Ezkarai[1] (gaztelaniaz eta ofizialki, Ezcaray) Errioxako mendebaldeko udalerri bat da. 2020an 2.045 biztanle zituen.[2] Udan, 15.000 biztanle ere izatera iristen da, bertako industria turistikoak erakarrita.
Toponimoa
Eduardo Aznar ikertzailearen esanetan, Ezkarai toponimoak «haitz garaia» esan nahi du: San Torcuatoko haitzaren azpian dago Ezkarai, eta Aznarrek uste du izenak hari egiten diola erreferentzia. Euskal «toponimo horrek ahaide batzuk baditu Araban, Ipar Euskal Herrian, Bizkaian... Bilbotik gertu, bada Azkarai izeneko herri bat».[3]
Ezkarai inguruko toponimian oso nabarmena da euskararen presentzia: Altuzarra, Ayabarrena, Azárrulla, Cilbarrena, Bonicaparra, Turza, Urdanta, San Antón, Zaldierna.[4]
Historia
Antzinaroa
Neolito aroan dagoeneko populatua izan zen inguru hau, aizkora landuak aurkitu baitzira Ezkarain, Ojacastron eta Tres Fuentesen (Valgañón), azken honetan bizileku izan zen leize bat ere badago.
Beroien eta Autrigoien lurraldea izan zen[4], pelendoiekiko muga bazen ere. Erromatarrek konkistatu zutenean kolonoek kastro bat eraiki zuten alboan, Ojacastrori izena ematen diona. XX. mendean egindako indusketatan Trajanoren garaiko txanponak aurkitu ziren eta hileta tumulo batzuk ere bai Virgen de Allende baseliza izan zen tokian.
Erdi Aroa
711. mendean musulmanek Iberiar penintsula guztia hartu eta harana despopulatu egin zen. Musulmandarrek talaia bat eraiki zuten San Torcuato haitzean. X. mendean Antso I.a Gartzeitz Iruñeko erregeak konkistatu zuen harana eta Ezkarai herria sortu zuen, ingurua birpopulatzeko helburuaz[4]. Araba mendialdetik eta Nafarroatik jende ugari etorri zen eta XIV. menderarte euskara nagusi izan zen bertan[4]. Errioxako lurretan gehien iraun zuen eremua izan zen. XIII. mendean Fazaña de Ojacastro epaiak dio Ojacastroko biztanleek euskaraz deklaratu dezaketela epaiketetan, inguruan hizkuntza hori erabiltzen baita[5].
1076. urtean Gaztelak bereganatu zuen eta 1312. urtean Fernando IV.ak forua eman zion[6]. XV. mendean Gaztelako Gerra Zibila izan ondoren Leiva eta Manrique de Lara familiei eman zitzaien harana, eta bigarrenak lehenengoaren lurrak erosi eta Manrique de Laratarrak Valdezkaraiko jaun bihurtu ziren.
Aro modernoa
XVI. mendean artileari loturiko hainbat tailer sortu ziren Ezkarain eta sona hartzen hasi zen. XVII. mendean beheraldi bat izan zuen baina XVIII. mendean Ensenadako Markesaren eraginez bultzada berria jaso zuen[7]. Santa Barbarako Erregeren Ehun Fabrika (Real Fábrica de Paños de Santa Bárbara) izan zen Ezkaraiko ekonomiaren garapenaren arduraduna eta populazioa hirukoiztu egin zuen. Euskaldun ugari, katalanak eta belgiarrak ere iritsi ziren Ezkaraira. 1790 eta 1801 artean Ezkarai Real Sociedad Económica de La Rioja Ilustrazioaren ideiekin sorturiko elkartean sartu zen[8].
Aro garaikidea
XIX. mendean Kataluniako ehungintza industria modernoarekin ezin lehiatu eta gainbehera etorri zen. Iberiar Penintsulako Gerra garaian posizio estrategikoa izateagatik eta industria garrantzitsua izateagatik konfliktoak bete betean harrapatu zuen. Napoleondarren tropak Haron ezarri ziren eta ezkarairi abereak, ehunak, dirua eta bestelakoak eskatu zizkioten. Santo Domingo de la Calzadan ere Suitzako tropak ezarri ziren eta eskaera berak egin zizkioten. Gerra luzatzen hasi zen eta Ezkaraiko udaletxeak lurrak saldu behar izan zituen eskaera guztiei aurre egiteko. Azkenean frantziarren tropak bertan ezarri ziren harik eta 1813an kanporatuak izan ziren arte.
Lehen Karlistaldian ere kalte ugari izan zituen, Negri kondeak herriari setioa ezarri baitzion. Gerra haiek amaitzean ehun fabrikak porrot egin zuen, eta 1845ean itxi behar izan zuten.[9]
XX. mendean turismoak garapen ekonomiko handia ekarri zion, Valdezcarayeski estazioa dela eta bereziki.
Andre Maria Nagusiaren eliza (Iglesia de Santa María la Mayor): XVI. mendekoa, aragoitar gotiko estiloan eraikia. Erretaula ere XVI mendekoa da eta sakristian museo bat du.
Santa Barbara Errege Fabrika: 1752. urtean sortu zen, eta 1773an Errege Konpainia pribilegioa jasotzean Compañía Real de San Carlos y Santa Bárbara de la villa de Ezcaray izena hartu zuen.[9]
Aingeruaren jauregia (XVIII mendekoa)
La Virgen de Allende baseliza
Santa Barbara baseliza
Barroeta jauregia
San Lazaroren gurutzadura
Kultura
Hainbat jaialdi egiten dira Ezkarain:
Las Habas de San Benito: Santa María de Ubagako monjeek Ezkaraiko pobreei babak banatzen zizkiela omentzen den jaialdia da, martxoaren 21ean ospatzen dena.
Las aleluyas: Pazko igandean ospatzen da. Udaletxetik goxokiak eta dirua botatzen da eta haur eta gazteek harrapatu egin behar dituzte.
Santa Barbara jaiak: Santa Barbara baselizara prozesioa egiten da.
San Lorenzo jaiak: Herriko patroiaren jaiak dira, abuztuaren 10ean ospatzen direnak.
Allendeko Andre Mariaren jaiak, irailaren 24ean. La Virgen de Allendeko baselizara prozesioa egiten da.
San Juan eguna.
Herriko kirol taldea Club Deportivo San Lorenzo da. Hirugarren mailan ibili izan den arren gaur egun maila apalagoan jokatzen du.
Ezkaraitar ospetsuak
Antonio Armando García Barrios, Armando Buscarini (1904-1940), idazlea.