Mies van der Rohek forma garbiak eta planoak erabiltzen zituen bere proiektuetan eta beira, altzairua eta hormigoia sarri agertzen dira. Bere lanak oraingo beirazko fatxadadun eraikin handien (etxe orratzen) oinarri izan dira. Berea da Less is More (Gutxiago Gehiago da) goiburua.
Bizitza eta pentsamoldea
Egiazko izena Ludwig Mies zuen. 1921 urtean aitaren abizenari amaren ezkonaurreko abizena gehitu zion "van der" tarteko ipiniz, artistikoago bihurtzeko. Horrela bilakatu zen Ludwig Mies van der Rohe.
Akisgran sorterrian familiako enpresan hasi zen lanean, Berlinen Bruno Paul-en arkitektura agentziara joan zen arte. Urte batzuk geroago Peter Behrens arkitektoaren agentzian lan egin zuen 1908 eta 1912 artean. Azken honen eraginpean, eraikuntza teknika aurreratuetan eta prusiar klasizismoan oinarritutako arkitektura garatu zuen. Begiko zituen errusiarkonstruktibismoaren eta holandarDe Stijl taldearen estetika ere. Garai horretan hasi zen proiektu berritzaileak egiten, altzairua eta beira erabiliz eta, era berean, Karl Friedrich Schinkel arkitekto klasikoaren zenbait ideia mailegatuz. Behrensen lantegian ere Walter Gropius ezagutu zuen, Bauhaus eskolaren fundatzaile izango zena. 1912 eta 1914 artean Berlinen lan egin zuen, Bigarren Mundu Gerra iritsi zen arte.
Miesek G aldizkarian parte hartu zuen 1923. urtean argitaratu zenean. 20ko eta 30eko hamarkadetako arkitektura-filosofian emari handikoa izan zen, Deutscher Werkbund delakoak babestutako Weissenhof proiektuaren eta Berlingo eta Dessauko Bauhaus eskolako zuzendari (1930-33) izan baitzen. Nazismoaren gorakada zela-eta, 1938. urtean Mies Estatu Batuetara erbesteratu zen.
Mies Chicagon kokatu eta Chicago's Armour Institute of Technologyko (orain Illinois Institute of Technology edo IIT) arkitektura sailean lan egin zuen, unibertsitateko campusa berrantolatzearen truke. Bere lanik ezagunenetako batzuk bertan daude, hala nola Crown Hall arkitektura eskolako egoitza.
1958. urtean Nazioarteko estiloaren gaina den Seagram Eraikina eraiki zuen New Yorken. Forma garbiko paralelepipedo beltza da, Park Avenue hiribidean kokatua, baina aldameneko eraikinek osatzen duten lerrokaduratik zertxobait atzerago eraikia, trabertino zurizko sarrera-espazio handi bat utziz. Fatxada beirazko kortina-horma da, eta apaingarri gisa bertikaltasuna handitzeko altzairuzko profilak ditu kanpoaldean.
Less is More (Gutxiago Gehiago da) eta God is in the details (Jainkoa detaileetan dago) hainbatetan esan zuelako ezaguna, Mies espazio neutro eta kontenplaziozkoak egiten saiatu zen, ekaien (materialen) eta egituraren egiazkotasuna erabiliz. Azken lanak arkitektura unibertsal sinplifikatuaren bila emandako bizitzaren emaitza dira.