren bost oinarriak
1926an azaldu bezala, Le Corbusierrentzat arkitektura modernoa hurrengo bost puntutan oinarritu behar zen:
Piloti-en erabilera. Hormigoizko eta altzairuzko zutabeen agerpenaren ondorioz, karga-hormen erabilerak ez zuen jada zentzurik, eta eraikinak lurretik jasota eraiki behar ziren, ahalik eta lurzoru-espazio gutxiago okupatzeko. Horrela, lurzorua libre geldituko zen, zirkulazioa eta landaredia jasotzeko.
Lorategi-estalkiaren erabilera edo terraza-estalkiaren erabilera. Estalkiak laua izan behar zuen. Eraikinak zoruan okupatzen zuen berdegunea estalkian berreskuratu behar zen.
Oinplano librearen erabilera. Zutabeek antzinako karga-hormak ordezkatu zituztenez, eraikinen oinplanoak malgutasunez eta askatasun osoz diseinatu zitezkeen. Barneko trenkadak funtzioaren ondorioz baino ez ziren antolatu behar.
Luzekako leihoaren erabilera. Fatxadaren eta egituraren banaketaren ondorioz itxitura askatasunez diseinatu zitekeen, eta horren ondoriozko leihorik logikoena luzekakoa zen (leiho horizontala), argitasunik uniformeena ematen zuelako.
Fatxada librearen erabilera. Aurreko puntuen ondorio zen. Fatxada eta egitura banatuta zeudenez, hura askatasunez diseinatu zitekeen, ia-ia margolan baten moduan.
Lan garrantzitsuenak
1912 : Jeanneret-Perret etxea, La Chaux-de-Fonds, Suitza [1]
↑Fernandez Cabaleiro, Begoña. Le Corbusier: Una arquitectura para el hombre. Espacio, Tiempo y Forma, Serie Vil. Historia del Arte, t. 13, 2000, e-spacio.uned.es (Noiz kontsultatua: 2018-7-1).