Wilderren Some Like It Hot film arrakastatsu eta entzutetsuaren ondorengoa izan zen, eta hark adinako arrakasta komertzial eta kritikoa lortu zuen: zinematokietan 25 milioi dolar jaso eta film onenaren Oscar saria irabazi zuen. Marilyn Monroek, Some Like It Hot filmean Wilder eta Lemonekin lan egin ostean, The Apartment-en ere agertu nahi izan zuen, baina azkenean ez zuen beretzako paperik eskuratu ahal izan.
Argumentua
Oharra:Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
C.C. Baxter (Jack Lemmon) Manhattango aseguru konpainia handi bateko langile apal baina handigura da. Ezkongabea, bakarrik bizi da apartamentu xume batean. Lantokian postu hobeagoetara iristeko itxaropenez, bizilekua nagusiei lagatzen die, euren maitaleekin egoteko amodio leku gisa; maiz haien sexu topaketak amaitu arte kalean zain egon ohi da. Baxterrek enpresako igoigailuko emakume langilea ezagutu (Shirley MacLaine) eta hartaz maitemintzean egoera guztiz aldatuko da. Hala ere, Baxter xaloak ez dakiena da neska gaztea bere nagusi gonazalearen (Fred MacMurray) maitale berria dela...
Estiloa
Billy Wilderek teknika xumea eta argumentu korapilatsuaz osatutako zinema egin ohi zuen. Izan ere, argumentua xehetasun, asmo eta irrika handiz osaturik dago. Inoren alde jartzen ez den narratzaile orojakile batek kontatzen digu ia film osoa; lehenbiziko eszenan, ordea, Jack Lemmon aktorearen ahotsak bere pertsonaia, haren bizitza eta haren arazo txikia aurkezten dizkigu.