Añanako kuadrillaAraba osatzen duten zazpi kuadrilla edo eskualde administratiboetako bat da, probintziako hegomendebaldean kokatuta dagoena. Ebro ibaiaren inguruko zenbait haranek osatua da, eta "Arabako Ibarrak" izena ere hartzen du. Eskualdeko administrazio erakundeak Ribabellosan (Erriberabeitia) daude, nahiz eta biztanle gehien dituen udalerria Iruña Oka den.
Añanako kuadrilla 1840. urtean sortu zen. Garai hartararte, kuadrillako udalerriak Gasteizko kuadrillan barna zeuden. Gaur egun, oso gutxi populatutako eskualdea da, 700 km2 inguruko azalera batean 8.700 biztanle inguru bizi direlarik (12,49 biz/km2).
Valderejoko natura parkea eskualde honetan kokatuta dago eta zonalde honetako ondare natural ikusgarria da, Vallegrull mendia (1.226 m) tontor nagusia duelarik.
Kultura
Ondarea
Erromatar Inperioaren sasoiko Iruña-Veleiako aztarnategia nabarmentzekoa da, Iruña Oka udalerrian kokatutakoa. Bertan euskarazko idazkunak topatu zituztela iragarri zuten, inoizko zaharrenak izango zirenak, baina aditu batzorde batek faltsutzat hartu zituzten azkenean 2008an.
Ondare erromanikoa azpimarratzekoa da, eliza hauek eskualdean daudelarik: Tuestako Jasokundearen Andra Marirena, Karkamoko San Joanena eta Toberako Andra Marirena.
Hala ere, 1995ean antolatu zuten lehenenengo aldiz "Euskara Añanan" izeneko festa eta aldarrikatzeko eguna, eta urtero udalerri bat jardunaldi honetaz arduratzen da. Ikastolarik eza eta biztanleen zahartzea bi oztopo nagusien artean daude eskualdean euskal hiztunak irabazi eta pizteko, antolatzaileen iritziz.