Villamediana de IreguaErrioxako udalerria da, 2020an 8.359 biztanle zituena. Logroño hiriburuaren mugakidea da hego-ekialdean.
Geografia
Izena ematen dion Iregua ibaiaren eskuialdeko ertzean kokaturik dago, Alberite eta Logroñoren artean. Hiriburutik 5 kilometro eskasera dago.
Izena
Villa-Metrana izenean du jatorria, Iregua ibaian behera Alberite eta Vareia artean kokaturik zegoen herria izateagatik. 1056ko agiri batean agertzen da aurreneko aldiz gaur egungo "Villamediana" izena idatzita, "Zabeth barba-rubia et Joannes Longo de Villamediana testis"[1].
Historia
Erromatarren garaiko hainbat aztarna aurkitu dira Villamedianako eremuan egin diren hainbat indusketatan[1]. Asentamendu tenplario baten aztarnak er badaude Logroñotik datorren bidean Villamedianako sarreran ezkerretara dagoen muino batean[2].
Erdi Aroko hainbat agiritan aipatzen da herria. 1054. urtean Estefania Foixkoa erreginak Hermesinda Gartzeitz alabari herriaren jabetza eman zion herentzian. 1162. urtean Juberan Pedro Jimenez Cameroseko jaunak Ruete eremua eman zion monasterio bati eta lekukoetako bat Villamedianakoa zen. 1187. urtean Villamedianako lekuko bat agertzen da Aldonza Ruizek (Lope I.a Diaz Harokoaren alargunak) Naldako ondasunak ematen dituen agiri batean[1].
Logroño barneko herrixka bat izanik hainbat istilu izan zituzten hiriaren eta herrixkaren artean, abere lurrak zirela, uren aprobetxamendua zela... 1597ko abenduaren 30ean bake ituna egin bazuten ere istiluek jarraitu zuten eta 1680an Logroñotik banatzea lortu zuen. Ordutik aurrera "aldea" izateari utzi eta "villa" bihurtu zen[1].
XIX. mendean ospitalea eraiki zen Villamedianan. 1.200 biztanle inguru zituen orduan.
Biztanleriaren bilakaera
Logroñoren metropoli eremuaren parte da. XX. mendean zehar 2.000 biztanletik behera izan zuen. 2005 eta 2011 artean etxe ugari eraiki ziren eta logroñotar ugari joan zen Villamedianara bizitzera. Honek aldaketa demografiko nabarmena ekarri zuen eta 2020an 8.000 biztanletik gora zituen, 2001ekoa hirukoiztuz[3].
Ekonomia
Villamedianaren jarduera ekonomiko nagusiak nekazaritza eta abeltzantza izan dira historian zehar. Gaur egun ere badiraute baina industriaren presentzia ere gero eta nabarmenagoa da[4].
Ondasun nabarmenak
Jasokundeko Andre Mariaren eliza: XVI. mendean eraiki zen estilo gotikoan baina izan dituen berriztatzeen ondorioz eragin barrokoak ere nabaritzen zaizkio. 1930. hamarkadan suak erre zuen eta barnealdea betetzeko Soria aldeko eliza utzietatik ekarritako materiala da gaur egun bere patrimonioa[5].
Armarridun etxe ugari daude herrian.
Kultura
Villamedianako jai nagusiak Santa Eufemiaren omenezkoak dira, irailaren 12 eta 16 artean ospatzen direnak. Honetaz gain urtarrilaren 17an San Anton eguna ospatzen dute, otsailaren 5ean Santa Ageda eta maiatzaren 15ean San Isidro, nekazarien eguna[6].