Seitseminen Parke Nazionala (finlandieraz, Seitsemisen kansallispuisto) Pirkanmaa eskualde finlandiarrean dagoen parke nazional bat da. Suomenselkä eskualdean dago, Ikaalinen eta Ylöjärvi hirien artean. Gainera, Helvetinjärvi Parke Nazionaletik gertu dago eta biek batera, ibiltarientzako bide-sare luzea antolatu dute. Eremu zingiratsu eta basotsuetako habitat desberdinak babesteko sortu zen parke nazionala 1982. urtean eta, guztira, 45,5 km²-ko azalera dauka [1].
Gune hau, basogintza leku bat izan da XIX. mendetik. Inguruko biztanleak bertako oihanetik bizi ziren eta Ikaalinengoherrixketako bizilagunak gainera, arrantza eta ehizatzera etorri ohi ziren. XX. mende hasieratik ordea, bertako baso zaharrak babestu ziren eta oihana galdutako guneak zuhaitzez berrezarri zituzten.
Parke nazionalaren barruan Koveron Kruununmetsätorppa izeneko eta 1850ean eraikitako etxaldea dago. Bertan, XX. mende hasierako modura bizi den familia bat dago eta bisitariek finlandiar landa-bizimoduaren berri izateko aukera bikaina dute [3].
Natura
Izotz Arotik gaur egunera iritsi zaigun aztarna nabariena iparraldetik hegoaldera doan Seitsemisharjueskerra da. Eskerrak hain zuzen ere, fenomeno geologiko bat dira, metro gutxiko zenbat muino sortzen dituzten alubioi-metaketak. Seitsemisharju eskerraren lekurik garaiena 220 metroko Rappumännynmäki muinoa da [4].
Parke nazionalaren bihotzean Multiharju izeneko oihan zaharra dago. 1910. urtetik babestuta dagoen gunea da eta zuhaitz zaharrenek 400 urte baino gehiago dauzkate; zuhaitz ospetsuenak lertxunak eta izeiak dira. Pitkäjärvi aintzira eta Seitsemisjoki ibaiaren ertzean ere, zuhaitz zaharrak ikus daitezke. Bertan habiaratzen duten hegazti espezieak asko dira, haien artean, euli-txorri papargorriak, mozolo txikiak, okil hiruatzak eta uraleko urubiak.
Bertako basoetan ere, herrialdeko babestutako karraskarietako bat aurki dezakegu, Katagorri hegalari siberiarra hain zuzen. Azkenik, aipatzekoa da parke nazionalaren ikurra den eta gauetan baino ikus ezin daitekeen lepahoria[5].
Ibilbideak eta Irisgarritasuna
Seitseminen Bisitarien GuneaLänsi-Aure herrian dago eta bertan, parke nazionalaren inguruko infomazio guztiaren berri izan dezakete bisitariek; hala nola, ibilbide-sarearen mapa eskuratu, parke nazionalaren historiari buruzko erakusketa ikusi edota Metsähallitus erakundeak antolatzen dituen ikastaroen berri izan dezakete.
60 km-ko markatutako bide-sarea dago parke nazionalean. Oinezkoentzako, txirrindularientzako, eskiatzaileentzako eta arraunlarientzako ibilbideak dira eta sasoiaren arabera, batzuk edo besteek erabiltzen dituzte. Bide luzeenak 40 km luzera dauka eta motzenak aldiz, 0,5 km-koa. Hilgabeko arrantza baimendua dago, baita bainua ere; hala ere, Iso-Seitsemisjärvi aintziran ur-hegaztiek habiak dauzkaten guneetan debekatua dago bainatzea [6].
Parke nazionalera iristeko Valtatie 3 edo 23 autobidea hartu beharra dago. Behin Ikaalinen, Kuru, Parkano edo Ylöjärvi herrietara iritsita, bertatik bisitariak parke nazionalera zuzentzen dituen seinaleari baino ez zaio jarraitu behar. Garraio publikoa erabili nahi izanez gero, Kuru eta ParkanotikTamperera egunero doazen autobusek parke nazionalaren sarreretan geraldia dauzkate [7].