Antzerkian egin zituen aurreneko lanak eta 1944an MGM etxearekin zinemarako lehen filma osatu zuen. MGMkoek ez zioten etorkizun handirik ikusten eta 1946an aktorearekin zuten kontratua RKO Studiosi saldu zioten. Zinema poliziakoan egin zituen hainbat saio eta 1947an Oscar sarietarako izendapena lortu zuen Crossfire filmean egindako lanagatik. Oscarra 1952an eskuratu zuen The Bad and the Beautiful lanean egindako antzezpenagatik. Urte horietan biribildu zituen Gloriak lan onenak: Sudden Fear (1952), Human Desire (1953),The Big Heat (1953), eta Oklahoma! (1955). Hortik aurrera aktorearen ibilbideak ez zuen lan nabarmenik eskaini, nahiz eta antzerkian gogotsu jarraitu. Aldian-aldian zineman eta telebistan agertu zen. 1980an sabeleko minbizia antzeman zioten; lana laga beharrean Ingalaterrara antzerkian jardutera joan zen, etsi nahi ez zuen eta. Alferrik, ordea, handik urte betera hil baitzen.