Murtzia[1] (gaztelaniaz eta ofizialki Murcia) Espainiako hego-ekialdean dagoen hiria da, herrialde osoko zazpigarren populatuena dena. Izen bereko probintzia eta autonomia erkidegoko hiriburua da.
Segura ibaiak zeharkatzen du. Altuera desberdineko mendiek zeharkatzen dute, Carrascoy, El Puerto, Villares, Columbares, Altaona eta Escalona. Udalerriaren hegoaldeko mendizerrak Murtzia Cartagenako zelaitik banatzen du.
Banaketa administratiboa
Berez, hiriaren erdigunea 175.000 pertsona bizi dira, eta erdigunearen inguruan 54 herri daude (gaztelaniaz pedanía deituak). Herri haietako batzuk jada erdiguneari lotuta daude, eta beste batzuk erdigunetik 10-15 kilometrora daude eta izaera propioa mantentzen dute, Murtziako udalerriaren zati izan arren.
Murtziako autobusen konpainia Latbusek hainbat linea ditu, Murtzia hiri artekoak eta inguruko herriak elkartzen dituztenak. Hiriko lineak hamaika dira guztira eta hiri artekoak, 43.
Tranbiaren lehen tartea 2007ko maiatzean zabaldu zen, proba moduan, eta Murtzia hiriko erdialdea, Juan Carlos I.a etorbidea eta Espinardoko gunea batzen ditu. Ibilbideak lau geltoki baino ez ditu. Probaren arrakasta ikusita, 2009ko urrian, tranbiaren lehen linea osoa eraikitzeko lanak hasi ziren, FCC eta Comsa enpresen eskutik.
Aldirietako trenak
Murtzia eta Alacant arteko Renfe Aldirietako tren sareak bi linea ditu, C-1 linea Murcia del Carmen eta Alacant artekoa, eta C-2 linea Murcia del Carmen eta Águilas artekoa.