Zazpiko errugbiak eta hamabostekoak araudi orokorra eta zelaiaren neurriak partekatzen dituzte, ezberdintasun honekin: hamabostekoak 80 minutu irauten ditu, eta zazpikoa zazpi minutuko bi zatik osatzen dute, tartean bi minutuko atsedenarekin. Zazpiko errugbia hamabostekoaren zelai berean baina jokalarien erdiarekin jokatzen denez, eskaera fisiologikoa altuagoa da, erasorako zein defentsarako espazioak handiagoak baitira eta alderdi hauek errugbiaren aldaera honi bizkortasuna, bizitasuna eta emozioa ematen dizkiote.
Zazpiko errugbia, hamabostekoa legez, World Rugbyk (WR) zuzentzen du eta Serie izeneko txapelketa nagusiak antolatzen ditu, Grand Prix formatuan mundu guztian zehar jokatzen diren selekzioen arteko txapelketekin, HSBC Sevens World Series eta World Rugby Women's Sevens Series hain zuzen. Serie hauek Joko Olinpikoetarako sailkapen-txartela ematen dute eta gainera, Munduko Txapelketetako kanporaketak zehazteko oinarri gisa ere balio du.
Jatorria eta garapena
Zazpiko errugbia orain dela 130 urte baino gehiago sortu zen, 1883an, Eskoziako Borders konderriko Melrose herrian. 1883an, Eskoziako Errugbi Batasunak soilik 10 urte zituen eta Melrose Rugby Football Club indartsua kolokan zegoen bere finantza-arazoengatik. Dirua biltzeko asmoz, klubak Kirol Egun bat antolatzea erabaki zuen denboraldia ixteko. Kirol Egun hau antolatzen zeudela, Ned Haig eta David Sanderson harakin eta errugbilariek errugbiko taldeen jokalari kopurua hamabostetik zazpira murriztea (hiru aurrelari, erdilari bi eta atzelari bi) eta 15 minutuko partidak jokatzea proposatu zuten, erabaki honek etorkizunean izango zuen garrantzia kontuan hartu gabe. Zazpiko errugbiko txapelketa ospatzea aho batez adostu zen eta Borders konderriko zazpi klubek parte hartu zuten: Gala, Selkirk, St. Cuthbert's Hawick, Earlston, Melrose, Gala Forest eta St. Ronan's Innerleithen.
Historiako zazpiko errugbiko lehen txapelketaren finala Gala eta Melrose klubek jokatu zuten 1883ko apirilaren 28an Greenyards zelaian eta Melrosek irabazi zuen luzapenean, Sanderson kapitainaren garaipen-entseguari esker, honekin partidari amaiera eman baizitzaion.
Ladies Cup deituriko txapelketa hau izan zen beraz zazpiko errugbiaren garapenaren abiapuntua. Hurrengo urteetan, aurretik aipaturiko taldeak, haien txapelketa propioak antolatzen hasi ziren eta horrez gain, zazpiko errugbia denboraldi-aurrean zein bukaeran jokatzen hasi zen, Borders konderritik Ingalaterrara eta Buenos Airesera iristea lortuz, North Shields Sevens eta Buenos Aires Football Club-ek antolatutako txapelketekin, hurrenez hurren. Zazpiko errugbiaren hedapen- eta garapen-prozesuaren parte izan ziren Middlesex Sevens eta Rosslyn Park Sevens txapelketak. Txapelketa ezagun hauek 1926an eta 1939an jokatu ziren lehen aldiz, hurrenez hurren, eta bigarrena munduko talde gehien batzen dituen zazpiko errugbiko txapelketa da .
Hauen atzetik etorri zen, 1972an, historiako zazpiko errugbiko nazioarteko lehen txapelketa, SRU Centenary Sevens deiturikoa. Izenak dioen bezala, Eskoziako Errugbi Batasunak antolatu zuen bere mendeurrena ospatzeko, eta Ingalaterrak irabazi zuen Irlanda garaitu ostean Murrayfield zelaian. Finalistez gain, lehen nazioarteko txapelketa horretan izan ziren ere Eskozia bera, Gales, Zeelanda Berria, Australia, Frantzia eta Barbarian errugbi taldea.
SRU Centenary Sevensen ostean etorri zen zazpiko errugbiaren azkenaurreko aurrerapausoa: Hong Kong. 1972ko arrakasta ikusita, lau urte geroago antolatu zen lehendabiziko zazpiko errugbiko lehiaketa erregularra, Hong Kong Sevens, egungo Munduko Serieen aitzindaria izango zena, eta gaur egun oraindik HSBC World Rugby Sevens Series barruan dagoena.
Zazpiko errugbia nazioartean finkatuta, 1993an jokatu zen lehendabiziko Munduko Txapelketa (RWC Sevens) Edinburghen eta lau urte geroago, 1997an, bigarrenak Hong Kong izan zuen egoitza bezala.
Kirol gehienetan bezala, Munduko Txapelketa lau urtetik behin ospatzea erabaki zuen egun World Rugby legez ezagutzen dugun International Rugby Board-ek, baina urtero jokatuko zen lehiaketa bat ere sortu zuen 1999an: egun HSBC Sevens World Series gisa ezagutzen dugun IRB Sevens World Series edo Munduko Serieak.
Zazpiko errugbiak hamabosteko errugbiaren Jokoaren Legeak errespetatzen eta betetzen ditu, honako aldaera hauekin:
3. Legea: Jokalari kopurua - Taldea
Talde bakoitzak ez ditu izango zazpi jokalari baino gehiago joko-eremuan.
Talde bakoitzak bost aldaketa izenda eta gauza ditzake.
5. Legea: Denbora
Partida batek 14 minutu eta luzapena irauten ditu, 7 minutuko zati bitan banatuta. Berdindutako partidetan berdinketa hausteko denbora gehigarria jokatzen da, minutu bateko atsedenaren ostean, bost minutuko zatiak jokatzen dira. Zati gehigarriak bukatzean, taldeek zelaiaren aldeak aldatzen dituzte atsedenik gabe.
Final batek 20 minutu iraun dezake, 10 minutuko zati bitan banatuta, eta ohiko partidetan bezala luzapena eta denbora gehigarria izan ditzake.
Zati bien arteko atsedenaldia minutu bikoa izaten da.
6. Legea: Partidako ofizialak
Zazpiko errugbian in-goal edo hageetako epaileak egongo dira.
8. Legea: Puntuak markatzeko modua
Entsegu bat egitean, taldeak eskubidea du entsegu-gauzatze bat edo transformazio bat egiten saiatzeko drop edo punpa-lasterreko ostiko baten bitartez.
Entsegua lortzen denetik, punpa-lasterreko ostikoa gauzatzeko joko-denborako 30 segundo izango ditu.
Denbora gehigarrian puntuak eskuratzen dituen lehen taldea izango da irabazlea, jokoarekin jarraitu gabe.
9. Legea: Joko zikina
Jokalari bati kargu hartu eta minutu biko zigorra jasotzen duenean epaileak txartel horia erakutsiko dio jokalari horri. Geroago jokalari berak txartel horia merezi duen beste arau-hauste bat gauzatzen badu, jokalaria kanporatua izango da.
12. Legea: Irteera zelai-erditik eta jokoa berrabiarazteko ostikoak
Talde batek puntuak eskuratu ostean, talde berak berrabiaraziko du jokoa zelai-erditik edo atzeragotik punpa-lasterreko ostiko baten bitartez. Jokoa berrabiarazteko ostikoa gauzatzeko 30 segundo izango ditu.
19. Legea: Scrum
Taldeak scrum edo uztartzea osatzeko prest egon behar dira 15 segundotan.
Scrum edo uztartzea talde bakoitzeko hiru jokalarik osatuko dute. Hirurak elkarri helduta egon behar dira uztartzea bukatu arte.
Scrum edo uztartzea bukatutzat emango da pilota taldeko uztartze-erdilariak jokatzen duenean.
20. Legea: Penaltiak eta kolpe frankoak
Penaltiak edota kolpe frankoak ostikatzeko, ostikolariak airez edo punpa-lasterrean jo dezake pilota, baina ez lurretik.
Postu espezifikoak zazpiko errugbian
Zazpiko errugbia txapelketa laburretan jokatu ohi da eta, partidan zehar, ezinbestekoa da joko postuak moldatzea, jokalari kopuru murriztuaren ondorioz. Hori dela eta, 15 eta 7ko errugbiko postuak nahiko ezberdinak izaten dira. 15eko errugbian 8 aurrelari eta 7 atzelari dauden bitartean, 7koan 3 aurrelari eta 4 atzelarik jokatzen dute. Aurrelariak ezkerreko harroina, orpokatzailea eta eskuineko harroina izango dira, eta atzelariak, berriz, uztartze erdilaria, zabaltzailea, erdikoa eta hegalekoa.
Txapelketa garrantzitsuenak
HSBC World Rugby Sevens Series
World Rugby Sevens Series urtero antolatzen den nazioarteko zazpiko errugbi txapelketa bat da. Lehiaketa hau mundu osoan zehar egiten diren txapelketek osatzen dute, non gizonezkoen eta emakumezkoen selekzio nazionalak txapelketa horietako bakoitzean sailkapen orokorrerako puntuak lortzeko lehiatzen diren[2]. Ekitaldi guztietan pilatutako puntuen arabera, denboraldiaren amaieran talde garaile bat zehazten da, gizonezko zein emakumezkoentzat.
World Rugby Sevens Series Munduko Errugbi Txapelketa lehen aldiz 1999/2000 denboraldian burutu zen, IRB World Sevens Series gisa antolatua. Lehiaketaren helburuak nazioarteko zazpiko errugbiaren maila elitista sustatzea eta jokoa produktu komertzial bideragarri bihurtzea izan ziren.10 txapelketek osatzen dute denboraldi zirkuitua, eta azaroan edo abenduan hasita, maiatzera arte irauten dute. Txapelketa hauek 10 herrialde ezberdinetan jokatzen dira, sei kontinenteetatik bostetan. Arabiar Emirerri Batuek, Hegoafrikak, Australiak, Zeelanda Berriak, Estatu Batuek, Kanadak, Hong Kongek, Singapurrek, Frantziak eta Ingalaterrak ekitaldi bana antolatzen dute.
World Rugby Sevens Women's Series serieen kasuan, lehiaketaren bilakaera modu ezberdinean gertatu da, izan ere, emakumezkoen lehen txapelketa 2012/2013 denboraldian jokatu zen. Horrez gain, emakumezkoek denboraldi bakoitzean 10 txapelketa jokatu ordez, 7 txapelketetan hartzen dute parte [3].
Gizonezko lehiaketaren kasuan, txapelketa bakoitzeko garaileari lehiaketa orokorreko sailkapenerako 22 puntu ematen zaizkio, 2. postutik aurrera, 19, 17, 15, 13, 12, 11, 10, 9, 8, 7, 6, 5, 4, 3, 2, 1 banatuz, hurrenez hurren. Emakumezkoen kasuan, ordea, talde gutxiago izanik, puntu banaketa modu ezberdinean egiten da, garaileari 20 puntu emanez eta 2. sailkatutik aurrera 18, 16, 14, 12, 10, 8, 6, 4, 3, 2, 1 puntu lortuz azken posizioaren arabera.
Partaideak
HSBC World Rugby Men’s Sevens Series
World Rugby Men’s Sevens Series-en kasuan, 16 taldek hartzen dute parte txapelketa bakoitzean, hauetariko 15 talde finkoak izanik (15 taldek txapelketa guztietan hartzen baitute parte) [3]. Txapelketa bakoitzeko 16. taldea, talde gonbidatua izaten da, lehiaketa erregionalean sailkatzea lortu duen taldea hain zuzen. 2024. urtetik aurrera, ordea, txapelketa bakoitzeko taldeen kopurua 16tik 12ra jaitsiko da, emakumezkoen talde kopuruarekin eta formatu olinpikoarekin bat egiteko[4].
Denboraldi bakoitzean lehiaketan parte hartzen duten talde garrantzitsuenak zehazteko, 10. txapelketaren osteko sailkapenari begiratu behar zaio. Izan ere, 15. postuan geratu den taldea, zuzenean mailaz jaitsiko da, World Rugby Sevens Challenger Series-era. 12., 13. eta 14. postuetan geratzen diren taldeek ordea, txapelketa txiki bat jokatuko dute haien artean, World Rugby Sevens Challenger Series-eko garailearekin batera. Txapelketa honetan lehen bi postuetan sailkatutako taldeek haien artean finala jokatuko dute, eta garaileak talde finkoen 12. postua lortuko du, 3 galtzaileak mailaz jaisten diren bitartean.
HSBC World Rugby Women’s Sevens Series
Emakumezkoen kasuan, lehiaketa sortu zenetik 12 taldek hartzen dute parte txapelketa bakoitzean. 11 talde dira lehiaketaren txapelketa guztiak jokatzen dituztenak eta kasu honetan ere, txapelketa bakoitzeko 12. taldea talde gonbidatua izaten da, lehiaketa erregionaletan sailkatzea lortu duen taldeetako bat, hain zuzen[5].
Txapelketa hau urtero ospatzen den zazpiko errugbi lehiaketa garrantzitsuena da. Izan ere, bertan, talde internazional hoberenek hartzen dute parte, eta hori gutxi balitz, txapelketa honek errugbiaren historian garrantzi handia izan duten herrialde eta zelaiak biltzen ditu, hala nola, Cape Town Stadium, Twickenham eta FMG Stadium Waikato zelaiak. Guzti honek, txapelketaren ikusgarritasuna areagotzen du eta urtetik urtera txapelketak maila internazionalean duen oihartzuna handitzea laguntzen du, bereziki zazpiko errugbia kirol olinpiko bilakatu zenetik.
Horrez gain, lehiaketa honek 4 urtez behin jokatzen diren txapelketarako sailkatze gune bezala ere balio du. Joko Olinpikoak jokatzen diren urteetan, sailkapeneko lehen 4 taldeek txapelketa hauetarako zuzeneko sailkapena lortzen dute, eta hau zazpiko errugbiko lehiaketa garrantzitsuenetarikoa izanik, lehiaketa honek berebiziko garrantzia hartzen du, modalitate honetako jokalari hoberenak bertan biltzea bultzatuz. Honez gain, Munduko Txapelketako kanporaketak zehazteko ere, lehiaketa hauetako sailkapena begiratzen da, beraz, lehiaketa honek ere Munduko Txapelketarekin zuzeneko erlazioa dauka[7].
Joko Olinpikoak
Zazpiko errugbia, 2016an sartu zen lehen aldiz Joko Olinpikoen programan eta bertan sartu zenetik, lehiaketaren egitura egonkor mantendu da, 12 taldeko txapelketak jokatuz gizonezkoen zein emakumezkoen kasuan, eta 288 jokalari bilduz guztira (12 jokalariko taldeak dira). Joiko Olinpikoa mundu mailako txapelketa garrantzitsuena da, Munduko Txapelketarekin batera, 4 urtez behin jokatzen den lehiaketa bakarrak baita. 2024ko Joko Olinpikoen kasuan, gainera, zazpiko errugbia izango da ospakizun hau irekiko duen kiroletako bat: irekiera zeremonia baino bi egun lehenago hasiko da jokatzen eta dominak irekiera ospakizunaren hurrengo egunean jada erabakita egongo dira[8].
Nola hautatzen dira parte hartuko duten taldeak?
Joko Olinpikoak ospatzen diren lurraldeko taldeari, zuzeneko sailkapena ematen zaio, gainontzeko kirol modalitate guztietan gertatzen den bezala. Beraz 2024 Jokoak Parisen izanik, Frantziako selekzioaren 2 taldeek jada bermatuta dute haien parte hartzea. Beste talde guztientzat, sailkapen prozesua oso antzekoa izaten da gizonezkoen zein emakumezkoen kasuan.
Lehenik, gizonezkoen zein emakumezkoen World Rugby Sevens Series lehiaketan lehen 4 postuetan sailkatzen diren taldeek, zuzeneko sailkapena eskuratuko dute. Baina hau ez da izango taldeek sailkatzeko duten aukera bakarra, izan ere, World Rugby-ko Elkarte Erregional bakoitzak sailkatze txapelketa bat antolatzen du, eta txapelketa hauetako talde garaileek ere sailkapena eskuratzen dute. 6 Elkarte Erregional egonik, 6 taldek lortuko dute sailkapen hau, kontinente bakoitzeko ordezkari bat lortuz. Amerikaren desberdina da, Ipar eta Hego AmerikarenElkarte Erregionalak ez baitira berdinak. Beraz, Amerikan, 2 talde sailkatuko dira, bat Hego Amerikaren ordezkari bezala eta bestea Ipar Amerikaren ordezkari gisa.
Prozesu guzti honen ostean, 12 taldeetatik 11 jada zehaztuta daude. Azken plaza hori eskuratzeko, Elkarte Erregional bakoitzaren txapelketan 2. eta 3. postuan geratu diren taldeek beste txapelketa bat jokatuko dute, 12 taldeko txapelketa bat osatuz. Txapelketa honetan gailentzea lortzen duen taldeak, Joko Olinpikoetan parte hartzeko eskubidea lortuko du.
Munduko Txapelketa
Zazpiko ErrugbiaJoko Olinpikoetan sartu arte, Munduko Txapelketa zen mundu mailan garrantzia handiena zuen lehiaketa1993. urtean lehen edizioa jokatu zenetik. Hala ere, emakumezkoen kasuan, lehen Munduko Txapelketa ez zen 2009. urtera arte jokatu. Joko Olinpikoetan ez bezala, gizonezko eta emakumezkoen talde kopurua ezberdina da, Gizonezkoen Munduko Txapelketan 24 taldek hartzen baitute parte eta emakumezkoen kasuan, berriz, 16 taldek soilik. Hala ere, txapelketa honek baditu Joko Olinpikoekin antzekotasunak, txapelketaren hasieratik partida bakarrera jokatuko diren zuzeneko buruz-burukoak jokatzen baitira, non talde galtzailea zuzenean txapelketatik kanpo geratuko den eta irabazlea hurrengo fasera sailkatuko den, talde bakarra geratu arte[9].
Nola hautatzen dira parte hartuko duten taldeak?
Munduko Txapelketaren kasuan, sailkapen prozesua ezberdina izaten da. Gizonezkoen kasuan, aurreko Munduko Txapelketako 8 talde hoberenek zuzenean lortzen dute berriro txapelketa honetan parte hartzeko eskubidea, eta emakumeen kasuan, 4 talde hoberenek. Behin talde hauek zehaztuta, sailkapena lortu ez duten beste taldeek Elkarte Erregionalek antolaturiko txapelketetan jarduten dute oraindik eskuragarri dauden postuak lortzeko.
Gizonezkoen kasuan, txapelketa erregionaletan 15 taldek lor dezakete sailkapena, txapelketa jokatzen den herrialdeko taldea zuzenean sailkatzen baita. Behin 24 taldeak zehaztuta, HSBC World Rugby Men´s Series lehiaketan lortutako puntuaketaren arabera sailkatzen dira 1etik 24ra. Munduko Txapelketari hasiera emateko. 9.etik 24. postura sailkaturiko taldeek, haien artean aurre kanporaketa bat jokatzen dute, ondoren lehen 8 postuetan sailkaturiko taldeen aurka jokatzeko. Emakumeek, prozedura berdina jarraitzen da, eta Txapelketa Erregionalen bidez sailkatzea lortu duten 11 taldeak eta aurretik sailkaturik zeuden 5 taldeen ordena zehazten da HSBC World Rugby Women´s Series lehiaketan lortutako puntuaketaren arabera, Munduko Txapelketaren taula zehaztu ahal izateko. Emakumeen kasuan, talde guztiek jokatu beharko dute lehen kanporaketa hau[10].
Zazpiko errugbia olinpiko izendatzeak aldaera hau indarberritu du, eta olatu olinpikoaren bultzada aprobetxatuz Euskadiko Errugbi Federazioazazpiko errugbia sustatzen dabil azkenengo urteotan, gizonezkoetan zein emakumezkoetan. Izan ere, zazpiko errugbia aukera ona bihurtu da Euskal Herria nazioartean ordezkatzeko eta selekzio ofizial gisa aldarrikatzeko, eta hala egin du Paris, Amsterdam edota Erromako txapelketetan. Hain zuzen ere, Italiako hiriburuan ospatu zen Roma Sevens2018 txapelketan Brontzezko Kopa lortu zuten Euskadiko gizonezkoen zein emakumezkoen selekzioek 2018ko ekainean.
2022. urteko denboraldiko zazpiko errugbiaren Erreginaren Kopa Eibarren jokatu zen, Euskal errugbiak zazpiko errugbiaren garapena bultzatzeko egin duen apustuaren fruituak jasoz[11]. Badira, gainera, Espainiako selekzioarekin Munduko Txapelketa eta Joko Olinpikoak jokatu dituzten euskal jokalariak, Amaia eta Lide Erbina ordiziarrak, esaterako[12].