Bertako lagunarteko hizkeran, Ízal esaten zaio herriari.
Izenaren aipamenik zaharrena 1199. urtekoa da, eta Iviazaval (egungo euskal idazkeran, Ibiazabal) formarekin ageri da. Geroztik, ordea, Idiazabal forma ageri da, edo haren aldaerak (Ydiaçabal, Ydiaçaual, Ydiaçaval, Idiazaval).[3]
Etimologiari dagokionez, bi dira hizkuntzalariek darabiltzaten hipotesiak:[3]
Idiazabal izenaren oinarria ibi dela, forma dokumentatu zaharrena aintzat hartuta.
Idiazabal izenaren oinarria ihidi (ihiak dauden tokia) dela, antzinatik gehien erabili den forma aintzat hartuta.
Geografia
Kokapena
Gipuzkoako hegoaldean dago Idiazabal, Goierriko bailaran, eta 29,5 km² lur hartzen ditu haren mugapeak.
Donostiatik 45 kilometrora, N-I errepideari jarraitu beharko dio Idiazabalera heldu nahi duenak. Herrira jotzeko, kilometro pare bat lehenago dagoen bidegurutzetik sartu behar da.
Lurreko materialak eta erliebea
Aro Kretazikoaren erdi aldera itsaspean itxuratutako materialez daude osatuak ia erabat Idiazabalgo lurrak; orain dela 112 milioi urte hasi zen prozesua eta 22 milioi urte geroago bukatu. Higadura eragileek (haizeak, urak...) ordutik gaur egun arte higatu eta garraiatu dituzten materialak Oriaren eta Urtsuaranen ibar azaletan, behealdean, geratu dira jalkita.
Klima
43 graduko ipar latitudean egonik, Idiazabal bete-betean klima epelen eskualdean dago sartua. Itsasotik oso gertu (31 kilometro herri gunetik), Europako kontinentearen mendebaldean eta mendi artean dagoenez, klima atlantikoa da.
Landaredia
Klima atlantikoari dagokionez, neguan hostoa galtzen duten espezieek osatutako basoak dira nagusi.
Arboladi horien azpian, era askotako sastraka eta belarkiak izaten dira, lurzoruaren, argitasunaren eta abarren arabera.
Baso horiek kendu eta, haien ordez, beste espezie batzuk aldatu dira leku askotan. Beste batzuetan, ganaduarentzako larreak ugaltzeko, beste gabe, baso autoktonoak kendu egin dira; horrelakoetan, larre horiek bertan behera geratu direnean, berezko basoa berriro etorri bitartean, ote, garo, txilar eta abarrez osatutako paisaia sortu ohi da.
X. mendeko Goenekoa, Barrenekoa, Albisu eta Serotegi dira ezagutzen diren baserririk zaharrenak. Ondoren eraiki ziren Altamira, Gurutzeta, Aizkorreta-Saletxe eta Goatse-Garako baserriak. Bailararen behealdera XII. mendean iritsi zen.[7]
1199. urtean lehen aldiz agertu zen idatzita herriaren izena.[4]1384anSegurako hiribilduarekin batzeko dokumentua egin zuten, herri hau izan baitzen, denbora luzez, eskualdeko hiriburu zibila. Astigarreta, Zegama, Zerain, Gabiria, Gudugarreta, Idiazabal, Legazpia, Mutiloa eta Ormaiztegik urte horretan Ahaide Nagusiek egiten zituzten lapurketa eta erailketengandik babesteko dokumentua sinatu zuten. 1387ko otsailaren 2an Joanes I.a Gaztelakoak batasun hori onartu zuen Ávilan sinatutako dokumentu batean eta 1393an Henrike III.a Gaztelakoak ere berretsi zuen Madrilen.[8] Idiazabalen anexioa Segurako barrutira egin bazen ere, herriaren mugetan zeuden mugarriak mantendu ziren, mendien jabetzarekin batera.
Garai hartan baserri gehienak egurrezkoak izango ziren, gehienez harri batzuk oinarri gisa. Baserriaren ekonomiari lotuta industria ere bazen, errotak eta olak, adibidez.[5]
Aro modernoa
1599an Ataunekin gatazka izan zen ez zietelako uzten euren animaliak euren lurretara eramaten. Probintziak baimena ematen zuen animaliek eguzkia ateratzen zenetik sartzen zen arte kontzejuko mendietan izatera, eta idiazabaldarrek uste zuten herritar batek nonbaiten hartzen bazuen gaua pasatzeko aukera, animaliak beraiekin egon behar zirela. 1612ko urtarrilaren 19an Valladoliden izandako epaiketak arrazoia eman zioten Idiazabali.[7]
1615. urtean bereizi zen Idiazabal Seguratik, eta hiribildu titulua eman zioten, behar beste diru ordainduta. Zehazki hogeita sei auzokide eta erdi kontatu ziren, eta 70.795 erreal ordaindu behar izan zituzten.[7] Herriko etxea "kontzeju etxe" bilakatu zen eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan esku hartzeko eskubidea lortu zuen. Hala ere Ataun, Segura, Zegama edo Mutiloarekin batera bidali ohi zituen ordezkariak.[5]
XVI. eta XVII. mendeetan eraiki zen herriko eliza, estilo gotikoan.[4] 1561era arte Idiazabalen Nafarroarantz zihozen garraioek hamarrenak ordaindu behar zituzten.
XVII. mendean Idiazabalek hiru herritar bidali behar dituen gerra baldin bazegoen. Konbentzio Gerran, ordea, 70 bidali behar izan zituen "muga ziantzera". Garai horretako alkatea Manuel Ignacio de Urreta zen.[7]
22 etxe ditu herria osatzen, eta 122 baserri barreiaturik, herriko etxea, eta oso segurua ez den kartzela, bi sexuentzako eskola 40 ikaslerekin.
Parrokia eliza du, bikario batekin, 2 onuradun osorekin eta bat errazio erdiarekin, Valmedianoko Markes jaunaren esku. 6 baseliza eta hilerria du.
Lurzorua kalitate erregularrekoa da.
Bideak: Beasaina, Segurara eta mendietara doazenak, baina oso egoera txarrean daude; aurten Beasaindik Altsasura doan kotxeentzako errepidea eraikitzen hasi dira. Korreoa Villarealetik (sic) jasotzen da oinez.
Produktuak: garia, artoa, babarrunak, babak, patatak eta gaztainak. Behi eta artile ganadua, bere esnearekin oso gazta onak egiten direlarik. Erbiak eta orkatzak ehiza daitezke, eta amuarrainak eta aingiren arrantza dago. Nekazaritza eta abeltzaintzaz gain, zazpi errota eta burdinola bat dago.
Biztanleria: 1.087 arima.
»
Idiazabal baserriarekin lotutako herria izan da. 1860. urtean 1.716 biztanle zituen herriak, baina gehienak baserrietan bizi ziren. Herrigunean 30 etxe inguru zeuden, horietako asko ere baserri. XIX. mendearen bukaeran Ameriketara immigrazio handia izan zen, egoera ekonomikoak bultzatuta.[4]
XX. mendearen hasieran iritsi ziren, elektrizitatea, kanileko ura, plaza berria, kanposantu berria, eskola... batez ere Ameriketatik bueltatutako Indianoek bultzatuta. Garai horretakoak dira hainbat jauregi, Altolagirrerenea edo Floreaga kasu.[4]
Espainiako Gerra zibilaren ostean industria asko etorri zen Idiazabalera, eta enpresa garrantzitsuak sortu ziren: Ampo, Jaso edo Patricio Echeverría kasu. Garai honetan inmigrazioa etorri zen herrira, eta baserritik herrigunerako bidea egin zuten askok.[4]
1947an Seguraren esku zegoen Urtsuaran auzoa Idiazabalen batu zen.
Ekonomia
Industria (elikagai-industria, hegazti-hazkuntza, mekanika eta metalgintza); zerbitzuak (garraioak, ostalaritza); basogintza (pagoa, artea eta pinua); eta abeltzaintza dira jarduera nagusiak.
Ondorengoak dira 150 langiletik gora dituzten enpresak:
2017an honela banatzen ziren sektore ekonomikoak: Lehen sektorea BEGaren %1,9. Bigarren sektorea %64,7. Hirugarren sektorea %27,9. Eraikuntza %5,5.[10]
Demografia
2019an zituen 2.388 biztanleetatik %23,03k 65 urte edo gehiago zituen, eta atzerrian jaiotakoak %6,95 ziren.[10]
↑ abSalaberri Zaratiegi, Patxi; Zaldua Etxabe, Luis Mari. (2020). Gipuzkoako herrien izenak. Lekukotasunak eta etimologia. in: Izenak. Euskaltzaindia, 23 or. ISBN978-84-120766-2-2..