Parke nazionalari Salamajärvi aintzirak ematen dio izena eta, nahiz eta, iparraldean dagoen aintzira ez dagoen guztiz babestua, parke nazionalaren ikur nagusia da.
Historia
Suomenselkäko eskualde honetara, biztanleak, XVI. mendearen hasieran iristen hasi ziren. Hauek oihanak erre eta luberrietan zekalea, arbia eta garagarra landatzen zuten eta neurrigabeko arrantza eta ehiza egiten zuten.
XVII. mendetik aurrera egur-mundruna bilakatu zen bertako herritarren lanabes nagusia eta hurrengo bi mendeetan pinudietatik lortzen zuten egur-mundruna egiten jarraitu zuten. Hala ere, Metsähallitus erakundearen sorrerakin 1859. urtean eta Salamajärvi Parke Nazionalaren sorrerakin 1982. urtean, egoera aldatzen hasi eta herrialdeko ingurune babestu osasuntsuenetako bat bilakatu zen [2].
Natura
Parke nazionala arro batean dago eta, ondorioz, azalera gehiena eremu zingiratsuek osatzen dute. Zingira, aintzira eta padura eremu honetan, landaredia eta fauna oso aberatsak dira eta ekosistema desberdinek espezie anitz erakartzen dute. Parke nazionalaren bihotzean dagoen Heikinjärvenneva da eremu paduratsuen artean ospetsu eta handiena, eta gune honen ertzean, paraje finlandiarra eta bertako espezie guztiak ikusteko behaketa dorre garai bat dago. Animalia espezie ugariena hegaztiena da; haien artean, borrokalariak, istingor arrunt eta txikiak, eta kuliska pikart eta zuriak. Ur-hegaztiek ere gogoko dute eremu hau eta parke nazionalari izena ematen dion Salamajärvi, Särkijärvi, Heikinjärvi eta Iso Koirajärvi aintziretan, eta Matolampi, Iso Pajulampi, Sysilampi, Tavilampi eta Ruuhilampi urmaeletan antzara hankahoria, kurriloa eta Finlandiako ikur nagusietako bat den zisne txistularia bezalako hegaztiak ikus daitezke [3].
Guztira, 60 km-ko bide-sarea dago. Oinezkoentzako, arraunlarientzako, txirrindularientzako eta eskiatzaileentzako luzera desberdineko bide markatuak daude. Luzeenak, Hirvaan kierros izenekoak, 59 km dauzka eta seinale urdinez markatua dago; motzenak aldiz, 1,5 km-ko luzera dauka eta Lasten luontopolku izena du (euskaraz, Umeen natura bidea). Gainera, XIX. mendean herritarrek erabiltzen zituzten bordak eraberritu egin dituzte bisitariek gaua bertan pasa nahi izanez gero erabiltzeko [5].
Kaulus izeneko sauna bat dago parke nazionalaren erdian eta XX. mende hasierako egurrezko egitura duenez, babestua dago. Hilgabeko arrantza eta perretxiko bilketa baimendua dago parke guztian zehar; bainua aldiz, aintzira handienetan baino ez dago onartua.
Valtatie 4 eta 13 autobideen bitartez Kinnula, Kivijärvi eta Perho udalerrietara irits daiteke. Bertatik Kantatie 58 errepidea hartuz gero, seinaleak bisitariak parke nazionaleraino gidatuko ditu. Garraio publikoz joan nahi bada, udalerrietatik Jyväskylä eta Kokkola hirietara doazen autobusek geldialdiak dauzkate parke nazionaleko sarreretan [6].