Ezpeletako gaztelua edota Ezpeletako baroien gazteluaLapurdikoEzpeleta udalerrian dagoen gaztelua da. Gaur egun Herriko Etxearen, Turismo Bulegoaren eta Liburutegiaren egoitza da. Ezpeletako piperraren langintzaren erakusketa ere han dago.
Lehen ere herritik hurbil zen gaztelua, baina gaur egun ia elkarturik daude biak, gazteluraino zabaldu baita herria. Jondoni Eztebe eliza eta eliza aldeko auzoa beherago daude, iparraldera. Gaztelua muino koskor baten gainean dago, Latsa errekakErrobirako bidean eginiko ibar baten gaineko aldean. Muinoaren iparraldera eta ekialdera ezponda luzeak dira ibaiaren aldera, defenda errazak.
Gaztelu pribatua izan da hasieratik. Ezpeleta sendiari eta baroierriari loturik zeuden gazteluaren historia eta egitekoak. Baina, Erdi Aroa bitartean behintzat lurraldeko aldaketen eta gorabeheren arabera ibili zen Ezpeletako leinua, eta aldi berean erresuma batekin baino gehiagorekin izan zituen harremanak askotan.
Jatorriz, baroi edo jauntxo hauek Nafarroako errege-erreginen menpekoak ziren. Nafarroako Erresumako 12 baroietako bat izan ziren. Familia honetan ezagutzen den lehenbiziko baroia On Aznar izan zen, jada 1059an Ezpeletako jauna zena. Ezpeletako jaunak XI. mendeaz geroztik daude Lapurdin. Nafarroako baroi boteretsuenetakoak izan ziren, erregea ez zelako gai inongo auzitegi eta kontseilurik osatzeko Ezpeletako baroirik gabe ez: bakea ala gerra egiteko 12 baroiak behar zituen.
Baina, batik bat, Nafarroan bizi ziren, eta txanbelanak, kopariak, ezkutariak, baileak eta ibar-jaunak izan ziren. 1624an, Flandrian Frantziako eta Espainiako armaden arteko gerra izan zenean, Bertrand Ezpeletak Espainiako lerroetan borroka egin zuen.
1637an, Richelieu kardinalak baroigoa konfiskatzeko agindu zuen, eta ezpeletatarrek gaztelua suntsitu zuten. Baina Barbarak, Bertranden arrebak, auzitegietara eraman zuen gaia. Auzia irabazi eta ezpeletatarrek 25.000 libera ordaindu behar izan zituzten gaztelua berreraikitzeko.
1694an Juliana baroia hil zen, gazteluko azken anderea. Ez zuen oinordekorik, eta gaztelua eta zituen tituluak herriari utzi zizkion oinordetzan. 1721. urteko transmisio hori azaltzen duten egiaztagutunek honakoa diote... «parrokia honetako kideek... justizia —altua, eta tartekoa, eta baxua— dute leku honetako baroi gisa». Beraz, Ezpeletako biztanle guztiek izan dezakete baroi titulua.[2]
Eraikina
1637ko suntsiketaren eta geroko eraberritzearen ondoren, udaletxe, eskola, apaiz-etxe eta beste izateko atondu zuten gaztelua. Horregatik, XVII. mendeko eraikuntza ikusita eta Jauregi esaten ziotela jakinik, Erdi Arokoa ere etxe-dorre edo etxe gotortu bat baino ez ote zen pentsatu izan dute batzuek.
Baina etxe gotor bat baino gehiago izango zela zioen Duvoisinek, eta hala zela baieztatu zuten 1997an egin zituzten indusketa lanek. Eta gauza bera adierazten dute, bestalde, gaur egun han ikus dezakegunak ere. Dirudienez, kanpoan ibili zale ziren Ezpeletako jaunak, baina jakin zuten sortetxea zaintzen, XIV. eta XV. mendeko aztarnen arabera. Erresumen arteko muga gertu zela jakinik, Frantziako erregearen laguntza ere izan zuen agian, Lapurdi konkistatu ondoren.
1997ko udaberrian, gaztelua aztertzen hasi zen OkzitaniakoTolosa hiriko enpresa bat, eta han aritu ziren arkeologoek prentsaurreko bat eman zuten urte bereko uztailean, behin-behineko emaitzak aurkezteko. Azterketak hasi baino lehen, dorre biribil bat eta bi horma baino ez ziren aipatzen, gazteluaren aztarna usteko gisa. Dorrea, gainera, XVI. mendekoa zela esaten zen.
Ingurua aztertzerakoan, ordea, 3 dorre gehiagoren aztarnak agertu ziren, eta hormatal luze batzuk, dorreen artean. Ikus daitezkeen dorreak eta desagertua den beste bat hormatalez elkartuz gero, 40 edo 45 metroko diametroa zuen pentagono bat eratuko zuten, hormatalak ez baitziren, dirudienez, zuzenak. Azaleraturiko hiru dorretatik bi behintzat oso ondo nabari dira, hegoaldean biak. Hirugarrena, berriz, ipar-ekialdean zena, D-918 errepidea zabaltzerakoan hondatu zuten, neurri handi batean, behintzat. Eta ipar-mendebaldean zena galdutzat jotzen dute. Ferra itxurako oinplanoa dute dorreek.
Dorreak eta hormatalak harlanduz eginak dira, kareharri ondo landuz eginak. Hegoaldea du alderik ikusgarriena: harresia eta azaleratutako bi dorre. 25 metroko garaiera dute. Gaur egun ikus daitekeenaren gainean 3 edo 4 metro garaiko harresia egongo zen. Harresi haien hondarrak bistaraturik daude orain, Mendebaldeko dorrearen bi aldeetan.
Udaletxeari erantsita dagoen dorrean bi eratako harria erabili zuten, dirudienez. Beharbada, XVII. mendeko bigarren erdialdean parte handi bat berriz egin behar izan zutelako ditu desberdinak. Kanpotik ere nabari da dorreko solairu bakoitza non hasten edo bukatzen den, harri-eraztun bat-edo baitu solairu bakoitzean. Hegoaldeko horman kakategi bat du. Su-armak jartzeko leiho-zuloak ere badituzte dorre horrek eta beste batek: hiruzpalau motatako zuloak. Indusketa lanek adierazi dutenez, hegoaldeko ezponda ez da benetako ezponda, lubanarro baten aztarna baizik, eta mendebaldekoa ere halaxe da agian.
Egiturari buruzko xehetasun garrantzitsu batzuk ere argitzeke daude oraindik. Ez dakigu, besteak beste, non zuen sarrera; non zen dorre nagusia, dorre nagusirik baldin bazen; zer egitura zuen barruak, edo nola banatua zegoen.
Dena dela, gaur udaletxe izateko eta bere zerbitzuak eskaintzeko harturik daukatena XVII. mendekoa da. Hormen egitura askoz kaxkarragoa da, ate eta leiho inguruetan izan ezik, eta hareharriz egina, gehiena. Udaletxea eta erakustokia zaharberritze lanetan dira aspaldian. 1999an zuriz margotu zuten kanpotik, leiho eta ate inguruko harriak izan ezik. Harri horiek nabariago geratu dira, baina gainontzeko harriak ez dira ikusten.