Köppen klima sailkapena gehien erabiltzen den klima sailkapenetako bat da. Vladimir Köppen, krimear klimatologo eta botanikariak argitaratu zuen lehenbiziko aldiz, 1884an. 1918 eta 1936an zenbait aldaketarekin berrargitaratu zuen. Gehienean 1961anRudolf Geigeralemaniar klimatologoak aurkeztutako bertsioa erabiltzen denez gero, Köppen-Geiger klima sailkapena ere deitzen zaio. Köppen ohartu zen toki jakin bateko klimaren adierazle hoberena bertako landaredia dela. Hori dela eta, De Candollefrantziar botanikariaren bost landaredi multzoetan oinarritu zen bere sailkapena egiteko[2].
Sailkapen honetan klima bakoitza bi edo hiru letrako kode baten bidez adierazten da. Lehenbiziko hizkiak klima mota adierazten du, bigarrenak plubiometria eta hirugarrenak tenperatura.
A multzoa: Klima tropikalak
Urteko hilabete guztietan batez besteko tenperatura 18 °C-tik goragoa da eta urteko prezipitazioa lurruntzea baino handiagoa[1].
Bigarren letrak prezipitazioen banatzeari erreferentzia egiten dio:
f: prezipitazio konstanteak, ez da hilabete lehorrik.
m: prezipitazio konstanteak, hilabete lehorren bat izan ezik.
As - Sabanako klima edo tropikal lehorra (uda lehorra)
Udan lehorraldi nabarmena dago. Hilabete lehorreneko prezipitazioa 60 mm-tik beherakoa, eta baita [100-(Urteko pilatutako prezipitazioa{mm}/25)] formularen emaitzatik beherakoa ere izaten da.
Aw - Sabanako klima edo tropikal lehorra (negu lehorra)
Neguan lehorraldi nabarmena dago. Hilabete lehorreneko prezipitazioa 60 mm-tik beherakoa eta baita [100-(Urteko pilatutako prezipitazioa{mm}/25)] formularen emaitzatik beherakoa ere izaten da.
B multzoa: Klima lehorrak (aridoak eta erdi-aridoak)
Urteko pilatutako prezipitazioa ebapotranspirazio potentziala baino txikiagoa da.
Klima bat multzo honetan sartzen den jakiteko, prezipitazio atalasea (Pth) kalkulatu behar da[1].:
Eguzkia goren dagoen seihilabetekoan urteko prezipitazioen %70 edo gehiago erortzen bada, Pth{mm}= 20(Urteko batez besteko tenperatura{°C})+280
Eguzkia goren dagoen seihilabetekoan urteko prezipitazioen %30 eta %70 artean erortzen bada, Pth{mm}= 20(Urteko batez besteko tenperatura{°C})+140
Eguzkia goren dagoen seihilabetekoan urteko prezipitazioen %30 baino gutxiago erortzen bada, Pth{mm}= 20(Urteko batez besteko tenperatura{°C})
Urteko pilatutako prezipitazioa atalase hori baino handiagoa baldin bada, klima ez da lehorra.
Bigarren hizkiak aridotasun maila adierazten du:
S: Estepako klima. Pth/2 < Urteko pilatutako prezipitazioa < Pth.
W: Basamortuko klima. Urteko pilatutako prezipitazioa < Pth/2.
Hirugarren hizkiak tenperaturen banatzeari erreferentzia egiten dio:
h: Beroa. Urteko batez besteko tenperatura 18 °C-tik gorakoa da.
k: Hotza. Urteko batez besteko tenperatura 18 °C-tik beherakoa da.
BS - Estepako klima
Estepako klima edo klima erdi-aridoa duten eskualdeetan urteko pilatutako prezipitazioa ebapotranspirazio potentziala baino txikiagoa bada ere, agortasuna ez da erabatekoa. Bi mota daude:
BSh - Estepako klima beroa. Urteko batez besteko tenperatura 18 °C-tik gorakoa da. Uda beroak edo oso beroak eta negu epelak dituzte. Klima mota hau eskualde tropikal eta subtropikaletan agertzen da, basamortu subtropikalen mugetan: Iberiar Penintsulako hego-ekialdean, Marokon, Kalahariko alde batzuetan, Kalifornia hegoaldeko itsasaldean[3] eta AustraliakoOutbacken.
BSk - Estepako klima hotza. Urteko batez besteko tenperatura 18 °C-tik beherakoa da. Negu hotzak eta uda beroak izaten dituzte eta prezipitazio urriak. Neguan elurra egin dezake. Egunetik gauera tenperatura alde handia izaten da. Horrelako klima, jeneralean, latitude ertainetan eta itsasotik urrun izaten da: Ipar Amerika eta Asiako barnealdean, Iberiar penintsulako barnealdean, Turkian eta Iranen.
Basamortuko klima edo klima aridoa duten eskualdeetan oso prezipitazio urriak izaten dira. Bi mota daude:
BWh - Basamortuko klima beroa. Urteko batez besteko tenperatura 18 °C-tik gorakoa da. Uda beroak edo oso beroak izaten dira eta negu epelak, baina gauez tenperaturak 0 °C ingurukoak izan daitezke. Sahara, Kalahari eta Arabia eta Siria, Australia eta Mexikoko iparraldeko basamortuetako klima da.
BWk - Basamortuko klima hotza. Urteko batez besteko tenperatura 18 °C-tik beherakoa da. Neguak oso hotzak eta udak beroak izaten dira. Horrelako klima latitude ertainetan izaten da, jeneralean mendilerro handien euri-itzaletan: Erdialdeko Asian (Gobi, Kyzyl Kum, Taklamakan), Patagonian eta Estatu Batuetako mendebaldean.
Hilabete beroeneko batez besteko tenperatura 10 °C-tik gorakoa da, eta hilabete hotzenekoa -3 °C eta 18 °C artekoa. Klimatologo batzuek, AEBetakoak bereziki, 0 °C-tan jartzen dute muga hilabete hotzeneko tenperaturan, -3 °C-tan jarri ordez.
Bigarren hizkiak prezipitazioen banatzea adierazten du:
s: Uda lehorra da. Udako hilabete lehorreneko prezipitazioa 30 mm-tik beherakoa (40 mm-tik beherakoa beste klimatologo batzuen arabera[1]) da eta hilabete hezeeneko prezipitazioaren herena baino txikiagoa.
w: Negua lehorra da. Neguko hilabeterik lehorreneko prezipitazioa hilabete hezeenekoaren hamarrena baino txikiagoa da.
f: Hezea. Prezipitazio nabarmenak urte osoan, urtaro lehorrik gabe. Ez dira ez s ez w-ren baldintzak betetzen.
Hirugarren hizkiak udako tenperaturari erreferentzia egiten dio:
a: Subtropikala. Uda beroa da: hilabete beroeneko batez besteko tenperatura 22 °C-tik gorakoa da. Urteko lau hilabete edo gehiagotan batez besteko tenperatura 10 °C-tik gorakoa da.
b: Epela. Uda leuna da: hilabete beroeneko batez besteko tenperatura 22 °C-tik beherakoa da. Urteko lau hilabete edo gehiagotan batez besteko tenperatura 10 °C-tik gorakoa da.
c: Hotza. Batez besteko tenperatura urteko hiru hilabete edo gutxiagotan izaten da 10 °C-tik gorakoa.
Klima mediterraneoak
Klima mediterraneoak, Uda lehorreko klima subtropikalak ere deituak, kontinenteen mendebaldeko lurraldeetan agertzen dira, 30° eta 45° arteko latitudean. Neguan, fronte polarraren eraginpean egoten baitira, eguraldi aldakorra eta euritsua izaten dute. Prezipitazio gehienak urtaro horretan erortzen dira. Udak, berriz, lehor eta beroak izaten dira, antizikloi subtropikalen eraginagatik. Beti ere, itsasaldean uda leunagoak izan daitezke.
Csa: Klima mediterraneoa, uda beroekin. Negu epel eta hezeak eta uda bero eta lehorrak izaten dira. Neguan, udazkenean edo udaberrian jasotzen da urteko prezipitazioen gehiengoa. Klima mediterraneoko bost eskualde nagusi daude munduan: Mediterraneoko arroa, Kaliforniako itsasaldea, Mendebaldeko eta Hegoaldeko Australia, Hego Afrikako hego-mendebaldea eta Txileko erdialdea.
Csb: Klima mediterraneoa, uda freskoekin. Neguak epelak (edo hotzak) eta hezeak eta udak epelak eta lehorrak izaten dira. Neguan, udazkenean edo udaberrian jasotzen da urteko prezipitazioen gehiengoa. Csa-ren eskualde beretan agertzen da, baina hura baino bakanago: Iberiar penintsulako ipar-mendebaldean, Kaliforniako eta AEBetako ipar-mendebaldeko itsasaldeetan, Txileko erdialdean, Hegoaldeko Australian eta Hego Afrikako hego-mendebaldeko alde batzuetan.
Klima subtropikal hezeak agertzen dira kontinenteen barnealdean, edo hauen ekialdeko itsasaldeetan, 20º eta 30º arteko latitudeetan (Ipar Europan 46°-ko ipar latituderaino iristen dira). Klima mediterraneoetan ez bezala, uda hezeak dira, aire masa tropikal ezegonkorren edo alisioen eraginagatik. Ekialdeko Asian neguak lehorrak izan daitezke, eta latitude bereko beste eskualde batzuetan baino hotzagoak ere, Siberiako goi presio gunea dela eta, eta udak oso hezeak, montzoien eraginagatik.
Cfa: Klima subtropikal hezea. Neguak hotz edo epelak eta udak heze eta beroak dira. Prezipitazio nabarmenak urte osoan zehar, urtaro lehorrik gabe. Horrelako klima duten eskualde nagusiak hauek dira: Estatu Batuetako hego-ekialdea, Argentinako ipar-ekialdea, Uruguai, Paraguaiko eta Brasilgo hegoaldea, Txinako hego-ekialdea, Japoniako hegoaldea eta Australiako ekialdea. Europako alde batzuetan ere agertzen da, hala nola, Iberiar, Italiar eta Balkandar penintsulen barnealdeko eta Itsaso Beltzaren kostaldeko zenbait lekutan.
Klima ozeanikoak kontinenteen mendebaldeko lurraldeetan agertzen dira, 45° eta 55° arteko latitudean. Mendebaldeko Europako itsasaldean 63°-ko ipar latituderaino iristen dira. Eskualde hauek urte osoan fronte polarraren eraginpean egoten direnez gero, eguraldi aldakorra eta askotan hodeitsua izaten da. Uda leunak izaten dira, eta neguak latitude bereko beste eskualdeetan baino epelagoak.
Cfc: Klima ozeaniko hotza edo azpipolarra. Negu hotzak eta uda labur eta freskoak dira. Prezipitazio nabarmenak izaten dira urte osoan zehar eta beste klima ozeanikoetan baino elur gehiago egiten du. Klima ozeaniko epelari jarraipena ematen dio, Poloetarantz hurbildu ahala. Islandiako itsasaldean, Faroe uharteetan, Eskoziako Lur Garaietako alde txiki batzuetan, Norvegiako ipar-mendebaldeko kostaldean (uharte batzuetan 70°-ko ipar latituderaino iristen da), itsasotik hurbil dauden Norvegiako hego-mendebaldeko lur garaietan, Alaskako hegoaldeko uharteetan, Txile eta Argentinako hegoaldeko muturrean, Australiar Alpeetan eta Tasmaniako mendigune batzuetan agertzen da.
Hilabete hotzeneko batez besteko tenperatura -3 °C beherakoa da (0 °C-tik beherakoa beste klimatologo batzuen arabera) eta hilabete beroenekoa 10 °C-tik gorakoa[1]. Tenperatura kontraste handiko klimak dira: alde handiak izaten dira tenperatura maximo eta minimoen artean. Jeneralean klima hauek Ipar hemisferioko kontinenteen barnealdean edo ekialdeko itsasaldean izaten dira, Ipar latitudeko 40°-tik gora. Hego hemisferioan, berriz, ez dago honelako klimarik, latitude handietan masa kontinental handirik ez delako.
Bigarren hizkiak prezipitazioen banatzea adierazten du:
s: Uda lehorra da. Udako hilabete lehorreneko prezipitazioa 30 mm-tik beherakoa da (40 mm-tik beherakoa beste klimatologo batzuen arabera[1]) eta hilabete hezeeneko prezipitazioaren herena baino txikiagoa.
w: Negua lehorra da. Neguko hilabeterik lehorreneko prezipitazioa hilabete hezeenekoaren hamarrena baino txikiagoa da.
f: Hezea. Prezipitazio nabarmenak urte osoan, urtaro lehorrik gabe. Ez dira ez s ez w-ren baldintzak betetzen.
Hirugarren hizkiak tenperaturari erreferentzia egiten dio:
a: Uda beroa. Hilabete beroeneko batez besteko tenperatura 22 °C-tik gorakoa da. Urteko lau hilabete edo gehiagotan batez besteko tenperatura 10 °C-tik gorakoa da.
b: Uda epela. Hilabete beroeneko batez besteko tenperatura 22 °C-tik beherakoa da. Urteko lau hilabete edo gehiagotan batez besteko tenperatura 10 °C-tik gorakoa da.
c: Uda hotza. Batez besteko tenperatura urteko hiru hilabete edo gutxiagotan izaten da 10 °C-tik gorakoa da. Hilabete hotzenaren batez besteko tenperatura -38 °C-tik gorakoa da.
d: Oso negu hotza. Batez besteko tenperatura urteko hiru hilabete edo gutxiagotan izaten da 10 °C-tik gorakoa. Hilabete hotzenaren batez besteko tenperatura -38 °C-tik beherakoa da.
Klima kontinentalak, uda beroekin
Klima hauetan (Dfa, Dwa, Dsa) neguak oso hotzak eta udak beroak izaten dira. Hilabete beroeneko batez besteko tenperatura 22 °C-tik gorakoa da. Dfa klimak 30° eta 40° arteko latitudean agertzen dira. Ekialdeko AsianSiberiako goi presio guneak negu lehorrak izatea eragiten du (Dwa) eta baita klima kontinentalak hegoalderago hedatzea. Horrez gain, montzoien eraginez, udak oso euritsuak izan daitezke. Azkenik, Dsa klimak latitude txikiagoko eskualdetako mendiguneetan agertzen dira.
Klima hauetan (Dfb, Dwb, Dsb) neguak oso hotzak eta udak freskoak izaten dira. Dfb eta Dwb klimak Ipar Amerika eta Asian 40° eta 50° arteko latitudean izaten dira, hots, Dfa eta Dwa-ren iparraldean. Erdialdeko eta Ekialdeko Europan eta Errusian ere agertzen dira, Klima ozeaniko eta kontinental azpiartikoen artean, 50°-ko latitudetik iparraldera, eta 60°-ko latituderaino ere, iritsiz. DsbDsa-ren eskualde beretan agertzen da, Ipar Amerikan batez ere, baina toki garaiagoetan edo latitude handiagoetan.
Oso negu hotz eta luzeak izaten dira eta uda labur eta hotzak. Dfc eta Dwc klimak lurburutik hurbilago agertzen dira D multzoko beste klimak baino. Jeneralean 50° eta 60° arteko latitudean izaten dira baina, leku batzuetan, 70°-ko latituderaino irits daitezke. Dsc, Dsa eta Dsb bezala, klima mediterraneoko eskualdetan baino ez da izaten, garaiera handiko mendigunetan.
Izugarri negu hotzak, muturreko tenperaturekin (hilabete hotzeneko batez besteko tenperatura -38 °C-tik beherakoa), bederatzi hilabete iraun dezaketenak[3]. Klima hauek Siberiako ekialdean baino ez dira izaten.
Klima polarra duten eskualdeetan urteko hilabete guztietan batez besteko tenperatura 10 °C-tik beherakoa da[1]. Bi mota daude:
ET: Tundrako klima. Hilabete beroeneko batez besteko tenperatura 0 °C eta 10 °C artekoa da. Ipar Amerikako eta Eurasiako ipar muturretako, eta hurbileko uharte batzuetako, klima da.
EF: Izotz geruzako klima. Hilabete beroeneko batez besteko tenperatura 0 °C-tik beherakoa da. Horrelako klima Antartikan eta Groenlandiako barnealdean dago.