Daniel Gray "Dan" Quillen (Orange, New Jersey, 1940ko ekainaren 22a - Haven Hospice, Florida, 2011ko apirilaren 30a) estatubatuar matematikaria izan zen. Harvard Unibertsitatean ikasi zuen, eta R. Botten zuzendaritzapean jarraitu zuen ikasketekin. Tesia, ekuazio partzial diferentzialei buruzkoa, 1964an aurkeztu zuen. Doktoregoa bukatu ondoren, Massachusettseko Teknologia Institutuan hasi zen lanean. Hurrengo urteetan, unibertsitate ugaritan aritu zen ikerketa-lanean. Grothendieck eta Atiyah matematikarien lana ezagutu zuen Parisen (1968-1969) eta Princetonen, eta haien ildotik jarraitu zuen ikerlanean. Oxfordeko Unibertsitatean ere aritu zen lanean. Ekarpen garrantzitsuenak aljebraren arloan egin zituen Quillenek. Frank Adamsek adierazitako aierua aztertu zuen aljebra geometrikoa eta taldeen teoria erabiliz, eta ikusi zuen bi metodo horiek aierua frogatzeko balio zutela. 1978ko Helsinkiko Nazioarteko Matematikarien Kongresuan, Fields domina jaso zuen, K-teoriaren asmatzaileetako bat izateagatik. Teoria hori, metodo topologiko eta geometrikoak erabiltzen dituena, oso baliagarria izan da aljebrako problema ugari ebazteko, eraztunen teorian eta moduluen teorian, bereziki.
Erreferentziak