Syöte Parke Nazionala (finlandieraz, Syötteen kansallispuisto) Ipar Ostrobotnia eta Lappi eskualdeen artean dagoen parke nazional bat da. 299 km²-ko azalera dauka eta Pudasjärvi, Taivalkoski eta Posio udalerrien artean dago, Iso-Syöte eta Pikku-Syöte eski-estazioen ondoan. Parke nazionala eremu muinotsu batean dago, ehunka urteko izeidien artean, eta lau zatitan banatua dago; Syöte izeneko gune handienean, ibiltaritza udaran eta iraupen eskia neguan praktikatzeko bide ugari dago [1].
Parke nazionala 2000. urtean sortu zen, ekosistemak eta eskualde honen berezko kultura (elur-orein zaintza, basogintza) mantentzeko, naturaren erabilera jasangarria sustatzeko eta ingurumen ikerketak bultzatzeko helburuarekin. Eremu babestuetan turismo jasangarria sustatzeagatik EUROPARC federazioaren saria jaso zuen 2004. urtean [2].
Historia
Eremu hau, leku aberatsa eta oparoa izan da aspalditik. XIX. mendearen hasieran esaterako, bertako bordetan bizi ziren egurgileek egurra mundu osoan zehar esportatu zuten.
Basoko samien lurraldea zen eremu honetara iritsi ziren lehen finlandiar biztanleak, XVI. mendearen bukaeran iritsi ziren savoniarrak izan ziren. Hauek, laborantzarako luberriak sortu zituzten eta bertako baso zahar eta birjin asko erre zituzten. Ondorioz, gaur egun parke nazionalaren txoko askok aho bukaerako izenak dituzte, euskarazkosoilgune hitzaren parekoa. Metsähallitus erakundearen sorrerarekin batera 1859. urtean, luberriak sortzeko basoen erreketa geldiarazi zen eta aspaldiko basoak oihanberritzeari ekin zioten herritarrek. Gaur egunera arte mantendu diren belardiak babestuak daude beren balio historikoagatik; besteak beste, Latva-Korte-Kärppävaara guneko belardiak.
Baso-mozketak ere eragina utzi du parke nazionaleko parajean. Izan ere, aldapetan zeuden zuhaitzen enborrak mugitzea zailagoa izaten zenez, lauan zeuden zuhaitzak moztu ohi zituzten egurgileek. Honela, muinoetan dauden zuhaitzak, argi eta garbi, eremu lauetan dauden zuhaitzak baino zaharragoak dira.
Lehen esan bezala, gaur egun desagertua dagoen sami tribu batekoak ziren parke nazionaleko berezko biztanleak, basoko samiak hain zuzen. XVI. eta XVII. mendeen artean suediarren eraginagatik desagertu zen tribu hau, neguan bertako likenez elikatzen ziren baso elur-oreinen zaintzatik, ehizatik eta arrantzatik bizi zen. Honela, ehizarekin eta, orokorrean, animaliekin zerikusia duten izen asko dute parke nazionaleko txokoek; adibidez, Hirvikumpu (Altzeen mendixka), Peuransuo (Elur-oreinen zingira), Ahmasuo (Jatunen zingira), Oravivaara (Katagorrien muinoa) edo Hanhilampi (Antzaren urmaela) [3].
Natura
Parke nazionala Koillismaa izeneko Finlandiako eskualdean dago, hau da, Errusiar mugaren, Kainuuko muino txikien eta Lappikobaso eta tundraren artean dagoen eskualdean. Parke nazionala, beste arrazoi batzuen artean, Ipar Ostrobotniako amildegi, baso zahar, zingira eta, orokorrean, natura babesteko sortu zen 2000. urtean. Hain zuzen, gune desberdin guzti hauek hobeki babesteko, parkea lau zatitan banatua dago: Latva-Korte-Kärppävaara, Maaselkä, Salmitunturi eta Syöte.
Azalera guztiaren bi heren, baso zaharrek osatzen dute; hau da, ehunka urtetan inongo giza eraginik jaso ez duten basoek. Izeidiak nagusi diren eremu honetan, bizitzaren zikloa jarraitzen duten zuhaitz eroriek betetzen dute lurrazala eta urte guzti hauetan galtzeko arriskuan dauden animalia askoren habitata bihurtu da; esaterako, katagorri hegalari siberiarrena, arrano beltzena eta urretxindor pikartena. Koniferoen basoek eta bertan bizi diren txio arruntek eta belatz txikiek ere beren lekua dute eremu babestu honetan [4].
Parkearen azaleraren gainontzeko herena, amuarrain arruntak eta urtxakurrak jabe diren aintzira eta ibaiek, belardiek, Kouvajärvi aintzira inguruko kareharriak, eremu zingiratsuek eta muino txikiek osatzen dute. Bertan aurki daitekeen natura eta habitata oso aberatsa eta berezia da Europan.
Hegoaldean, urtero milaka bisitari eta eskizale erakartzen dituzten Iso-Syöte eta Pikku-Syöte muinoko eski-azpiegiturak daude. Aipatu beharra dago, 432 metro dauzkan eta parke nazionala osatzen duen Iso-SyöteFinlandian hegoaldeen dagoen muinoa dela.
Ibilbideak eta Irisgarritasuna
Syöte Bisitarien GuneaIso-Syöte muinoaren magalean dago eta 2003. urtean eraiki zen. Bertan, parke nazionalaren inguruko infomazio guztiaren berri izan dezakete bisitariek; hala nola, ibilbide-sarearen mapa eskuratu, parke nazionalaren historiari buruzko erakusketa ikusi edota Metsähallitus erakundeak antolatzen dituen ikastaroen berri izan dezakete.
122 km-ko markatutako bide-sarea dago. Sasoiaren arabera, kanoaz, bizikletaz, eskiz edo oinez egiteko ibilbideak dira, 0,7 eta 36 km bitartekoak, eta parke nazionaleko leku desberdinak ezagutzeko bideak dira (hala nola, Euri-bideen bidea edo Pärjänjoki ibaiko kanoa bidea). Ibilbide luzeak egin nahi izanez gero, bertan lo egiteko hainbat borda daude parke nazional guztian zehar eta, gainera, natura zaintzen bada, hilgabeko arrantza eta perretxiko bilketa egiteko aukera dute bisitariek [6].