Efim Isaakovitx Zelmanov (errusieraz: Ефи́м Исаа́кович Зе́льманов; Khabarovsk, 1955eko irailaren 7a) errusiar matematikaria da.
Novosibirskeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. 1980an bukatu zuen doktoregoa; tesia aljebra ez-elkarkorrari buruz egin zuen. Lan honek aldaketa handiak eragin zituen Jordanen aljebren arloan, emaitza garrantzitsu asko orokortu baitzituen.
1980an Ikertzaile Gazte hautatu zuten Novosibirskeko Errusiako Zientzietako Akademiako Matematika Institutuan; hurrengo urteetan beste zenbait kargu izan zituen unibertsitate horretan bertan.
1987an Lie aljebren teorian emaitzarik gabe zeuden problemetako bat ebatzi zuen. 1990ean Estatu Batuetako Wisconsin-Madisoneko Unibertsitateko irakasle hautatu zuten, eta han egon zen 1994an Chicagoko Unibertsitatera joan zen arte. 1995. urtea Yale Unibertsitatean eman zuen.
1991n talde teoriako emaitza garrantzitsuenetariko bat frogatu zuen, Burnsideren problema hain zuzen ere. Lan horri esker, 1994ko Zuricheko Matematikarien Nazioarteko Kongresuan Fields domina irabazi zuen. Burnsideren problema XX. mendeko talde teoriaren ikertzaile guztiek aztertu dute, besteak beste, Burnsidek, Golodek, Novikovek eta Adianek, Hallek eta Higmanek.
Fields dominaz gainera, Zelmanovek Collège de France domina (1992) eta Andre Aizenstadt saria ere (1996) jaso ditu. 2002. urtean, Kaliforniako unibertsitateko irakaslea izan zen.
Erreferentziak