Vladimir Gershonovitx Drinfeld (errusieraz: Влади́мир Гершо́нович Дри́нфельд, ukraineraz: Володимир Гершонович Дрінфельд; Kharkov, Ukraina, 1954ko otsailaren 14a) ukrainar matematikaria da. Moskuko Unibertsitatean ikasi zuen 1969tik 1974ra. 1974an graduatu zen, eta unibertsitatean jarraitu zuen ikerlanean, Juri Ivanovitx Maninen zuzendaritzapean. Ikasketak 1977an bukatu zituen, eta 1978an hautagai-tesia defendatu zuen Moskuko Unibertsitatean. Doktorego-tesia 1988an aurkeztu zuen, Moskuko Steklov Institutuan. 1981az geroztik, Ukrainako Zientzien Akademiaren Tenperatura Apaleko Fisikaren eta Ingeniaritzaren B. Verkin Institutuan dihardu lanean. 1990eko abuztuan, Fields domina jaso zuen Kyotoko Matematikarien Nazioarteko Kongresuan (Japonian), kuantu-taldeetan eta zenbakien teorian egindako lanarengatik. Drinfeldek fisikarekin zerikusia duten problema matematikoak landu ditu, kuantu-taldeak, bereziki. Matematikari egindako ekarpenik garrantzitsuenak Langlands aieruaren frogatzea eta kuantu-taldeen teoriari buruz egindako lana dira. 1992an, Ukrainako Zientzietako Akademiako kide hautatu zuten.
Erreferentziak