Signe Brunnström

Signe Brunnström
Bizitza
JaiotzaSolna (en) Itzuli1898ko urtarrilaren 1a
Herrialdea Suedia
 Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaDarien1988ko otsailaren 21a (90 urte)
Hezkuntza
HeziketaSuediako Kirol Eta Osasun Zientzien Eskola
New Yorkeko Unibertsitatea
Jarduerak
Jarduerakzientzialaria, fisioterapeuta eta hezitzailea

Anna Signe Sofia Brunnström (Solna, Suedia, 1898ko urtarrilaren 1[1] - Darien, AEB, 1988ko otsailaren 21 [2]) fisioterapeuta suediarra izan zen, batez ere Ameriketako Estatu Batuetan lan egin zuena. Bere lan jarduna ariketa terapeutikoaren arloan hasi zuen; gero anputazioak zituzten pazienteen eta burmuineko kalteen ondorioak zituzten gaixoen errehabilitazioan ekarpen garrantzitsuak egin zituen.[3]

Hastapenak Europan

Brunnström Karlberg jauregian jaio zen, Stockholm ondoko Solna udalerrian, aita Edvin bertan kokatutako Suediako Armadaren Akademiako kapitaina baitzen;[4] ama Hedwig Lidman berriz, irakaslea. Hiru ahizpetatik zaharrena zen, eta aitaren ogibideak familiari leku aldatze ugari ekartzen bazizkion ere, Signek hezkuntza ona izan zuen amari esker: etxean frantses, ingeles eta aleman hizkuntzak irakatsi zizkion.[5] Ondoren 16 urterekin Uppsalan zientzia, geografia, historia eta gimnastika ikasi zituen 3 urtez; 1917an graduatu zen. Gero, izena eman zuen Stockholmeko Kungliga Gymnastiska Central Institutet (GCI) ikastetxean (Gimnastikako Errege Institutu Zentrala, 100 urte lehenago Pehr Henrik Ling fisioterapeutak sortutako eskolan, alegia[4]). Han ariketa terapeutikoa ikasi zuen, garai hartan "suediar gimnasia" bezala ezagutzen zena. Brunnström kalistenia arloan nabarmendu zen, eta bertako ikasketak 1919an amaitu zituen, Gymnastikdirektor titulua eskuratuz (fisioterapia zein gorputz hezkuntza arloetan jarduteko ahalmena ematen ziona).[6]

GCI-ko ikasle askoren modura, ikasketen ostean Brunnströmek atzerrira jo zuen. Denbora labur batez Medevi Brunn bainuetxean jardun eta gero, 1920ean Suitzara aldatu zen, eta Bernan norvegiar fisioterapeuta batekin lan egin zuen; 1921ean Luzernara mugitu zen, garai hartan turismo gune garrantzitsua zeba; han Sjugymnastik Institut izeneko erakundea ireki zuen. Bertan, eskoliosia eta poliomielitisa zuten tratamenduan arrakasta eta ospea lortu zituen;[5] gainera, emakume langileei zuzenduta, ariketa terapeutiko gau-eskolak ematen zituen.[4]

Ameriketako Estatu Batuetan

1927an New Yorkera aldatu zen, eta Hospital for the Ruptured and Crippled erietxean lanean hasi zen; bertako fisioterapia departamenduan 14 fisioterapeuta eskandinaviar aritzen ziren, eta Brunnström haien ordezkari nagusia bihurtu zen. Gainera, depresio ekonomikoaren eragina berdintzeko,[4] Metropolitan Life Insurance aseguru konpainiaren gimnasioan monitore bezala sartu zen; han emakume langileen artatzean nabarmendu zen, eta ariketa terapeutiko klaseak abiatu zituen.[6] Bertan 20 urtez lanean arituko zen, bere kontsultan ere pazienteak hartuz (bere kontura etorriak zein medikuek bidaliak).[4]

1931ean Barnard Collegean sartu zen, kimika eta ingelesa ikasketak burutuz. Hizkuntzarekin ondo konpontzen zela ikusita, New Yorkeko Unibertsitatean (NYU) ikasketak abiatu zituen: Gorputz Hezkuntza eta Arte Ederren gradu ondoko ikasketak egin zituen bertan. 1934ean AEBko nazionalitatea lortu zuen.[6]

1938an, NYUan ariketa terapeutiko irakasle bezala lanean hasi zen; lau urtez arituko zen bertan

1941ean Sheppard Fieldeko (Texas) Aire Armadako ospitale militarrean aritu zen, Gurutze Gorriaren bidez fisioterapeuta zibil bezala. 1943an lan hori utzi zuen eta AEBetako Armadako Zerbitzu Medikuetan izena eman nahi izan zuen, baina adinarengatik (45 urte) ez zuten hartu; orduan Itsas Armadan eman zuen izena, eta Mare Islandeko (California) ospitalera bidali zuten, fisioterapia zerbitzuko ofizier arduradun bezala. Leku horretan anputazioen tratamendurako ekarpen garrantzitsuak egin zituen, Henry Kessler ofizial mediku gaztearekin elkarlanean. Brunnström 1946an lizentziatu zen Armadatik, lotinant graduarekin.[4]

1948an NYUra itzuli zen, Errehabilitazio Medikuntza Institutuko fakultatean ikerlari laguntzaile gisa sartu baitzen, gerra-beteranoen protesiei buruz eginiko ikerketa baterako. Kalifornia eta Stanfordeko Unibertsitateetan ere lan egingo zuen. Gainera, Kesslerrek gerra ostean sortutako Errehabilitazio Institutuaren Hezkuntza Profesionaleko zuzendari postua bete zuen Brunnströmek. Hortaz gain, hainbat erakundetan aholkulari klinikoa izan zen: Burke Fundazioa (White Plains, New York), New York State Rehabilitation Hospital (West Haverstraw) eta Gerra Beteranoen Administrazioan.[4]

1951ean Fulbright beka bat eskuratuz Greziara joan zen; han fisioterapia eskola baten sorreran lan egin zuen, eta auxiliarrak formatu zituen anputatuekin egiteko ariketa terapeutikoan. Garai horretan Brunnströmek ikastaroak, mintegiak eta tailerrak eten gabe eman zituen.

1955ean Kinesiologia irakasten aritu zen fisioterapia eta terapia okupazional ikasleentzat, Columbia Unibertsitateko (New York) Medikuntza eta Zirujia Fakultatean. Han ikasleendako ikasliburu bat prestatu zuen; 1962an argitaratuko zen Clinical Kinesiology izenburupean, eta fisioterapia eta terapia okupazionaleko ikasleei zuzendutako lehen kinesiologia testuliburua izan zen (ordura arte argitaratutako kinesiologia liburuak gorputz hezkuntzara eta jardun atletikora zuzenduak ziren).[4]

Brunnströmek aitortza asko jaso zituen: 1945eko AEBetako Itsas Armadaren Meritu Dominatik hasita, 1965ean Marian Williams Ikerketa Saria jaso zuen American Physical Therapy Association (APTA) elkartearen ekimenez; 1973an Buffaloko Unibertsitate Publikoaren Aipamena; 1974an ohorezko kide izendatu zuten Fisioterapeuta Suediarren Elkartean; 1987an APTAren zuzendaritza batzordeak Irakasketa Klinikoaren Gorentasun Sariari bere izena eman zion (Signe Brunnström Award for Excellence in Clinical Teaching).[4]

Ezkongabea, 1988an hil zen Darien (Connecticut) hiriko egoitza batean, 90 urte beteta.[4] Suedian ehortzi zuten, Helsingborgeko kanposantuko familia-hilobian.

Brunnström adigaia

Brunnströmen ekarpenik ezagunena buruko isurien ondoriozko hemiplegien arloan da. 6 errekuperazio-etapa deskribatu zituen, mugimendu-txantiloi sinergikoetan oinarrituz. Pazienteek ez zuten zertan seietatik igaro behar; haietako batean edo bestean egonkortu zitezkeen,[7] lesioaren larritasuna, kokapena eta pazientearen erantzunaren arabera.[8] Hauek dira sei etapa horiek:[9]

Etapa Deskribapena
1 Iktusaren osteko lehen unea: muskuluen biguntasuna dago eta ez da inolako mugimendurik afektatutako aldean.
2 Errekuperazioaren hastapena: espastizitatearen aktibazioa, erreflexu handituak eta "derrigorrezko sinergiak" (mugimendu sinergikoen txantiloiak). Derrigorrezko sinergia hauek estimulu edo mugimendu jakin batzuei erantzunez pizten dira, eta mugimenduen txantiloi osoa bete ditzakete, ala zati bat bakarrik.
3 Espastizitatearen eta derrigorrezko sinergien gradu gorena: pazientea txantiloi sinergikoak boluntarioki kontrolatzen hasten da, baina gradu txiki batean.
4 Espastizitatea eta derrigorrezko sinergiak indarra galduz doaz: pazientea errazago mugitzen hasten da.
5 Espastizitatea gehiago jaisten da, eta pazientea txantiloi sinergikoetatik libreago mugitzen da. Etapa honetan giltzadurak banaka mugitzeko gai da, eta mugimendu konplexuagoak konbina ditzake.
6 Espastizitatea ez da handia; mugimendua eta koordinazioa ia normalak dira.

Sei etapa hauetan oinarrituz, iktus batetik errekuperatzen ari den pertsonaren egoera eta eboluzioa neurtzeko eskalak garatu dira, adibidez Fugl Meyer Assessment of Physical Performance (FMA),ebidentzian oinarritutako medikuntzaren arabera balioztatua eta fisioterapian eta terapia okupazionalean asko erabiltzen dena.[10]

Jardun akademikoa eta argitalpenak

Signe Brunnströmek lehen artikulu zientifikoa 1935ean argitaratu zuen, The Physiotherapy Review aldizkarian: Faulty Weight Bearing: With Special Reference to Position of Thigh and Foot ("Zama-karga akastuna: izter eta oinaren posizioari erreferentzia berezia eginez"); atzetik beste 22 etorriko ziren.[11] Artikuluez gain, liburu iruzkinak, filmak eta testuliburuak argitaratu zituen protesi entrenamendu,[12] kinesiologia eta ariketa terapeutikoari buruz. AEBetako eta Europako autoreen itzulpen asko ere egin zituen (Blix, Borelli, Bethe eta Franke, Braune eta Fisher, Elfman, Duchenne, Fick, Inman, Marey, Magus eta Weber anaiak).[4]

Zenbait argitalpenen erreferentziak:

  • 1957: (Kerr, D. eta Sloan Dean, C.-ekin) Training of the Lower Extremity Amputee. AJN, American Journal of Nursing, 57(7), 834-852.
  • 1962: Clinical Kinesiology.[5]
  • 1970: Movement Therapy in Hemiplegia : A neurophysiological approach, 1970
  • 1972: (R. Dickinsonekin) Clinical Kinesiology.
  • 1983: Brunnstrom's clinical kinesiology.

Erreferentziak

  1. Solna födelsebok Riksarkivet
  2. Dödsannons i Svenska Dagbladet 21 maj 1988
  3. Jay., Schleichkorn,. (1990). Signe Brunnstrom : physical therapy pioneer, master clinician and humanitarian. SLACK ISBN 1-55642-127-3. PMC 869036272. (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).
  4. a b c d e f g h i j k «Biographical Sketch of Signe Brunnstrom, 1898–1988 | Brunnstrom's Clinical Kinesiology, 6e | F.A. Davis PT Collection | McGraw-Hill Medical» fadavispt.mhmedical.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).
  5. a b c «skbl.se - Anna Signe Sofia Brunnström» skbl.se (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).
  6. a b c Houglum, Peggy A.. (2012). Brunnstrom's clinical kinesiology.. (6th ed.. argitaraldia) F.A. Davis ISBN 978-0-8036-2352-1. PMC 756157737. (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).
  7. Brunnstrom, Signe. (1970). Movement therapy in hemiplegia: a neurophysiological approach. New York, Medical Dept., Harper & Row ISBN 978-0-06-140547-1. (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).
  8. Physical rehabilitation. (5th ed. argitaraldia) F.A. Davis 2007 ISBN 0-8036-1247-8. PMC 70119705. (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).
  9. (Ingelesez) Wade, D. T.; Wood, V. A.; Hewer, R. L.. (1985-01-01). «Recovery after stroke--the first 3 months.» Journal of Neurology, Neurosurgery & Psychiatry 48 (1): 7–13.  doi:10.1136/jnnp.48.1.7. ISSN 0022-3050. PMID 3973623. PMC PMC1028175. (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).
  10. Fugl-Meyer, A. R.; Jääskö, L.; Leyman, I.; Olsson, S.; Steglind, S.. (1975). «The post-stroke hemiplegic patient. 1. a method for evaluation of physical performance» Scandinavian Journal of Rehabilitation Medicine 7 (1): 13–31. ISSN 0036-5505. PMID 1135616. (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).
  11. Brunnström, Signe. (1935-05-01). «Faulty Weight Bearing: With Special Reference to Position of Thigh and Foot» Physical Therapy 15 (3): 83–87.  doi:10.1093/ptj/15.3.83. ISSN 0031-9023. (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).
  12. «Leg Amputee» The Journal of Bone & Joint Surgery 33 (4): 1048. 1951-10  doi:10.2106/00004623-195133040-00056. ISSN 0021-9355. (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).

Ikus, gainera

Kanpo-estekak