Alejandro Valverde Belmonte (Las Lumbreras de Monteagudo, Murtzia, Espainia, 1980ko apirilaren 25a) txirrindulari profesional ohia da. Beste hainbat garaipen nabarmenen artean, irabaziak ditu 2006 eta 2008ko UCI ProTourra, 2009ko Espainiako Itzulia eta 2018ko Munduko Txapelketa.
Abiadura handia du eta eskalatzaile ona da, batez ere mendate labur eta leherkariei aurre egin behar zaienean. Hala, gaur egungo nazioarteko txirrindularirik osoenetako bat da. Gainera, 2005etik aurrera asko hobetu du erlojupekoan. Horren ondorioz, 2006ko Frantziako Tourraren sarrera etapan 5. amaitu zuen (beste bi etapatan besterik ez zuen parte hartu, hirugarren etapan erortzearen ondorioz itzulia utzi behar izan baitzuen); 2008ko Dauphiné Libéréko erlojupekoa irabazi zuen; eta 2008ko Espainiako Itzuliko erlojupekoan hirugarren postua lortu zuen, bigarrenarekin berdinduta.
2010eko maiatzaren 31n bi urtez zigortu zuten, Puerto Operazioan zerikusia zuelako. Zigorra 2010eko urtarrilaren 1ean hasi eta 2012ko urtarrilaren 1ean amaitu zuen.
Bizitza
Profesionaletan 2002an debutatu zuen, Vicente Beldak zuzendutako Kelme-Costa Blanca taldean. Aurretik Banestoren amateur mailako taldean korritu zuen, non 2001ean Espainiako Txirrindularitza Kopan garaipena lortu zuen.
2003
Amaitu zuen lehen Itzuli Handia 2003ko Espainiako Itzulia izan zen, non nabarmen gainditu zuen hasiera batean taldeko lider zihoan Óscar Sevilla. Hirugarren amaitu zuen eta 2 etapa irabazi zituen, sailkapen konbinatuko maillot urdina ere lortuz. Urte horretan bertan parte hartu zuen lehen aldiz Munduko Txirrindularitza Txapelketan, Kanadako Hamilton hirian ospatu zena, eta zilarrezko domina lortu zuen. Lasterketa buruan, beste batzuen artean, Igor Astarloak, Paolo Bettinik eta Peter Van Petegemek osatutako ihesaldi bat osatu zen. Astarloak azken igoeratxoan eraso zuen, inor ez zen bere bila atera eta bakarrik joan zen garaipenaren bila. Atzetik, Valverdek bizkaitarraren iheskideekin bat egitea lortu zuen. Ondoren, esprint oso estu batean garaitu zituen; eta, hala, bere lehen munduko txapelketan bigarren postua lortu zuen.
2004
2004an zilarrezko domina lortu zuen Espainiako errepideko txirrindularitza txapelketan, helmugara bere taldekide Francisco Manceborekin batera helduz. Urte horretako abuztuan Atenasko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen, arrakastarik gabe. Óscar Freire eta Igor Astarloarekin batera espainiar selekzioko liderretako bat zen, domina lortzeko faboritoetako bat. Hilabete beranduago 2004ko Espainiako Itzulian parte hartu zuen, sailkapen nagusian laugarren amaituz.
2005
Urte haren hasieran Illes Balears-Caisse d'Epargne taldearekin fitxatu zuen. Talde hartan, beste batzuen artean, Frantziako Tourraren irabazle Pedro Delgadok, Miguel Indurainek eta Óscar Pereirok korritu zuten.
2005eko Frantziako Tourrari begira —Valverderen lehen parte hartzea Itzuli Handi hartan— asko espero zen murtziarragandik, eta ez zuen huts egin. Mendiko lehen etapan, Alpeetan, zehazkiago Courchevelen, mendatearen tontorrean zegoen eski estaziora igo zen. 20 kilometro baino gehiagoko luzera zuen igoeran, Discovery Channel taldeak lehen maldetatik bizkortu zuen erritmoa, eta taldeko azken txirrindulari laguntzailea zen Yaroslav Popovitx izan zen Lance Armstrong aurrera eramatearen arduraduna. Sei aldiz Tourra irabazi zuenak bakarrik joatea nahi zuen, baina Paco Mancebok, Michael Rasmussenek, Ivan Bassok eta Valverdek jarraitu zuten. Bassok ez zuen erritmoa jasan eta laster geratu zen atzean. Jada azken kilometroan, Rasmussenek eraso egin zuen, Valverde beragana joan zen Armstrong ondoan zuela, eta, harrapatu bezain pronto, Armstrongek eraso gogor bat jo zuen. Bazirudien estatubatuarra bakarrik joango zela, baina ahal izan zuen tokitik Valverdek indarra atera zuen eta Armstrongen gurpilean jarri zen, eta, azken 200 metroetan, Las Lumbrerasko txirrindulariak erraz gainditu zuen estatubatuarra esprintean, etapa irabaziz. Helmuga lerroa igarotzean, egoera sinesgaitza iruditzen zitzaion Armstrongek Valverde zoriondu zuen eskua emanez. Murtziarrak gazterik onenaren maillot zuria lortu zuen. Bi egun geroago, taldekako erlojupean jasandako kolpea berriz min ematen hasi zitzaion; eta, Tourra utzi behar izan zuen arren, Munduko Txirrindularitza Txapelketa arte lehiatu gabe eman behar izan zuen.
2005eko Munduko Txirrindularitza Txapelketa, Madrilen ospatu zena, ez zen batere egokia espainiako selekzioarentzat, zirkuitu erabat laua baitzen eta selekzioak Freireren baja baitzuen, baina Valverdek, lasterketaren azken unean, agertu, esprintatu, eta bigarren amaitu zuen. Irabazlea Tom Boonen belgikarra izan zen.
2006
2006an etaparen batzuk irabazi zituen itzuli txiki batzuetan, baita bi klasiko ere: Liège-Bastogne-Liège (klasiko hau irabazten zuen lehen espainiarra bihurtuz) eta Flèche Wallone, Ardenatako bikotea lortuz, hala, 2006ko UCI ProTourreko lider bihurtuz. Ondoren, 2006ko Espainiako Itzulian etapa bat irabazi zuen, non Alexandre Vinokouroven atzetik bigarren sailkatu zen. Egun batzuk beranduago, 2006ko Munduko Txirrindularitza Txapelketan, Salzburgon ospatu zena, brontzezko domina lortu zuen hirugarren sailkatu ondoren, Paolo Bettini eta Erik Zabelen atzetik esprint txiki batean, helmugara laugarren postuan iritsiko zen Samuel Sánchezek jaurti ondoren. Valverdek, denboraldia, UCI ProTourraren banakako sailkapena irabaziz amaitu zuen.
2007
2007 oso ondo hasi zen murtziarrarentzat, Valentziako Erkidegoko Itzulia eta Murtziako Itzulia irabaziz, baita Alcobendasko Klasikan etapa 1 lortuz ere. Alabaina, bere arerioek geroz eta gehiago zaintzen zuten; horren ondorioz, bigarren eta hirugarren postuekin konformatu behar izan zuem. Denboraldiaren lehen zati honetan T-Mobile Team taldearen Valverdeganako ustezko interesaren zurrumurrua zabaldu zen. Ondoren, Espainiako txapelketan berriz ere zilarrezko domina lortu zuen, Cuencako helmugara bigarren iritsi ondoren, Joaquim Rodríguezen atzetik.
2007ko Frantziako Tourrean seigarren amaituz eta hain proba gogor bateko hiru asteak eta Tourreko mendate luze eta etzanak jasateko hauspo apur bat falta zaiola frogatuz, hirugarren amaitu zuen urte bereko Donostiako klasikoa, eta bigarren amaitu zuen 2007ko Burgosko Itzulia. Mendateetako Klasikoan ere bigarren amaitu zuen, urte horretan Espainiako Vueltan parte hartu ez zuen bitartean.
Palmaresa
2003
2004
2005
2006
2007
2008
2009
2010
2012
2013
2014
2015
2016
2017
2018
2019
2020
2021
2022
Sailkapen orokorra lasterketa nagusietan
Itzuli Handiak
Beste Itzuliak
Klasikoak, Txapelketak ete Olinpiar Jokoak
Legenda
— |
Ez zuen parte hartu
|
DSK |
Deskalifikatua
|
UT |
Utzi
|
Erreferentziak
Kanpo estekak