NBEren arabera (2024-02-22): 30.457 zibilen baja (10.582 hildako, tartean 587 haur); 9,6 milioi desplazatu (horietatik 3,7 milioi Ukraina barnean lekualdatuak eta 6 milioi beste herrialde batzuetara)[30]
Ukrainako inbasioa2022kootsailaren 24an hasi zen, Errusiak bere mugak gurutzatu eta Ukrainan eskala handiko interbentzio militar bati ekin zionean. Inbasioak maila bat gorako eraman zuen 2014. urtean hasiErrusia-Ukraina Gerra, gatazka armatua Ukraina osora hedatuz. Ukrainako Gobernua errendituko zelako hasierako aurreikuspena bete ez zenean, iraupen luzeko gerra bilakatu zen, eta bi urte baino gehiago luzatu da hainbat frontetan. Errusiako Vladimir Putin presidenteak inbasioari "operazio berezia" deitu zion hasieran.
Inbasioak berehala piztu zituen aurkako erreakzioak munduan, gehienean Errusiaren kontra.[31] Berehala, NATOren inguruan Mendebaldeko bloke bat osatu eta inplikatu zen Ukrainaren alde, AEBren eta Europako estatu gehienen babesaz. Inbasioak munduko geopolitika eta ekonomia aztoratu ditu, nabarmenki inflazioaren igoera handia ekarriz, Ukrainako zerealaren eta Errusiako gasaren mendekotasuna zirela eta; Finlandiak bere neutraltasun historikoa hautsi zuen, NATOra sartuz. Suediak berdina egin zuen 2024ko martxoan.
Errusiar eraso militarrak migrazio mugimenduak eragin zituen Ukrainan ia hasieratik, Ukraina barnekoak, lehendabizi, eta kanpora, gero, Europako beste herrialdeetara bereziki, oro har eskuzabalik hartua. Milioika pertsonek ihes egin behar izan dute beren etxeetatik, eta gatazkak milaka hildako eta zauritu eragin ditu. Zaporizhiako zentral nuklearra kontrolatzeko borrokek eta arma nuklearrak erabiltzeko Errusiaren mehatxuek krisi nuklear baten aukera berpiztu dute.
XX. mende guztian, Ukrainaren eta Errusiaren zaleen arteko tentsioak izan dira, eta inoiz baino biziago 2014az geroztik. Urte horretako otsailean, Ukrainako Parlamentuak Viktor Yanukovitx, ordu arteko presidentea 2004tik eta Errusiara lerratua, kargugabetu zuen. Gizon armatuek Krimeako parlamentua hartu zuten eta Errusiako bandera altxa zuten.[32]
Urte hartako martxoan, Krimeako penintsula anexionatu zuen Errusiak,[33]erreferendum baten ostean eta, gainera, gerra hasi zen Donbassen, Donetsk eta Luhansk probintzietan. 2014tik, Errusiaren zaleek kontrolatu dituzte probintzia horietako eremu batzuk. 15.000 hildako izan ziren eremu horretan Ukrainar armadaren eta milizien arteko borroketan.[32]
Otsailaren 24ko goizeko 05:00ak ETT inguruan (UTC+2), Putinek "operazio militar berezia" iragarri zuen Ukraina ekialdean; minutu batzuk geroago, misilekin erasoak hasi ziren Ukraina osokoan zehar, Kieven –Ukrainako hiriburuan– barne, Ukrainako Muga Zerbitzuak Errusiarekin eta Bielorrusiarekin zituen mugako-postuei erasoak izan zirela adierazten zuten bitartean.[35][36] Bi ordu geroago, Errusiako lehorreko indarrak herrialdean sartu ziren.[37]
Otsailaren 24an, Kremlinek agindu zuen «operazio militar berezia» hasteko Ukrainan. Iparraldetik, ekialdetik eta Krimeatik, gutxienez hamar tokitatik igaro zuten muga Errusiako tropek, eta hainbat hiri bonbardatu eta eremu batzuk kontrolatu zituzten. Kievera bidean, Txernobylgo planta nuklearra ere okupatu zuten. Inor gutxik espero zuen tamaina horretako eraso bat.
Martxo hasieran hiri handi bat okupatu zuten Errusiako soldaduek, Kherson, eta Mariupol setiatzen hasi ziren. Ordurako milioi bat ukrainar ihes eginak ziren herrialdetik kanpora.
Gerra hasi eta bi astera, tropa errusiarrek hiriburura heldu ezinik jarraitzen zuten, eta aienatzen hasia zen gerra azkar irabaziko zuten ustea. Sumin eta Kharkiven ere ezin izan ziren sartu. Hiri handiak saihestuz, errepidez aurrera egiten saiatu ziren, Kieverantz; Khersondik mendebaldera egiten ere ahalegindu ziren. Baina aurrera egin ezinik gelditu ziren, ukrainarren erantzunarengatik: zubi gehienak bota eta tanke askori kalte egitea lortu zuten.
Martxo erdialdean, Errusiako soldaduek Kievera sartu ezinik jarraitzen zuten oraindik, ukrainarren oposizioa zela medio; hiriburuaren aldiriak okupatu zituzten.
Hego-ekialdean, aldiz, Khersondik Luhanskerako lurralde zerrenda bat hartzea lortu zuten, Krimea Errusiarekin lurrez lotuz. Mariupol zen eremu horretan kontrolpean hartu ez zuten hiri bakarra.
Iparraldeko fronteko errusiar erretreta
Gerraren lehen fasea amaituta
Kremlinek martxoaren 25ean iragarri zuen «gerraren lehen fasea» bukatu zela: Kiev ingurutik tropak erretiratuko zituela, eta handik aurrera Donbassko probintzietan egingo zuela indarra. Hilabeteren ondoren, bistan zen Kremlinek ez zuela behar bezala neurtu erasoa, eta bertan behera utzi zuen hiriburua kontrolatzeko asmoa. Ukrainarrek, berriz, hiriburuaren defentsan murgilduta, kontuan hartzeko moduko lurralde zatiak galdu zituzten hego-ekialdean.
Martxo bukaeran, soldadu errusiarrek Izium bereganatu zuten —hilabete baino gehiago zeramaten hiri hori hartu ezinik—. Handik hegoaldera zein ekialdera zabaltzeko aukera ematen zien horrek, Donetsk eta Luhansk aldera.
Turkian, berriz, bi aldeetako Atzerri ministroak aurrez aurre bildu ziren martxoaren 29tik apirilaren 1era. Ez zuten akordiorik egin, eta negoziazioak trabatuta daude harrezkero.
Kievez iparraldeko erretreta
Kieveko probintzia osoa berreskuratu zuten ukrainarrek, Errusiako soldaduak erretiratu ostean,[40] eta Txernobylgo planta nuklearra ere utzi zuten. Errusiarrek hilabetez okupatutako herrietan egindako hilketak agertzen hasi ziren: mila ukrainar baino gehiago hil zituzten Kieveko aldirietan —ia 300 Butxan bakarrik—: epaitu gabe, kalean eta eskuak lotuta zeuzkatela batzuk, hobi komunetan... Gerra krimenak egitea leporatu dio Mendebaldeak Putini.[40]
Kramatorsken tren geltoki bat bonbardatu zuen Errusiak apirilaren 7an, eta 50 herritar baino gehiago hil zituen. Ordurako iparraldeko frontetik erabat erretiratua zen Errusia: tropak berrantolatzen ari zen, Ukraina ekialdean erasoa bizkortzeko. Apirilean, lehen kontraeraso ekintzak egiten hasi ziren Ukrainako indarrak: errusiarren Moskva gerraontzia urperatu zuten,[41] Errusiako lurretan eraso batzuk egin zituzten helikopteroekin, eta Kherson mendebaldean lurralde zati batzuk berreskuratu zituzten.
Kharkiv eskualdeko atzerakada
Maiatzaren 14an, errusiar indar erasotzaileek porrot egin zuten Kharkiv inguratzen, Ukrainako bigarren hiri handiena; aldiz, ukrainar kontraerasoan, errusiarrak atzera egiten hasi ziren hiritik, AEBko defentsa agentzia batek adierazi zuenez.[42] Baieztapen hori berretsiz, hilaren 17an, Ukrainako Gobernuak adierazi zuen Kharkiveko eskualdea berreskuratzen ari zirela errusiarren lepotik, eta Errusiako mugetaraino heldu zirela haren armadak, baita mugako argazki batzuk erakutsi ere.[43] Irailaren 15ean Volodimyr Zelensky ukrainar presidentea Iziumen agertu zen, Kharkiv oblast edo eskualdean, errusiarrei atzera kendutako hiri suntsitua. Adierazi zuen "8.000 m2 irabazi" zietela jada Putinen indarrei.[44]
Hegoaldeko frontea
Mariupolgo setioa
Hilabete eta erdiz kalez kale borrokatu ziren ukrainazaleak eta errusiazaleak Mariupolen. Apirilaren 21erako, hiria defenditzen ari ziren azkeneko indar ukrainarrak Azovstal altzairutegian babestu ziren, 2.000 soldadu inguru —tartean, Azov batailoi ultraeskuindarreko kideak—. Europako altzairutegi handienetakoa da, eta tunelak ditu lurpean. Errusiak uko egin zion sartzeari, baina «askatutzat» jo zuen hiria. Hurrengo egunetan altzairutegia bonbardatzen jarraitu zuten errusiarrek, eta setioa gogortu zuten.
Kontraerasoa
Maiatzetik aurrera, kontraeraso ekintzak ugaritzen ahalegindu ziren Ukrainako indarrak. Kherson probintziaren mendebaldean eta Kharkiven iparraldean batez ere. Azken horretan, ukrainarrek lortu zuten errusiarren menpe zeuden hainbat herri berreskuratzea.
2023ko udaberrian, Hegoaldeko ukrainar-errusiar frontea Dnieper ibaian egonkortu zen. Ekainaren 6an, errusiarren kontrolpeko Nova Kakhovka hiri pareko presa hondoratu egin zen, eta urtegi horretako ur kantitate handiak askatu ziren ibaian behera: alimaleko uraldia zein kalteak eragin zituen ibaiaren arroan.[45] Ondorioz, 600 kilometro karratuko[46] (edo 230 milia karratu inguruko) lurraldea geratu zen uholdearen pean,[47] eta milaka biztanlek utzi behar izan zuten bizilekua.[45]
Datu sismikoek agerian utzi zutenez, presa leherketa batek zartatu zuen.[48][49] Ukrainar eta errusiar agintariek elkarri leporatu zioten hondamendiaren errua. Kremlingo buruzagien esanetan, haustura ukrainarrek eragin zuten errusiarrak eta Krimea edateko urik gabe uzteko, urtegi hori haien ur hornidura iturri nagusia baita.[47] Ukrainar agintariak saiatu izan ziren lehenago Krimeari edateko ur hornidura mozten, Ukrainatik bereizi zenean.[50]
Donbassko frontea
Errusiako tropek etengabe eraso zioten apirilaren 18tik hego-ekialdeko frontean. Lur eremu batzuk bereganatu zituzten, batez ere Luhansken —probintzia horren %90 kontrolpean hartua zuten—. Maiatz hasieran, Sievierodonetsk zen eskualde horretan bereganatu ez zuten hiri handi bakarra, eta maiatzean borrokak gogortu zituzten errusiarrek inguru horretan guztian, baita aireko erasoekin ere —hiriak 100.000 biztanle zituen gerra aurretik—.
Azovstaleko ukrainar indarren errenditzea
Mariupol, Azov Itsasoaren kostaldean, begiz jo zuten errusiar agintariek, bere garrantzi ekonomikoagatik eta interes geoestrategikoagatik, eta errusiarrek Ukrainan inguratutako lehendabiziko hiri handietako bat bihurtu zen; gainera, eskuin muturreko Azov Batailoiaren egoitza izan zen.[45] Errusiarrek gogor bonbakatu zuten hiria, sinbolismo bereziaz bertako antzokia. Azovstal altzairutegian gordeta jarraitzen zuten azkeneko soldadu ukrainarrak errenditu egin ziren, eta hiri osoa errusiarren esku geratu zen maiatzaren 20an, setio luzearen ondoren.[45] Ordurako hiria goitik behera suntsitua zegoen, eta ehunka milaka herritarrek ihes egin zuten.
Luhanskeko erasoa
Maiatzaren 7an Popasnan sartu ziren indar errusiarrak, eta defenditzaile ukrainarrek atzera egin zuten. Errusiarrek inguru horietan lur gehiago hartu zituzten eta, harrezkero, asteak zeramaten Sievierodonetsk erabat inguratu eta setiatu nahian. Sievierodonetskeko gudua izan eta gutxira, errusiar gudarostearen menpe geratu zen ukraniarren menpe zegoen Luhanskeko oblastaren azken zatia[51].
Hego-mendebaldeko ukrainar kontraerasoa
2022ko irail amaieran, ukrainar indarrek kontraeraso arrakastatsu bati ekin zioten hego-mendebaldeko frontean, Khersonen eskualdean.[52] 2022ko urriaren 9an, leherketa handi batek kalte larriak eragin zizkion Krimea penintsula eta Errusia elkartzen zituen zubi ikoniko bati, 2014an Putinek inauguratuari, errusiar gobernuak ukrainar zerbitzu sekretuei egotzia.[53] Ondorioz, Errusiak hainbat misil jaurti zituen Zaporizhia, Kiev, Lviv eta beste hiri batzuen kontra, kalteak eta hildakoak eraginez eta tentsioa areagotuz.[54] Azaroaren 11n, berriz, errusiarrek Kherson hiria utzi zuten, eta ukrainar indarrak hirira sartu ziren; zenbait herritarrek abegitsu egin zieten harrera.[55]
Bakhmuteko gudua
Urtarrilean eta otsailean, errusiar indarrek Bakhmuten kontrako lur erasoari ekin zioten, ordu arte ukrainar eskuetan. Gerra aurretik 70.000 biztanle zituen hiri txiki hori Donbassko industriagune bat zen, garrantzi estrategiko txikikoa, bidegurutze batean kokatua.[47] Une horretan Mendebaldeko indar aliatuen tankeak eta armamentua heltzen ari ziren Ukrainara, baina errusiarrek, Wagner Taldeak zuzendurik, bikoitza zuten tanke kopurua. Hiria suntsiturik geratu zen, eta Mendebaldeko inteligentzia iturriek 20.000-30.000 baja zenbatu zituzten borrokaldian.[47]
2023ko apirilaren 3an, Yevgeny Prigozhin Wagner Taldeko bozeramaile eta buruak adierazi zuen kontrolpean hartu zutela Bakhmut erdialdea.[56] Maiatzaren 20an, berberak eta Errusiako Defentsa Ministerioak adierazi zuten mendean hartu zutela Bakhmut, egun batzuk geroago Mendebaldeko iturriek aitortua.[57][58][59] Hiria ia erabat suntsiturik geratu zen.
2023ko ekainaren 23an, Errusiako Wagner mertzenario-taldeak Errusiako Armadaren aurka jo zuen, Jevgeni Prigozhin buruzagiaren eta Errusiako Defentsa Ministerioaren arteko tentsio gero eta handiagoen ondoren. Prigozhinek Ministerioari bere indarren aurkako eraso bat egitea leporatu ostean, "mendekua" hitz eman zuen. Sergei Xoigu defentsa-ministro errusiarrari errua egotzi zion Errusiako borroka-eremuko porrotengatik eta heriotzengatik, eta adierazi Ukrainako gerra Errusiako "eliteen onurarako [egin]" zela.[60][61][62] Ondorioz, Segurtasun Zerbitzu Federalak (FSB) kasu penal bat ireki zuen Prigozhinen aurka, "matxinada armatua pizteagatik".[63][64][65]
Prigozhinek 25,000eko milizia indartsua Errusiari begira jarri zuen, Ukrainatik Rostov Donerantz aurrera eginez, Rostov oblastean (Errusia), eta hauxe esan zuen: "Norbait gure bidean sartzen bada, dena suntsituko dugu"".[66][67] Prigozhinek esan zuenez, bere indarrek ez zuten erresistentziarik izan Rostov Donen sartu zirenean. Putinek Wagnerren ekintzak traizio-ekintzatzat hartu zituen, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerraren testuinguruan "bizkar-labankada", eta matxinada zapaltzeko "neurri gogorrak" hartzeko mehatxua ere plazaratu zuen.[68] Behin-behinean, matxinada zapuzturik geratu zen Bielorrusiaren bitartekaritzaz egindako akordioaren bidez. Prigozhinek herrialde horretan hartu zuen aterpe.
2024ko otsailaren 17an, ukrainar indar militarrak erabat atera ziren Avdiivka hiritik errusiarrek inguratuak izatea eragozteko, Donetsk hiriko ataritzat joa. Hiriaren okupazioak aurrera egiteko bidea ireki zion Errusiari, lurralde irabazi handiena izanik 2023ko maiatzean errusiar indarrek Bakhmut hartu zutenetik.[oh 6] Oleksandr Syrskyi ukrainar armada buru berriak adierazi zuen «gerlarien bizitzak eta osasunak salbatzeko» egin zutela hori. Hiria erabat suntsiturik zegoen. Gerra aurreko 32.000 biztanletik soilik 923 geratzen ziren hirian une horretan, alkateak adierazi zuenez. Gehienak etxea utzi nahi ez zuten zaharrak ziren.[69][70]
Ukraina barnealdeko eta beste eraso militarrak
Polonian eroritako misilen krisia
2022ko azaroaren 15ean, misil batek Przewodów herria jo zuen Polonia barnean mugatik hurbil, eta bi pertsona hil, aldi berean errusiarren eraso batek Ukrainako hiriak eta energia-instalazioak bonbakatzen zituen bitartean.[71] Polonia NATO lurraldean dago, eta G-7ko eta NATOko buruzagiak goi-bilera batean elkartu ziren berehala, AEBk eta NATOko beste kideek, zuzenean eta batera, Errusiari eraso egitea aztertzeko.[72]
Poloniar eta ukrainar agintariek errusiarrei egotzi zieten leherketa horren erantzukizuna, eta larritasun goreneko krisi labur bat piztu zen. Estatu Batuetako aditu eta arduradun militarrek, ordea, leherketaren lekua aztertu ostean, luze gabe ondorioztatu zuten ukrainarren aire defentsa misil bat bide zela, errusiar misilen kontra jaurtia.[73][74][75] Bitartean, errusiarren aire erasoek argindarrik gabe utzi zituzten 10.000.000 ukrainar neguaren atarian,[76] eta G-20ak, Indonesian bilduak, gaitzetsi egin zuen Ukrainako gerra.[75]
2022-2023ko erretagoardiako misil erasoak
2022ko udazkenean Khersondik erretreta egin ondoren, errusiar agintariek Ukrainako energia azpiegitura jarri zuten jopuntuan, energia instalazioei eraso eginez. Horrek askotariko gabeziak ekarri zituen hiri eta herrietan negua hurbildu ahala, herritarren berokuntzan nabarmenki. 2023ko urtarrileko 3an, berriz, ukrainarrek Donetsk gainean eraso egin zuten, lanbide heziketako zentro batean bilduta zeuden soldaduei, 89 hildako eraginez, errusiar iturriek adierazi zutenez.[77]
Urtarril hondarrean, Ukrainako agintariek Mendebaldeko herrialdeek tankeak igorriko zutelako promesa eskuratu zuten, eta Errusiak Donetsken gogor ekin zion eraso bati, Wagner Talde militar pribatuan oinarrituz.[78] Aldi berean, Mendebaldeak tankeak igortzeko itunari erantzunez, Errusiak 30 misil inguru jaurti zituen Ukrainara,[79] haietako batzuk Kievera zuzenduak, hamaika pertsona hilez eta zaurituak eraginez.[79] 2023ko udaberrian misil eraso gogor bat jaso ondoren, abuztu amaieran Errusiak "masiboki" eraso egin zion Kiev hiriaren erdialdeari misilen eta dronen bidez; gutxienez, bi hildako eta hiru zauritu utzi zituen.[80]
Errusia barneko Ukrainaren erasoak
2023ko ekain-uztailean, Ukrainak hegoalde eta hego-ekialdean kontraerasoa egin ahala, Ukraina dronak erabiltzen hasi zen Errusiako erretagoardian erasoak egiteko. 2023ko uztailaren 24an, Moskuri eraso egin zion, eta kalteak eragin Errusiako Defentsa Ministerioaren Moskuko egoitza nagusi aldamenean. Beste hamazazpik Krimean egiten zuten eraso. Errusiak "terrorismo lotsagabea" deitu zien erasooi.[81] Abuztu hondarrean Errusiak Kieven eraso egin eta aldi berean, Ukrainak Errusiako hainbat base militarri egin zien eraso bi herrialdeen arteko mugetatik urrun, Errusiaren Defentsako ministroak "eraso terroristarako ahalegintzat" jo zuena.[80]
Nazioarteko ekonomiaren krisia
2022ko Ukrainako inbasioak nazioarteko eszena politiko-ekonomikoa aztoratu zuen. Inbasioa gertatu eta berehala, aluminioaren eta nikelaren prezioak inoizko prezio garestienetara heldu ziren, mineral estrategiko horiek Errusiatik ugari esportatzen ziren neurrian, nazioarteko zigorrek herrialde hori jada astintzen zutenean. Europar Batasunak, adibidez, Swift nazioarteko banku sistemaz kanpo utzi zituen Errusiako zazpi banku.[82] Gainera, errusiar erasoaren aurrean, neona esportatzen zuten bi ukrainar konpainia handiek, Ingas eta Cryoin-ek, uko egin zioten esportatzen jarraitzeari, eta hornidura krisia piztu. Izan ere, neona ezinbesteko elementua da mikrotxipenerdieroaleak egiteko eta, Reuters agentziak azaldu zuenez, munduko neonaren % 45-54 Ukrainatik esportatzen zen inbasioaren unean. Taiwan, mikrotxipen munduko ekoizle handienetako bat, hornidura gabeziarako prestatzen hasi zen.[83]
Bestalde, Ukraina zerealen munduko esportatzaile nagusietako bat da. Errusiak zereal hori Ukrainako portuetatik esportatzea eragotzi zuen, herrialde ugaritan prezioen igoerak ekarriz, garian eta artoan aurrekaririk gabekoak, NBEren arabera, baita krisi sakona eragin ere zenbait herrialdetan, bereziki Afrikan, Ekialde Hurbilean eta Asian.[84] Zehazki, 2022ko apirilean, olio- eta gari-gabeziak gogor astindu zituen Egipto, Somalia eta Libanoko herritarrak.[85] Esportatzeko eragozpen horrek ordezko ibilbideak bilatzera eraman zituen ukrainar agintariak, Europar Batasunarekin bat eginik. Itsasoz ezin zenez, ukrainar zerealak lehorretik esportatu ziren Ekialdeko Europako herrialdeetan barrena, baita horietan biltegiratu eta saldu ere, askoz merkeago, krisi larria piztu zuena herrialde horietako zerealak, lehiatu ezinik, irtenbiderik gabe geratzean.
Herrialde askok, hala nola Poloniak, Eslovakiak, Hungariak eta Bulgariak, itxi egin zieten bidea ukrainar lehengai horiei. Hungarian, Europar Batasuna dirulaguntzen bitartez saiatu zen ataka larri hori goxatzen. Oro har, Hungaria izan zen Ukrainako inbasioak kaltetuenetako bat, % 26,2ko inflazioaz 2023ko urtarrilean, hurbiletik zuela Estonia, % 25,4ko prezio igoerekin; Txekian, inflazioa % 19koa izan zen urtarrilean.[86] Desegonkortasunaren erdian, 2022ko apirilaren 12an, Euriborrak goranzko joera etengabeari ekin zion, urtebetetik gora, bertan behera utziz ordu arteko Euriborraren % 0 inguruko interes tasak.[87]
Inflazioak, hala ere, Europar Batasuneko herrialde guztiak jo zituen gogor, aipatu arrazoiez gain, sorburuan izanik Errusiako gasaren mendekotasuna eta hari uko egiteko EBren politika, beste erregai-hornitzaile batzuetara jo beharra ekarri zuena. 2020ko apiriletik 2022ko apirilera, Herbeheretan petrolio gordinaren prezioa % 350 hazi zen. Herrialdeak herrialde, europar krisitzat jo da.[86] Errusiako gas-horniduraren etena zela eta, areagotu egin ziren Ozeano Artikoan erregaia zulaketen bidez eskuratzeko ahaleginak eta planak; talde ekologistek hondamendi ekologikoez eta klima-aldaketarentzako arriskuez ohartarazi zuten.[88] 2022ko irailean, Nord Streameko sabotajeak eten egin zuen iraunkorki Errusiako gas horniduraren aukera.
2022ko uztailean, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganen eta NBEren bitartekaritzaz, hitzarmen bat josi zen zerealari itsasoz aterabide bat emateko eta, ondorioz, krisia arintzeko.[89] Ondorioz, 32 milioi tona labore ale eta ongarri esportatu ahal izan ziren urtebetean. 2023ko maiatzean, haatik, Ukrainako zerealak inportatzea debekatu zen Europa ekialdeko zenbait herrialdetan; zehazki, Hungarian, Polonian, Bulgarian, Errumanian eta Eslovakian, beren nekazaritzari zekarkion kaltea argudiatuz.[90] Luze gabe, 2023ko uztailaren 18an, Errusiako gobernuak Erdoganen bitartekaritzaz josi hitzarmena ez berritzea erabaki zuen, Mendebaldearen zigor ekonomikoak haren nekazaritza kaltetzen ari zirela adieraziz.[91] Biharamunean, Errusiak gogor egin zion eraso misil eta dronen bidez Odesako portuari, eta 60.000 tona zereal suntsitu, ukrainar iturrien arabera.[92] Ukrainak, gainera, aipatu europar aliatuekin zituen harremanak mikaztu egin ziren: irailean, Ukrainak salaketa aurkeztu zuen MME Munduko Merkataritza Erakundean ukrainar zerealaren gaineko debekuari eusten zioten hiru estatuen aurka, eta Poloniak uko egin zion Ukrainari laguntza militar gehiago emateari.[90] 2024ko urtarrilean, Europa erdian, nekazaritza-ekoizleek mobilizazio masiboak egin zituzten Ukrainako inportazioek eragindako distortsioen kontra, eta Europako Batzordeak proposatu zuen mugak jartzea inportazio horiei.[93]
Laguntza militarra
Ukrainari laguntza militarra eskuratzeko lasterketa
2022ko udazkenean, Volodomir Zelensky Ukrainako presidenteak areagotu egin zituen ahaleginak mugimendu diplomatikoak Mendebaldeko herrialdeetatik material militarra eskuratzeko. Estatu Batuetako gobernuak lur-aire defentsa armamentua hasi zen bidaltzen, baita Mendebaldeko beste herrialde batzuek ere. Bada, 2022ko abenduan, Estatu Batuetako gobernuak iragarri zuen lur-aire defentsa sistemak igorriko zituela Ukrainari laguntzeko, eta berdina egin zuten ondoren Herbehereek eta Alemaniak; gainera, ukrainarrek estatubatuar militarren entrenamendua jasoko zuten horiek erabili ahal izateko.[94]
Espainiako Defentsako ministro Margarita Robles prest agertu zen urtarrilaren 25ean, halaber, Leopard 2 tankeak Ukrainara igorri eta ukrainarrak entrenatzeko.[95] Ukrainak Estatu Batuen laguntza militarra jasotzen jarraitzeko konpromisoa jaso zuen: besteak beste, munizioa, radarrak eta aireko defentsa sistemak.[96] Inbasioa hasi eta ia urtebetera, Estatu Batuek 30.000 milioi euro inguru gastatu zituzten Ukraina militarki laguntzen.[97] 2023ko maiatzean, Alemaniak armetarako 2.700 milioi euroko dirulaguntza iragarri zuen Ukrainarentzat:aireko defentsa, artilleria eta ibilgailu blindatuak.[98] Ukrainak lurraldea galtzen ari zela ikusita, Bidenek «historiaren deiari» erantzuteko erreklamatu zuen, eta AEBko Kongresuak laguntza militarreko pakete bat onartu zuen 2024ko apirilaren 20an: 90.000 dolar Ukraina eta Israelentzat. Horietatik, Ukrainak eta aliatu auzoek 61.000 milioi jasoko zituzten, helburu hauetara bideratuak: arma sistema aurreratuagoak, arma-kargamenduak berriak, AEBren instalazio militarrak eta eskualdeotako Estatu Batuen egungo operazio militarrak.[99]
Laguntza militarraren mugak eta arrisku nuklearraren itzala
Ukrainak hegazkin militarrak igortzeko eskatu zien Mendebaldeko aliatuei, hala nola F-16 Fighting Falcon modeloa. Haatik, hasiera batean Mendebaldeko potentziek uko egin zioten, hainbat arrazoi argudiatuz: batetik, pilotuak entrenatzeak eramaten duen denbora luzea eta mantentze-lan handia eskatzen dutela; bestetik, ordea, ukrainarrek hegazkinok Errusiako lurraldean sartzeko erabiltzeko arriskua ikusi dute, baita Mendebaldeko herrialdeak gerraren zurrunbilora arrastatzekoa ere.[94]
Hala ere, 2023ko apirilerako, Europako zenbait herrialde hasiak ziren hegazkinak igortzen, hala nola EslovakiakMiG 29 ehiza hegazkinak, eta Poloniak.[100] Mendebaldeko herrialdeek, hala nola Erresuma Batua, Herbehereak, bat egin zuten politika horrekin eta, 2023ko maiatz erdialdean, ateak erabat ireki zituzten gerra hegazkinak Ukrainara igortzeko.[101] Hilabete bereko 21ean, Japoniako G-7ren goi-bilkuran, AEBk eta Mendebaldeko beste herrialdeek laguntza militar gehiago agindu zioten Zelenskyri, kaza hegazkinetarako entrenamendua ere tartean.[13]
Errusiako agintariek, berriz, Bielorrusia nuklearki hornitu dute, eta arrisku nuklearraren diskurtsoa gogortu zuten 2023ko udaberrian.[100] Putinek gerra hegazkinak Ukrainara igortzeak gatazka gaiztotzeko "arrisku izugarria" ekar zezakeela ohartarazi zuen.[13] 2023ko uztailaren 8an, AEBk Ukrainari kontraerasorako barreiatze bonbak igorriko zizkiola iragarri zuenean, aldi baterako Ukrainaren "munizio gabeziari aurre egiteko", Anatoli Antonov Errusiaren AEBko enbaxadoreak adierazi zuen erabaki horrek gizateria mundu gerra batera hurbiltzen zuela.[102][34]
Bestalde, Errumania NATOren abangoardiako posizio bilakatu da, atzerriko 4.600 tropa ingururi abegi eginez, tartean direla tankeak; gainera, NATOren misil defentsa sistema batez hornitzen da eta azpiegitura militarra eskaintzen du.[103] 2023ko irailean, Zelenskyk AEBra egin zuen bisita. Bertan, NBEren Batzar Nagusian Errusiaren kontra gogor mintzatu ez ezik,[104] 325 milioi dolarreko laguntza militarra eskuratu zuen, aldi berean gerraren bilakaeraz baikor agertuz. Hala ere, ordurako, Kongresuko errepublikar batzuek babesa ukatu zioten, Donald Trumpen jarrerarekin bat etorriz.[105] Abenduaren 6an, AEBko Senatuak berriz ukatu zion laguntza Ukrainari: 61.000 milioi dolar.[106] 2024ko otsailean, Avdiivka hiria errusiarren eskuetan erortzen zenean, Zelenskyyk Municheko Segurtasun Konferentzian parte hartu zuen, eta eskatu Mendebaldeko potentziek irismen luzeagoko armak eta aire defentsa sistema gehiago hornitu ziezazkiotela.[107]
Kanpo harremanak eta diplomazia
Ukrainiako inbasioak aldatu egin zituen ordu arteko nazioarteko orekak. Europar Batasunak gaitzetsi egin zuen inbasioa,[108] baita Mendebaldeko potentziek ere. Inbasioa gertatzen eta ia berehala, Volodymyr Zelensky ukrainar presidenteak EBn sartzeko eskaera formala egin zuen;[109] hiru astera, ordea, Ukrainak adierazi zuen inoiz ez zuela NATOn sartu ahalko.[34] Luze gabe Ukraina Mendebaldeko herrialdeen laguntza hasi zen jasotzen, hala humanitarioa nola militarra. 2023ko neguan, Bakhmuteko erasoa gertatzen ari zela, Zelensky presidentea itzuli diplomatikoetan ibili zen Mendebaldeko herrialdeetan Ukrainaren aldeko laguntza areagotu zezaten.
Europar Batasuneko agintariak 2023ko otsailaren 3an Kievera bertaratu ziren beren babes osoa berrestera; babesa otsailaren 9an berretsi zen Bruselan, Zelenskyren bisitan.[110][111] 2023ko otsailaren 20an, Joe Biden Estatu Batuetako presidenteak ezusteko bisita egin zuen Kievera, eta Ukrainari babes osoa agindu, baita Ukrainaren lurralde osotasunarekin eta arma gehiago ematearekin konpromisoa agertu ere.[96]
Txinak, berriz, hamabi puntuko bake plan zehatz bat proposatu zuen otsailaren 24an Ukrainako gerra amaitzeko, NATOk gaitzetsia, Txinak Errusiaren aldeko posizioa agertu zuelakoan.[112][oh 7] Errusiak estutu egin zuen harremana Txinarekin, Xi Jinping txinatar presidentea adiskidetsu agertu zen 2023ko martxoan Moskura egin bisitan, eta berretsi egin zuen Ukrainarako bere bake plana.[113] Aldiz, Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak Putinen kontrako atxilotze agindua eman zuen, gerra krimenak egin zituelakoan.[114]
Suediak eta Finlandiak erabaki zuten garaia heldu zela haien ordu arteko neutraltasun politikak alde batera uzteko, eta NATOrekin bat egiteko ateak ireki zituzten 2022. urtean. NATOko herrialde gehienak bat etorri ziren horrekin, salbu eta Turkia eta Hungaria. Izan ere, Suediak Turkiaren giza eskubideen urraketa eta demokrazia falta kritikatu zituen eta, alderantziz, Turkiako Erdoganek Suediari leporatu zion disidentziako pertsonei ("terroristak") aterpe ematea. Suedia, gainera, kritiko agertu ohi zen Viktor Orban hungariar presidentearen politikekin. Finlandia 2023ko apirilaren 2an sartu zen NATOn.[115] Hungariak 2024ko otsailean bere betoa bertan behera utzi ondoren,[116] Suedia NATOn sartu zen martxoaren 7an.[117]
Erretagoardiako gizarte- eta politika-arloko ondorioak
Errepresioa
Inbasioa hasi eta berehala, Kremlineko gobernuak debekatu egin zuen inbasioari gerra esatea, "operazio berezi" bat zelakoan. Errusian antolatu gerraren kontrako elkarretaratzeak debekatu egin ziren edo poliziak desegiten zituen. Gainera, bi asteren buruan, Errusian inbasioari buruzko informazio faltsua zabaltzen zuten hedabideen kontrako lege bat onartu zen, eta ia berehala Errusiako agintariek gobernuaren ildo politikoaz kanpora kokatzen zen eta milioika entzule zituen Moskuko Oihartzunak irrati katea iraunkorki itxiarazi zuten.[118]
2022ko apirilean, poliziak Vladimir Kara-Murza, Putinen erregimenaren kontrako buru ezagunenetako bat, atxilotu eta espetxeratu zuen, Estatu Batuetako Arizona estatuan Errusiako armadari buruzko informazio faltsuak zabaldu zituelakoan. Evguenia haren emazteak salatu zuenez, Errusian gerra horren kontra jendaurrean edozer esatea hamabost urte arteko espetxealdiaz zigortzen da.[118] Errusiaren kontrolpeko Ukrainiako lurraldeetan, errusiar agintariek askotariko neurriak hasi ziren ezartzen bertako biztanleria behartuki errusiartzeko, administrazio-, hezkuntza-, hizkuntza- eta kultura-arloko neurriak, errepresalia gogorrak ezarriz uko egiten zieten herritarrei.[119]
Kontrako aldean, 2014an Euromaidanean hasitako joerari lotuz, inbasioa hasi eta aste batzuetara, martxoan, Volodymiyr Zelenskyk debekatu egin zituen errusiarren alde jokatzearen akusaziopeko alderdiak, orotara inbasioaren aurreko hauteskundeetan milioika boto jaso zituztenak: botoen % 16-20 inguru. Ukrainar agintarien debeku-joera hori 2015ean hasi zen, alderdi komunistak legez kanpo utziz, urte horretako komunismoaz garbitzeko legearen arabera. Veneziako Batzordeak hori gogor kritikatu zuen.[120] Une honetan, ez dago bere burua ezkerrekotzat jotzen duen alderdirik Ukrainan. 2022ko martxoan, gero eta handiagoa zen Ukrainan agintariek jazarritako blogari eta aktibista ezkertiarren kopurua. Polarizazio horrek, aldi berean, errusiarren lerroetara bultzatu ditu beren burua pertsegitua ikusten duten pertsona ugari, Ukrainan etorkizunik ez dutelakoan.[120]
Mobilizazioaren ondorioak
Gerrak aurrera egin ahala, galtzen joan ziren hasierako gogo eta motibazio orokorra. Bi urte igarotakoan, datu ofizialik egon ez arren, AEBko funtzionarioek estimatu zuten 70.000 ukrainar gerlari hil zirela frontean;[121] pixka bat geroago, berriz (2024ko otsailaren 26an), Zelenskyk adierazi zuen 31.000 gerlari ukrainar hil zirela frontean.[122] Aldi horretan, 1,1 milioi kideko indar militar ukrainarrak ez ziren txandakatu, nekaturik eta higaturik zeuden, eta premia handia zen haiek ordezkatzeko. Estatu Gorenak 500.000 gizon gehiago erreklamatu zituen ukrainar armadarako, 2023ko abenduaren 19an Volodymyr Zelenskyk adierazi zuenez. Horrek, ordea, Ukrainako barne tentsioak areagotu baizik ez zituen egin. 2024ko otsailerako, Ukrainian oso zabaldurik zegoen herritar gehiago mobilizatzearen kontrako jarrera.[123]Moskuko 2024ko martxoaren 22ko atentatuen ondotik, lehen aldiz, Errusiako Gobernuak Ukrainarekin gerran zirela adierazi zuen.[124]
Kultura eta hizkuntza arloko inplikazioak
Ukrainako biztanleriaren zati handi bat errusieraz mintzatzen da, historikoki Errusiako eta Sobiet Batasunaren estatu proiektuari loturik garatu den joeraz.[125] Ukrainako 43 milioi biztanletik (2022ko urtarrila), % 63k ukrainera zuten ama hizkuntza, eta % 10ek, berriz, errusiera.[126] Aldiz, inbasioaren ondorioz, asko izan dira Ukrainako biztanleak ukrainerara aldatzen, errusiera erasotzaileen hizkuntzatzat jo ondoren, baita lehen hizkuntzatzat errusiera zutenak. Ukrainaren gobernu egiturek sustatu dute 1991tik, orduko konstituzioan ukrainera bihurtuz hizkuntza nazional bakartzat. Haatik, lege hori ez zen aplikatu eta ez zituen eguneroko ohiturak asko aldatu. Hori aldatzen ari da, orain.[125] 2022ko ekainaren 21ean, gerra betean, Kieveko Errusiako motiboak zituzten kale izenak aldatzearen alde egin zen bozketa batean.[127]
Erlijioa da beste gai arantzatsuetako bat, ukrainarrak Eliza ortodoxoaren partaide baitira, Moskuko patriarkatuaren mendeko. Hamarkadetan, ukrainar ortodoxoek kontraesanez bizi izan dute hierarkia horren pisua. 2010ean, apezpiku-hierarkiak bilkura batera deitu zituen Kherson inguruko 200 apaiz, beren elizetan errusiarren aldeko Viktor Janukovitxen aldeko botoa eska zezaten, Le Monde aldizkariak azaldu duenez.[128] Gainera, 2022ko inbasioaren ondoren, parrokietako apaizek aginduak jasotzen zituzten bertako eliztarrek ukrainar armadarekin "errusiarrak hiltzeko" bat egin ez zezaten, eta errusiar militarrak askatzaile gisa omentzeko.
2023ko uztailean, Khersonen, Natibitatearen Andre Maria elizak harremana hautsi zuen Moskuko patriarkatuarekin, bat eginez Ukrainako Elizarekin. Oro har, isiltasuna izaten da nagusi elizetan obedientzia desberdinen gainean.[128] 2023ko uztailean, Odesako katedral historikoak kalte larriak jasan zituen, ustez errusiar misil batek eraginda. Samin handia eragin zuen, eta katedraleko apaiz nagusiak "terrorismo" eta "basakeria" hitzak erabili zituen erasoari buruz.[129] Ukrainako Elizak Eguberri ospakizunak urtarriletik abenduaren 24ra aurreratzea erabaki zuen, Eliza ortodoxoaren tradiziotik urrunduz eta katolizismora hurbilduz: gerra aurretik ukrainarren % 18k ospatzen zuen Eguberria abenduan; egun, berriz, hiru halakok. Hala ere, eliza bakoitzak hautatzeko askatasuna gordeko luke.[130]
↑NATOk defentsarako zeharkako laguntza militarra eskaini du.[6]
↑Errusiar garaipen honen aurreko egunean, Aleksei Navalni errusiar oposizio burua hilik agertu zen espetxean.
↑Txinak, hain zuzen, Errusiaren antzeko beldurrak agertu ditu Ekialde Urrunean, AEBren ustezko zabalkundeaz eta Txinaren kontrako NATOren moduko aliantza militar bat eratzeari buruz; ikus Poch, Rafael. "Ukraina. Gerraren nondik norakoak". Argia, 2.831, 2023-07-02.
↑ abcd(Ingelesez)Beaumont, Peter; Symons, Harvey; Scruton, Paul; Swan, Lucy; Kirk, Ashley; Morresi, Elena. (2023-06-09). «A visual guide to the collapse of Ukraine’s Nova Kakhovka dam»The GuardianISSN0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-06-11). Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name ":1" defined multiple times with different content