Xabier Arzalluz, urte luzez EAJrenEBBko lehendakari izandakoa, 2019ko otsailaren 28an zendu zen 86 urte zituela, astebete lehenago iktus bat izan ondoren. Haren beilatokia Bilboko Begoña auzko Bilbaina ehorztetxean ezarri zuten martxoaren 1a eta 2a bitartean, eta haren omenezko gorpuaurrengo hileta elizkizuna martxoaren 2an egin zen Azkoitia jaioterriko Andre Mari Jasokundearen parrokian. Gorpua Galdakaon ehortzi zuten martxoaren 3an, haren bizilekuan. Martxoaren 10ean EBBk eta familiak elkarlanean antolaturiko oroimen meza ospatu zen Bilboko San Bizente Martiriaren elizan.
Heriotza
Xabier Arzalluz 2019ko otsailaren 28an zendu zen, 86 urte zituela. Aste bat lehenago iktus bat izan zuen, eta ordutik bere egoerak okerrera egin zuen. Bere Bilboko etxean hil zen, goizez, azken egunak familiaren ondoan igaro ondoren.[1]EAJk arratsaldeko laurak inguruan zabaldu zuen albistea bere webgunean eta sare sozialetan.[2] Bere heriotzak erreakzio ugari eragin zituen euskal panorama politikoan, baita hortik haratago ere.
Xabier Arzalluzen heriotzaren egunean eta hurrengoetan komunikabide zein alderdi edo eta jende ezberdinen arteko gai aipagarri bihurtu zen. Gehienbat Euskadiko komunikabideetan agertu bazen ere, Espainiakoek ere heriotzaren berri eman zuten. Behean agertzen dira erreakzio aipagarrienetako batzuk.
Erreakzioak
Instituzionalak
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Arzalluz abertzale eta gidari handia izan zela esan zuen, eta Euskal Herriaren alde egindako lanagatik herritar ororen aitortza merezi zuela adierazi zuen.[3]Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak ere doluminak igorri zizkien familiari eta EAJko kideei.[4] Halaber, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak itzal handiko gizona izan zela adierazi zuen[5], eta Patxi Lopez lehendakariak ere doluminak bidali zizkien haren lagun, senide eta alderdikideei.[6]Jose Antonio Ardanza lehendakariak "Agur Xabier Arzalluz" izenburuko zutabea idatzi zuen Deian, etxekoei doluminak emanez eta Arzalluzen ibilbidea goraipatuz, ondorengoei aurkitu zuena baino askoz Euskadi hobea utzi ziela esanez.[7]
EAJren ordezkari instituzional guztiek ere euren atsekabea agertu zuten, besteak beste Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak[8], Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak[9], Eneko Goia Donostiako alkateak[10], Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak[11], Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiako bozeramaileak[12], Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak. Maria Solanak, Nafarroako Gobernuko bozeramaileak, foru-gobernu osoaren izenean dolumina agertu zien Arzalluzen senideei eta lagunei, baita jelkide guztiei ere.
Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak euskarazko mezua idatzi zuen haren doluminak adieraziz[13], eta Carles Puigdemont presidenteak ere abertzale handi baten galera sentitzen zuela esan zuen, Euskal Herriari doluminak emanez.[14] Ildo beretik Joaquim Forn, Jordi Turull eta Josep Rull kontseilari ohiek ere mezu bana idatzi zuten Twitteren, Arzalluzen uste sendoak eta Euskadiren historia hurbilean izan zuen berebiziko garrantzia azpimarratuz.[15][16][17]
Fernando ClavijoKanarietako presidenteak ere haren atsekabea erakutsi zuen, Arzalluzen heriotza albiste tristea zela eta abertzalestasuna umezurtz uzten zuela esanez, senideei zein jelkide guztiei doluminak helaraziz.[18]
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere doluminak eman zizkien senideei eta alderdiari, euskal politiko historiko baten galera nabarmenduz, gaztelaniaz zein euskaraz idatzitako mezuan.[19] Espainiako Gobernuko bozeramaile Isabel Celaak oso figura politiko azpimarragarria izan zela esan zuen. Azkenik, senideek Espainiako Errege Etxearen doluminak ere jaso zituzten. Felipe VI.a erregeak eta haren aita Juan Carlos I.ak telegrama bana bidali zioten Urkullu lehendakariari, Arzalluzen hurbilekoei euren atsekabea helaraz ziezaien.
Alderdi politikoak
Euzko Alderdi Jeltzaleak atsekabe handiz hartu zuen Arzalluzen galera, eta horren seinale Sabin Etxean zein batzoki guztietan ikurriñak haga erdira jaitsi zituzten. Andoni OrtuzarEBBko lehendakariak Arzalluz erreferente bat izan zela adierazi zuen, baita jurista handia, politikari bikaina eta abertzale erraldoia ere. EAJren familia osoa lutoan zegoela adierazi zuen, eta Arzalluzen urteetako lana goraipatu zuen, egungo Euskadi eraiki zuen belaunaldiko kide izan zela esanez.[20]
Martxoaren 1ean EBBko kide guztiak Bilboko beilatokira bertaratu ziren senideei euren samina adierazteko, eta haren eredua jarraituko zutela esan zuten.[21] Alderdiak omenaldia egin zion martxoaren 2an Sabin Etxean egindako Aberri Batzarrean. Iñigo Zabalza Aberri Batzarreko mahaiburuak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, Iñigo Urkulluk eta Andoni Ortuzarrek irakurritako adierazpenean alderdiari eta Euskadiri egindako ekarpen handia goretsi zuten, eta minutu bateko isilunea zein txalo-zaparradak eskaini zizkioten. Sabin Etxeko atondoan doluminak adierazteko liburua ere jarri zuten.[22]
Halaber, heriotzaren berria zabaldu zenean alderdikide askok euren samina adierazi zuten, besteak beste Aitor Esteban Diputatuen Kongresuko bozeramaileak[23], Itxaso AtutxaBBBko lehendakariak[24], Unai HualdeNBBko lehendakariak[25], Joseba EgibarGBBko lehendakariak[26], Joseba Agirretxea diputatuak[27], Izaskun Bilbao europarlamentariak[28], EGI gazte erakundeak[29] eta Imanol LandaGetxoko alkate eta EUDELeko lehendakariak.[30] Hainbat herritako Uri Buru Batzarrek, alderdikideek eta jarraitzaileek eskaturik, hileta-elizkizunera joateko autobusak antolatu zituzten. Geroa Baik, EAJ kide duen koalizioak, ere doluminak adierazi zituen, Arzalluz pertsona zein politikari bikaina izan zela esanez.[31]
EH Bilduren aldetik Arzalluzek Euskal Herriaren eraikuntzari eta abertzaletasunari egindako ekarpena azpimarratu zuten.[32]Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak Arzalluzen tamainako abertzale batekin adiskidetasuna eta bidearen zati bat partekatu izana ohorea zela adierazi zuen, eta "gutariko bat" zela esan zuen.[33] Aitortza mezuak argitaratu zituzten, halaber, Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak[34], Miren Larrion legebiltzarkideak[35], Jon Iñarritu senatariak[36], Oskar Matute diputatuak[37] eta Laura Mintegik.[38] Honetaz gain koalizioko Eusko Alkartasuna alderdiak Arzalluzen lanaren balioa aitortu zuen[39], eta Patxi ZabaletaAralarreko ohorezko lehendakariak ere Arzalluzekin izandako harremana ekarri zuen gogora.[40] Ezker abertzalearen aldetik, Sortuk eta haren idazkari nagusiak, Arkaitz Rodriguezek, desberdintasun politikoak gorabehera Arzalluzen itzal handia eta Euskal Herriaren historian utzitako oinatz sakona aitortu zituzten.[41]
Euskadiko Alderdi Sozialistak doluminak eman zizkien Arzalluzen senideei eta familia abertzale osoari[42], eta euren idazkari nagusiak, Idoia Mendiak, Euskadiren historia politiko zein instituzionaleko protagonistetako bat izan zela nabarmendu zuen[43]. Ildo beretik mezua argitaratu zuen PSOE Espainiako Alderdi Sozialistak, aro demokratikoan Arzalluzek izan zuen garrantzia azpimarratuz.[44] Idoia Mendiak eta Patxi Lopez lehendakariak zuzendutako ordezkaritza izan zen beilatokian, eta Idoia Mendia hiletara ere joan zen, Iñaki Arriola sailburuarekin batera.
Ahal Dugu alderdiko idazkari nagusiak, Pablo Iglesiasek, doluminak eman zizkion EAJri Twitter bidez, Arzalluz garaiera erraldoieko politikaria zela esan zuen, beti gauza interesgarriak esaten zituena eta Euskadiko historia ulertzeko ezinbestekoa.[45] Euskadiko Ahal Duguren ordezkaritza bat gerturatu zen beilatokira, Lander Martinez eta Roberto Uriarte buru.
Alderdi Popularra EAJri doluminak ematera mugatu zen. Alfonso AlonsoEuskadiko Alderdi Popularreko presidenteak esan zuenez, egin zezaketen onena Arzalluzek iradokitzen ziena ez esatea zen, eta doluminak ematera mugatu.[46] Hala ere, zenbait kidek Arzalluzen aurkako deklarazioak egin zituztenː Anton Damboreneak terrorismoaren aurka lan egin ez izana leporatu zion, baita Lizarrako akordioan parte hartu izana ere. Halaber, Carlos Iturgaizek, Urkullu lehendakariaren deklarazioen harira, Arzalluzen ondarea miserablea zela esan zuen.[47] Deklarazio horiek gorabehera, Arzalluzen aldeko adierazpenak ere egin zituzten zenbait kidek, horien artean Jose Manuel Garcia Margallo eta Francisco Alvarez-Cascos ministro ohiek. Margallo jaunak Arzalluzek elkarbizitza baketsuaren eraikuntzaren alde lan egin zuela azpimarratu zuen, baita euskal abertzaletasunaren figura garrantzitsuenetarikoa izan zela esan ere, Sabino Arana eta Jose Antonio Agirrerekin batera.[48][49] Alvarez-Cascos, Asturiaseko presidente ohia, beilatokira joan zen eta familiari doluminak emateaz gain Arzalluzen oso oroitzapen ona zuela adierazi zuen.[50]
Ciudadanosen aldetik Euskadiko alderdiak txio baten bidez doluminak adierazi zituen[51], eta Albert Rivera liderrak bertxiotu zuen, baina alderdikide ugarik idatzi zituzten Arzalluzen aurkako mezuak. Horien artean, Juan Carlos Girauta diputatuak infernura Satanas baino okerragoa den pertsona bat iritsi berri zela esan zuen.[52] Antzeko mezuak zabaldu zituzten Vox alderdi ultraeskuindarretik ere.[53]
Galiziako alderdi abertzaleek ere Xabier Arzalluzen paper garrantzitsua nabarmendu zuten. BNG-k Euskal Herriaren historian utzitako aztarna azpimarratu zuen[62], Compromiso por Galicia alderdiak doluminak igorri zituen Sabin Etxera[21][63], eta Xose Manuel Beiras buruzagi nazionalista historikoaren Anova alderdiak ere haren samina erakutsi zuen.[64]
Xabier Arzalluzen heriotzaz tamaldu ziren Euskal Herriko sindikatu nagusiak, tartean ELA,LAB, UGT eta CCOO. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak haren doluminak adierazi zituen, eta desberdintasun politikoetatik haratago Arzalluz politikari handia izan zela esan zuen. Halaber UGT sindikatuak ere haren doluminak eta elkartasuna agertu zituen, Arzalluzek egindako lana aitortuz.[66] Sindikatu horretako Estatuko idazkari nagusi Pepe Alvarezek zein Euskadiko idazkari nagusi Raul Arzak doluminak igarri zituzten Sabin Etxera, CCOO Euskadiko idazkari nagusi Loli Garciak bezala.[21]
Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak ere mezua argitaratu zuen, Xabier Azalluzek erabakitzeko eskubidearen alde egin zuen lana goretsiz. Gogora ekarri zuten Arzalluzek azken urteetan plataformarekin kolaboratu zuela.[67]Paul RiosLokarriko koordinatzaile ohiak ere mezua idatzi zuen doluminak emateko, Arzalluz pertsona konprometitua eta zintzoa izan zela esanez.[68]
Covite terrorismoaren biktimen kolektiboak Arzalluzen heriotzaren aurrean haren figura gorestea deitoratu zuen, eta biktimen ondoan baino beti hiltzaileetatik gertuago egon zela esan zuten.[69]
Begoña Loroño alargunak eta gainerako senideek tamaina handiko eskela argitaratu zuten Deia egunkarian. Halaber, Miren Arzalluz alabak mezua argitaratu zuen bere sare sozialetan, aitaren argazki bati erantsia, honakoa esanezː "Herriari eman zion bizitza, guri bihotza. Gugan, beti".[72]
Beilatokia
Haren hilbeila Bilbaina ehorztetxeko beilatokian ezarri zuten, Bilboko Begoña auzoan. Martxoak 1ean egun osoan zehar egon zen,10ː00etatik 14ː00etara eta 17ː00etatik 20ː00etara, baita martxoak 2 goizean ere, 10ː00etatik 14ː00etara. Bi egun horietan ordezkari politiko andana igaro zen beilatokitik, Arzalluzek bere ibilbide politiko luzean zehar lankide izan zituenak, baita beste alderdietako zein sindikatuetako ordezkariak ere.[73]
Xabier Arzalluz agurtzeko hileta Azkoitian egin zen, jaioterrian, bere nahiari jarraituz. Gorpuaurrengo hileta elizkizuna martxoaren 2ko arratsaldeko 19ː00etan egin zen, herriko Andre Mari Jasokundearen parrokian. Zenbait herritatik autobusak antolatu zituzten hiletara joateko, eta elizkizuna hasi baino lehenago herritar ugari bildu ziren elizaren inguruan. Gorpua elizkinzuna hasi baino ordu erdi lehenago iritsi zen, eta elizara EGIko kideek egindako ikurrina korridore batean zehar sartu zuten, "Gora Euskadi askatuta" oihu artean eta jendearen txalo artean, Begoña Loroño alarguna eta hiru seme-alabak zein beste senideak atzetik zituela.
Nafarroako gobernuaren izenean bertan izan ziren Uxue Barkos lehendakariaz gain Manu Aierdi lehendakariordea eta Maria Solana bozeramailea. Kataluniako Generalitatearen izenean Miquel Buch barne kontseilaria bertaratu zen. Ordezkaritza instituzionalaz gain PP-k ezik gainerako alderdi politikoek ere bidali zituzten ordezkariak, tartean EH Bilduk (Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte eta Josu Juaristi), EA-k (Pello Urizar idazkari nagusia), PSE-EE-k (Idoia Mendia eta Iñaki Arriola sailburua) eta Podemosek (Roberto Uriarte). Kataluniako alderdi abertzaleek ere bidali zuten ordezkaritza; hiletan izan ziren Junts per CatalunyakoEduard Pujol, PDeCATekoMarta Pascal eta ERCkoGabriel Rufian zein Joan Capdevila diputatuak. Galiziatik Xose Manuel Beirasek hartu zuen parte.
Felix Azurmendi herriko parrokoak eman zuen meza, eta hileta elizkizuna zuzenean jarraitu ahal izan zen elizaren kanpoko plazan, megafonia bidez. Meza osoa euskaraz izan zen, eta apaizak Arzalluzek haren bizia Euskadiri eskaini ziola adierazi zuen. Bere hitzaldian Arzalluzek Euskal Herria zein euskal gizartea hobetu zituela esan zuen, haren elkarrizketarako eta bakearen aldeko jarrera nabarmenduz. Mezaren amaieran
Xabier Euzkitzek lau bertso eskaini zizkion, honakoa zioen azkenakː
Europa zale sutsu,
bezain azkoitiar,
herritarren eguzki
idaideen ipar
bakeleku berritik
emaiguzu indar,
lotien ernatzaile
epelenen txingar
bakeleku berritik
emaiguzu indar,
nahi zenuen herria
lor dezagun bihar.
Agurra
Elizkizuna amaitu ondoren hilkutxa elizatik atera zuten Jesusen Bihotz Agurgarri plazara, berriro ere ikurrina korridorean zehar, eta bertan bildu ziren ehunka herritarrek Eusko gudariak abestu zioten, bertaratutako askoren negar artean. Ondoren autoritateek zein bertaratutakoek familiari doluminak eskaintzeko aukera izan zuten, eta 20ː30ak aldera txalo artean agurtu zuten Arzalluzen gorpua. Hurrengo goizean senideek gorpua Galdakaon ehortzi zuten, Arzalluzen nahiari jarraiki, bere bizilekuan.
↑Ardanza, Jose Antonio. (2019-03-02). Agur Xabier Arzalluz. Deia, 27 or..
↑(Gaztelaniaz)Aburto, Juan Mari. (2019T09:06). [https://twitter.com/juanmariaburto/status/1101166774656122881 «Mis condolencias para la familia de Xabier Arzalluz, referente del nacionalismo moderno en general y de EAJ-PNV en particular.
Deja un hueco enorme en nuestra reciente historia pero su importante legado permanecerá para siempre con nosotros.
Goian bego Xabier.»] @juanmariaburto(Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
↑ ab(Katalanez)Andreu 🎗, Josep Rull i. (2019T12:15). [https://twitter.com/joseprull/status/1101214212683169793 «Ens ha deixat Xabier Arzalluz. Vaig tenir ocasió de conèixer-lo, una persona de fermes conviccions, gran amic de Catalunya. El més sincer condol a la seva família i als amics d’@eajpnv i @euzkogaztedi
@andoniortuzarpic.twitter.com/99IH46LrcL»] @joseprull(Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
↑euzkogaztedi. (2019T08:00). [https://twitter.com/euzkogaztedi/status/1101150167141662723 «Xabier Arzalluz zendu da.
Abertzale sutsua, demokrata eredugarria, politikari fina, gazteongan arreta handia jartzen zuena eta Euskadiren alde bizitza eman duen gudaria; funtsean, jeltzale aparta.
Egun handira arte!pic.twitter.com/xa28vcEPYZ»] @euzkogaztedi(Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
↑Larrion, Miren. (2019T09:03). [https://twitter.com/mirenlarrion/status/1101166080494653440 «Xabier Arzalluz hil da
Doluminak senideei eta @eajpnv familiari ere
Lagun batzuen irakaslea izan zen eta bere klaseak ahaztezinak omen ziren, politikan ere irakasgai edo beste eman zuen»] @mirenlarrion(Noiz kontsultatua: 2019-03-03).