Stephen Smale (Flint, Michigan, 1930ekouztailaren 15a) estatubatuar matematikaria da. Michigango Unibertsitatean ikasi zuen, eta doktoregoa Ann Arborren eta R. Botten zuzendaritzapean egin zuen. 1957an aurkeztu zuen tesia. 1956tik 1958ra, Chicagoko Unibertsitatean aritu zen, eta, hurrengo urteetan, Princetoneko Ikerketa Aurreratuetako Institutuan eta Rio de Janeiroko Matematika Huts eta Aplikatuetako Institutuan, beka bati esker. 1960an, Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitateko irakasle laguntzaile izendatu zuten. 1995ean, postu hura utzita, Hong Kong Hiriko Unibertsitatera joan zen. Moskuko Matematikarien Nazioarteko Kongresuan (1966) Fields domina eman zioten. Poincaréren aieruan eta sistema dinamikoetan egin zituen Smalek ekarpenik garrantzitsuenak. Hala ere, 1970eko hamarkadan, ekonomia aztertzen hasi zen, topologia eta dinamika erabiliz. Gaur egun, ordenagailuen zientzia teorikoa aztertzen ari da. Horretarako, Turingen makinak eta zenbakizko analisia erabili ditu. Fields dominaz gainera, Geometriako Veblen saria jaso zuen 1966an Amerikako Elkarte Matematikoaren eskutik. 2007an, Matematikako Wolf saria eman zioten.