Jean-Christophe Yoccoz (Paris, 1957ko maiatzaren 29a - ib., 2016ko irailaren 3a) frantses matematikaria izan zen. École Normale Supérieur eta Eskola Politeknikoan sartzea lortu zuen 1975ean. M. Hermanen zuzendaritzapean egin zuen doktorego-tesia, eta 1985ean aurkeztu zuen. Herman lehen mailako aditua zen sistema dinamikoetan. Haren eraginez, Yoccoz bera ere arlo horretako ikertzaile onenetako bat bihurtu zen. Tesian, froga errazagoen bidez hobetu zituen Hermanen teoremak. Paris-Sudeko Unibertsitateko (Orsay) irakasle hautatu zuten, eta Frantziako Institutu Unibertsitarioko kide izan zen. 1994ko Zuricheko Matematikarien Nazioarteko Kongresuan, Fields domina eman zioten sistema dinamikoetan egindako lanagatik. Teoria hori matematikari askok aztertu dute Yoccozez gainera, besteak beste, Arnold, Fatou, Herman, Julia, Kolmogorov, Palis, Siegel eta Smalek. Yoccozek geometria, analisia eta konbinatoria erabiltzen ditu ikerketetan. Gaur egun, irakaslea da Collège de Francen eta Paris-Sud 11 Unibertsitatean (Orsayko Matematika Saileko Topologia eta Dinamica taldean).
Erreferentziak