Gerra-komunismo

Gerra-komunismo
Map
Motapolitika publiko
Denbora-tarte1918ko ekaina - 1921eko martxoaren 21a
KokalekuErrusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboa
HerrialdeaErrusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboa
Gerra-komunismoko errefuxiatuak 1921ko urtarrilaren 5ean.

Gerra komunismoa desagertutako inperio errusiarreren lurraldeetan Errusiako gerra zibilean ezarritako sistema politiko eta ekonomikoa izan zen.

Sobietar historiografiaren arabera, gobernatzen zegoen administrazio boltxebikeak hiriak eta armada gorria janariz eta armaz hornitu ahal izateko ezarri zuen politika hau, egoerak neurri ekonomiko berriak eskatzen baitzituen gerra zibilak merkatu kapitalistaren hutsuneak azaleratzen zituen bitartean[1].

Gerra komunismoa 1918ko ekainean hasi zen, Veshenkak, hau da, ekonomia kontseilu gorenak ezarrita. 1921eko martxoaren 21ean amaitu zen, 1928ra arte iraun zuen politika ekonomiko berriaren hasierarekin.

Aurrekariak

Gobernu boltxebikeak nekazaritzako produktuez hornitzeko arazo larriak zituen, Errusiar iraultza, kontrairaultzaren erreakzio eta behin behineko gobernuak eragindako ezegonkortasunaren ondorioz.

1916 eta 1917ko hasieran gertatu zen elikadura krisiaren une kritikoena. Nekazariek egindako aleen erretentzioak eragin zuen hau, merkatu libreko mekanismoa suntsitua zegoela ikusi baitzuten.

Gerra handian hiru urtez borrokan egon ondoren, nekazari asko basoetan errefuxiatu ziren derrigorrezko erreklutamendua saihesteko. Asko fusilatuak izan ziren edo beraien senideak bahituak izan ziren euren ezkutalekuetatik ateratzera derrigortzeko.

1918an Ukraina, Ipar Kaukaso, Uralak eta mendebaldeko Siberiako eskualdeak Armada Zuriaren menpean zeuden. Eskualde hauek 1916an bildutako aleen %60 baino gehiago ekoizten zuten, horrek eskasi gehiago suposatu zuen.

Gobernu sobietarrak kontraste handiko industria-egitura heredatu zuen: oso kontzentratuta zeuden industria handiaren adar batzuk, industria txikiak ordea oso sakabanatuak zeuden.

Badira politika eta mugimendu soziopolitiko batzuk gerrako komunismoan ezarritako politiken oinarria eta jarraipena azaltzeko balio dutenak:

  • 1917ko martxoa: Estatuko nekazaritza-monopolioa ezarri zuen behin-behineko Gobernuak[1].
  • Otsaileko Iraultzaren ondoren, neurri batean berez, neurri batean boltxebikeek bultzatuta, fabrika-planten eroanbidea beren gain hartu zuten langile-batzordeak ugaritu ziren, horien ekoizpen-bolumena erori egin baitzen. Beherakada hori faktoreen konbinazio batetik atera zen: lehengaiak eta erregaiak lortzea zaila zen, eta langileen diziplina txikiagoa zen, ezegonkortasun politiko eta administratiboagatik.
  • Ekaina: Ukrainari eskualde-autonomia ematea proposatzen da[2].
  • Urria: bakeari, lurrari eta prentsari buruzko dekretuak aldarrikatzen dira[2].
  • Azaroak 8: Lurrari buruzko Dekretua aldarrikatu zen. Honek legearen aurrean jabetza pribatua ezeztatzen du; monarkiaren eta kleroaren lurrak eta ondasunak nekazarien artean konfiskatzea eta birbanatzea baimentzen du; lurrak desjabetuen artean birkokatzeko eta banatzeko planak esleitzen ditu; eta Errusiako estatu iraultzaileari baliabide mineralen eta lurraldearen orografiaren jabetza ematen dio.
  • Otsailak 19: Lurra Sozializatzeko Oinarrizko Legea idazten da[3]. Dokumentu honetan legezko oinarria ematen da: lurra lantzen duena izan dadila lurra erein eta erabiltzeko eskubidea duena; lurra lantzeko eskubidea edonorentzat izan dadila, sexua, nazionalitatea edo arraza edozein izanik ere; osasun- edo zahartzaro-arrazoiren batengatik lan egin ezin duenak Estatuaren arreta jasotzea; lurreko baliabideen administrazioa sobietek administratzea; soberakina Estatuari ematea; eta Estatuak, bere toki-erakundeetan, nekazaritza sustatzea eta hobekuntza tekniko, teknologiko eta zientifikoak ezartzea.[2]
  • Ekaina: gobernu sozial-iraultzaile baten eraketa Samaran. Baserritar pobreen batzordeei buruzko dekretua. Kanpaina bat egin zen eskala handiko hainbat industria nazionalizatzeko, gerra zibilak fabriketan eta larrialdietan planteatutako anarkia gero eta handiagoari erantzuteko. Hala ere, nazionalizazioak arazoak izan zituen industria txiki eta ertainek handiekiko zuten mendekotasunaren ondorioz.
  • Uda: produkzioko funtsezko eskualdeetan kokatutako nekazariek bildutako aleen soberakina manufakturatutako ondasunen truke entregatu behar zutela dekretatu zen. Soberakina eman zuten nekazariek bakarrik erabili ahal izango zituzten estatuko errotak[1].
  • Uda amaiera: nekazarien eta boltxebikeen agintarien arteko tirabirak itzuli ziren, nekazariak eta zaldiak Armada Gorrira bideratzearen ondorioz[1].
  • Urte berean, "Nekazaritza-iraultza" deiturikoa gauzatu zen, hau da, laborantzarako lurra birbanatzea, nekazari pobreen eskuetara pasatzeko. Nekazaritza Iraultzak landa-eremuko gainpopulazioak eragindako eskasia konpontzeari huts egin zion, eta, gainera, landa-eremua lehengoratu zuen, bere metodo ez-eraginkorrekin[1].

Politika

Garaiko gobernua

Garaiko gobernua Gobernu Boltxebikea zen. Politika guztiz komunista bat ezarri zen herrialdean, Vladimir Leninen ideiak oinarritzat hartuz. Zuzendaritza Ekonomikoa Ekonomia Kontseilu Gorenaren[4] (Vesenja,VSNJ) esku egon zen. Erregimen totalitarista eta zapaltzailea izan zen.[2]

Hauek izan ziren Boltxebikeek hartutako neurri batzuk, gosearekin amaitzeko eta Errusiaren indar militarra (Armada Gorria) hazteko helburuarekin:

  • Elikagaiak banatzeko plana: nekazaritzak sortutako soberakinen aprobetxamendua ezarri zen, populazioaren artean bana zedin. Iraultzak aurrera egin ahala, sistema horrek bilakaera bat izan zuen: eskualde edo komunitate bakoitzak garia eta beste produktu batzuk nahitaez Estatuari emateko egutegi programatuak sortu ziren.
  • Azpiegituren eta komunikazioaren kontrola: Banaketa eta distribuzio garraiobideen kontrol handia ezarri zen eta trenbideak eta telegrafoak mugatuak izan ziren modu ofizialean.
  • Militarizazioa: Estatuak milizia batzuei eta alderdi komunistaren aldeko taldeei herritarrak kontrolatzeko eta menderatzeko botereak eman zizkien. Hala, liberaltzat eta kapitalistatzat hartzen zen edozein disidentzia edo mehatxu jarrai zezaketen inongo arazorik gabe.

Oposizioa

Boltxebikeen gobernuaren kontrako oposizioa eman zen aurkari ziren alderdi ezkertiarreko kideen partetik. Urriko Iraultzaren ondoren hasi ziren altxamenduak, Errusiako Gerra Zibilean jarraitu zuten eta sobietarren domeinuaren lehen urteak arte iraun zuten. Ezkerreko taldeek zuzendu edo babestu zituzten, hala nola Alderdi Sozialista Iraultzailearen, Ezkerreko Sozialisten, Mentxebikeen eta Anarkisten alderdi batzuek. Altxamenduak 1918an hasi ziren eta Gerra Zibilaren garaian eta ondoren jarraitu zuten 1923 ingurura arte. Boltxebikeek gero eta gehiago baztertu zituzten talde horiek gobernuarekin bat egitera gonbidatzeko ahaleginak, eta indarrez zapaldu zituzten.[5]

Barne gatazkak

Boltxebikeek Sovnarkomeko gobernuarekin bat egitera gonbidatu zituzten ezkerreko eseristak eta Martoveko mentxebike internazionalistak. Mentxebikeek eta eskuindarrek uko egin zioten Leninen gobernu boltxebikean sartzeari. Eserista gehienak banandu egin ziren ezkerreko eseristak osatzeko, eta boltxebikeen koalizio gobernuarekin bat egin zuten, Alderdi Sozialista Iraultzailearen lurrak banatzeko programa berehala aldarrikatzearen alde eginez.

Anarkistak, sozialista iraultzaileak bezala, banatuta zeuden. Batzuek boltxebikeen alde egiten zuten, gobernuan posizio txikiagoak hartuz, beste batzuk neutralak ziren eta beste batzuk gogor eusten zioten.

Oposizioaren altxamenduak eta ekintzak

Kongresuan galtzaile atera ondoren, ezkerreko eseristek Brest-Litovskeko Ituna saboteatzeko eta Errusia sobietarra Alemaniaren aurkako gerrara eramateko helburua lortu nahi izan zuten. Horretarako, Chekaren barruan zituen posizioak erabili zituzten Wilhelm von Mirbach Moskuko enbaxadore alemaniarra hiltzeko, 1918ko uztailaren 6an. Eseristen zuzendaritzak oker uste zuen hilketa horrek altxamendu herrikoi bat ekarriko zuela.[6]

1918ko abuztuaren 30eko goizean, Leonid Kannegisser iraultzaile sozialista batek, Boris Sávinkoven burkideak, Petrogradoko Txekaren buru Moiséi Uritski hil zuen bere bulegoan.

1918ko abuztuaren 30ean, Lenin bizirik atera zen Fania Kaplanen hilketa saiakera batetik, bala bat lepoan utzita. Horrek garuneko isuriak eragin zizkion.[7]

Errepresioa gobernuaren partetik

Astracanen, haiekin bat egin zuten Armada Gorriko grebalari eta soldaduak gabarretan kargatu zituzten, eta gero ehunka bota Volgara, lepoan harriak zituztela. 2.000 eta 4.000 artean baleatu edo ito zituzten 1919ko martxoaren 12tik 14ra bitartean. Gainera, errepresioak 600 eta 1.000 burges artean ere hil zituen. Duela gutxi argitaratutako agiriek diotenez, hau izan zen boltxebikeek Kronstadteko matxinadaren errepresioa baino lehen langileen artean egindako sarraskirik handiena.

Kronstadteko matxinada Stepan Petrichenko sozial-iraultzaileak zuzendu zuen. Protesta batetik matxinada ireki batera aldatu zen, boltxebikeak mundu guztia atxilotzera zetozela zurrumurru faltsua zabaldu zelako. Matxinoek hauteskunde libreak eskatu zizkieten eskualdeko kontseiluei (sobietak) eta ale-errekisaren amaiera.[8]

Nahiz eta Emma Goldman eta Alexander Berkman anarkista ezagunen protestak izan ziren, boltxebikeek errebolta zapaldu zuten. Milaka hildako izan ziren matxinada honetan.

Europako egoera politikoa

Europaren egoera politikoa ez zen batere lasaia. Lehen Mundu Gerraren azken urteak ziren eta tentsio egoera nabari zen. Gerraren amaierak hainbat inperioen erorketa izan zuen ondorio, esaterako, Errusiarra, Alemaniarra, Austro-Hungariarra eta Otomandarra. Europaren botere ekonomiko eta politikoa ahuldu egin zen, eta Estatu Batuek eta Japoniak botere asko lortu zuten.

Lehen Mundu Gerra amaitu ondoren, Nazioen Elkartea sortu zen, halako gatazka bat berriro gerta ez zedin.

Europak zituen Kolonietan nazionalismoa eta independentziaren indarra gailentzen joan zen, horrela tentsio giroa nagusituz Europako herrialdeetan.

Alemaniak, Versaillesko Ituneko xedapen garestiek itota, bere finantza-sistema mende horretan ezagutu zuen krisirik handienean aurkitzen zen, batez ere Weimarko Alemania izeneko aldian, Weimarko Errepublikarekin egonkortasun demokratikoa lortzen saiatzen ari zen bitartean, Paul von Hindenburg presidente zelarik. Frantziako egoera ez zen askoz hobea, eta horrek gizartearen nahigabea eragin zuen, etengabeko ezegonkortasun politikoa ekarriko zuena.

Diktadurak Europa hegoaldean ere hedatu ziren: Mussolini Italian, Salazar Portugalen, Primo de Rivera Espainian edo Alexandro I.a Jugoslavian.

Errusiako Gerra Zibila

Sakontzeko, irakurri: «Errusiako Gerra Zibila»

Errusiako Gerra Zibila 1917ko azarotik 1922ko urrira arte izan zen. Bertan, boltxebikeen Armada Gorria eta boltxebikeen aurkako Armada Zuria borrokatu ziren, aurrez aurre. Atzerriko indar batzuek: AEBk, Japoniak, Frantziak eta Britainiar Inperioak hain zuzen ere, Armada Zuria sustengatu eta babestu zuten. Beste nazionalista batzuek eta eskualdeko talde politikoek ere parte hartu zuten gerran, Armada Berdeko ukrainar nazionalistek, Armada Beltzeko eta Guardia Beltzeko anarkista ukrainarrek eta gerrako edo «atamaneko» jaunek barne.

1919an Ukraina eta Siberian Armada Gorria nagusitu zen. Zuriek Pyotr Wrangel buru zutela, Krimean gotortu eta 1920ko udazkenera arte eutsi zuten. Errusiar Inperioa desegitean sortutako independentziaren aldeko mugimenduek ere parte hartu zuten gerran eta Finlandia, Estonia, Letonia, Lituania eta Poloniak independentzia lortu zuten. Aldiz, gainontzeko lurraldeek 1922an Sobietar Batasuna eratu zuten.

Borrokarik gogorrenak 1918tik 1920ra izan ziren, baina erresistentziak herrialdeko zenbait gunetan jarraitu zuen 1922ra arte: Kronstadten altxamendua, majnovistak, Tamboven matxinada eta Mugimendu Zuriaren ekialdeko azken erresistentzia aipa daitezke. Operazio militar handiak 1922ko urriaren 22an amaitu ziren, Armada Gorriak Vladivostok okupatu zuenean, lehenago Primorieko Behin-behineko Gobernuak okupatua. Indar zurien azken kokagunea Ayano-Mayski barrutia izan zen, Pazifikoko kostaldean, 1923ko ekainaren 17ra arte kapitulatu ez zuena. Berez, Eurrisiako Gerra Zibila 1921ean amaitu zen, Armada Zuria menderatua izan zenean.

Gerraren aldiak

Borroka hiru fronte nagusitan garatu zen, ekialdea, hegoaldea eta ipar-mendebaldea, eta hiru alditan bana daiteke:

Lehenik eta behin, Errusiako Iraultza piztu zenetik hura amaitu zen arte iraun zuen aldiak. Iraultzaren aurkako lehen erresistentzia-armadetako bat Don herriko boluntario talde txiki bat izan zen. Ondoren, herrialdearen ekialdean zeuden bi talde antiboltxebikerekin elkartu ziren: Komuch eta Siberiako gobernu nazionalista.

Lehen liskarrak armaden arteko topaketa txikiak baino ez ziren izan. Armada zuriaren aurkariak poloniarrak izan ziren, errifleez armatuak.

Bigarren zatia 1919an gertatu zen, garai hau oso garrantzitsua izan zen. Hasiera batean, Armada Zuria herrialdearen hainbat aldetatik zihoan. Armada honek Armada Gorria garaitzea lortu zuen eta herrialdearen erdialdera joan zen. Leon Trotskik Armada Gorria eraberritu zuen eta ekintza horri esker etsaiak erretiratzea lortu zuen.

Gerraren amaieran, Armada Zuriaren azken tropak Krimean kokatu ziren. Piotr Wrangelek Denikinen armadako geldikinak bildu zituen eta Krimean zuen posizioa sendotu zuen 150.000 biztanlerekin. Posizio horiek mantendu zituzten, Armada Gorria Poloniatik itzuli zen arte; 1919az geroztik Polonia-Sobietar Batasunean borrokatu zen. Armada Gorriko indar guztiak Zurien aurka borrokatu zirenean, hauek estututa amaitu zuten. Geratu ziren tropak Istanbulera eraman zituzten 1920ko azaroan.

Gerra komunismoaren bilakaera

Egindako aldaketak

  • Gobernuak Errusiako fabrika handi guztiak kontrolpean.
  • Trenbideen kontrola militarrena zen.
  • Gobernuak bere beharren arabera planifikatu eta kontrolatu zuen ekoizpena.
  • Diziplinarik eta obedientziarik handiena eskatu zitzaien langileei (greba debekatu zen).
  • Klase ez langileak nahitaezko lanak egin behar izan zituen.
  • Elikagaiak eta ondasunak modu kontrolatuan arrazionalizatu eta banatzea.
  • Enpresa pribatu mota guztiak legez kanpo uztea.
  • Nekazarien soberakinak biztanleria guztiaren artean banatzea.

Jarraitutako politikak

1919ko otsailean[2], formalki, prodrazvyorstka ezarri zen, nekazarien soberakinak biltzen zituen ale jasotze kanpaina bat, herritarren artean banatzeko.[9] Aldaketa horren eragina urtarrilean somatu zen, aurreko urtean hasitako nekazaritzan zeuden soberakinen ordenik gabeko bilaketa, errekisa-sistema zentralizatu eta planifikatu batez ordezkatu zenean. Probintzia, barruti, kantoi eta herrixketako komunitate bakoitzak aldez aurretik finkatutako kuota bat eman behar zion Estatuari, kalkulatutako uzten arabera.[10]

Martxoaren 14an, Barne Ministerioko Siberiako tokiko miliziei eskubide batzuk eman zizkieten. Estatuaren segurtasunerako eta gizarte-ordenarako mehatxua diren jarduerak egiten dituzten elkarteak istea eta grebak edo horiek prestatzeko jarduera oro ere debekatzea. Horrelako ekintzetan partaide den oro tribunaletara eramango dute.[11]

1920an, zenbait lekutan ale bilketa hori ez dute gehiago egingo.[12] Urte horretan bertan, bost langile baino gehiago dituzten enpresa guztiak nazionalizatzea onartu zen.[10] Elikagaiak eta funtsezko artikulu gehienak modu zentralizatuan banatu ziren.

Hona hemen erregimen ekonomikoa ezartzen lagundu zuten politika informal edo paraleloak:

  • Errepresio-aparatu bat ezartzea Armada Gorriaren eta Chekaren bidez.
  • Armada gorriaren errepresioa fabrika zein soroetan.
  • Armada Zuriaren erreakzioaren aurkako gerra.
  • Merkatuaren suntsipena[10] kudeaketa ekonomiko txarraren ondorioz.
  • Jabetza pribatuaren abolizioa.[13]

Ondorioak

Gerra komunismoa Errusiako Gerra Zibilean zehar ezarritako sistema politiko eta ekonomikoa izan zen horretan, errusiar gizarteak jasandako ondorioak estuki lotuak daude gerra zibilarekin.

Arrazionalizazio sistema

Gerran zehar ezarri ziren politikek ekonomiaren erabateko zentralizazioa ekarri zuten. Errusiako ekonomia gobernuak kontrolatzen zuen, politika marxistak ezarri baitzituen, herrialdeko fabrika guztiak estatuaren zuzendaritzapean geldituz. 1918ko urtarrilaren 28an arrazionalizazio sistema bat ezarri zuen gobernuak, zeinen bitartez nekazariei uztan batutako guztia ikuskatzen zitzaizkien, familiek haien beharrak asetzeko nahikoa izango ote zuten kontuan hartu gabe.

Hala ere, gobernua ez zen ikuskatu nahi zuen lehengaien zifretara iritsi eta honek gosete izugarria ekarri zuen errusiar herritarrentzako, ez baitzegoen guztientzako adina elikagai. Goseteak berak merkatu beltzaren sorrera ekarri zuen, zeinetan elikagaiak edota bestelako beharrezko lehengaiak eskuratzea posible zen, beti ere prezio garestien truke, jakina.

Industriaren eta nekazaritzaren gainbehera

Merkatu beltzak ez zuen bermatu, ordea, gosetea bukatzerik, eta hau gutxi balitz, industria ere gainbeheran zegoen. Gerra zibila bukatzear zegoela herrialdeko industriak gerra aurretik zeukan produkzioaren %20a produzitzen zuen. Gainera industrien zati handi batek ondasunen bidez ordaintzen zizkien soldatak langileei. Egoera honek guztiak hiritarrak nekazal eremuetara emigratzera behartu zituen, bizi hobeago baten eta elikagaiak eskuratzeko erraztasun handiagoen bila. Hala, Moskuk eta Petrogradok lehenago zuten biztanleriaren %58a galdu zuten. Hala eta guztiz ere, nekazal eremuetan egoera ez zen bereziki bikaina, nekazaritzak ekarritako irabazi ekonomikoak erdia baino gehiago murriztu baitziren hamarkada batean.

Grebak eta altxamenduak

Egoera tamalgarria zen gerra zibila amaitzen ari zenean, eta herritarrek haien desadostasuna eta ezengokortasuna islatzen zuten grebak egin zituzten. Bestalde, Kronstadten 1921eko martxoan zehar altxamendua eman zen, zeinetan marine sobietarrak gobernuaren aurka altxatu ziren armak harturik, nekazariei ezarritako baldintza kaxkarren eta gobernuak banatutako arrazio eskasei aurre egiteko. Baina altxamenduei dagokienez, Tamboven 1920 eta 1922 artean nekazariak boltxebikeen aurka altxatu zirenekoa izan zen garrantzitsuenetarikoa. Honek estatu kapitalista baten ezartzea ekarri zuen, 1928 arte iraun zuena, “Politika ekonomiko berria” deiturikoa.

Beraz, gerra komunismoak eta gerra zibilak gizartean utzitako aztarna itzela izan zen. Errusiar gizartea oso puntu baxu batean aurkitzen zen: Egoera ekonomikoa penagarria zen eta gerra komunismoak iraun zuen bitartean gosearen erruz hil zirenak 3 eta 10 milioi artean izan ziren.

Erreferentziak

  1. a b c d e Dronin, N. M.. (2005). Climate dependence and food problems in Russia, 1900-1990 : the interaction of climate and agricultural policy and their effect on food problems. Central European University Press ISBN 1-4237-1750-3. PMC 61191647. (Noiz kontsultatua: 2022-06-23).
  2. a b c d e Trotsky, Leon; Zizek, Slavoj (31 de agosto de 2009). «Cronología». Terrorismo y comunismo: Slavoj Zizek presenta a Trotsky. Ediciones AKAL. ISBN 9788446031598. Consultado el 1 de julio de 2019.
  3. «The Fundamental Law of Land Socialization» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2022-06-23).
  4. Martín Aceña, Pablo.; Martínez Ruiz, Elena. La economía de la guerra civil. p. 41-42. ISBN 9788415817932. OCLC 894999835. Consultado el 19 de junio de 2019
  5. The Bolshevik Revolution 1917-1923. W. W. Norton & Company. 1985.
  6. Boniece, Sally A. - link "Don Quixotes of the Revolution"? The Left SRs as a Mass Political Movement. Kritika: Explorations in Russian and Eurasian History 5.1 (2004) 185-194
  7. New York Post - "Vladimir Lenin - The Father Of Communism" November 19, 2007
  8. Voline, La Révolution Inconnue, Tome 2
  9. Dronin, N. M.; Bellinger, E. G. (1 de enero de 2005). «Chapter 4: The post-revolutionary period (1917-1928)». Climate Dependence and Food Problems in Russia, 1900-1990: The Interaction of Climate and Agricultural Policy and Their Effect on Food Problems (en inglés). Central European University Press. p. 69-108. ISBN 9789637326103. Consultado el 21 de junio de 2019.
  10. a b c «IV. La experiencia soviética de la guerra civil a la Segunda Guerra Mundial — Carpetas Docentes de Historia. Secretaria de Extension Facultad Humanidades y Ciencias de la Educacion - UNLP». carpetashistoria.fahce.unlp.edu.ar. Consultado el 21 de junio de 2019.
  11. Smele, Jonathan D. (2 de noviembre de 2006). Civil War in Siberia: The Anti-Bolshevik Government of Admiral Kolchak, 1918-1920 (en inglés). Cambridge University Press. p. 341. ISBN 9780521029070. Consultado el 9 de julio de 2019.
  12. Dronin, N. M.; Bellinger, E. G. (1 de enero de 2005). «Chapter 4: The post-revolutionary period (1917-1928)». Climate Dependence and Food Problems in Russia, 1900-1990: The Interaction of Climate and Agricultural Policy and Their Effect on Food Problems (en inglés). Central European University Press. p. 69-108. ISBN 9789637326103. Consultado el 21 de junio de 2019
  13. «The Fundamental Law of Land Socialization». www.marxists.org. Consultado el 9 de julio de 2019.

Kanpo estekak