Rock musika hainbat mugimendu politiko eta sozialen bideratzaile izan da, adibidez Erresuma Batuko rocker eta mod mugimenduak edo San Franciscon garatu zen hippie kontrakultura. 1970eko punk kulturak gotikoak, punk mugimendua edo emo azpikulturak ekarri ditu. Protesta-abestiaren folk iturritik edan du rockak, eta askotan arraza, sexua edo drogaren inguruko aktibismo politikoa ere lotu dira musika estilo honekin.
Jatorria: rock and rolla
Musika kultura ezberdinen bategitetik sortu zen rock and rolla. Trukean, rockak kultura horien gainean bere eragina ere izan du, gaur egun rock musika garatzen duen hartu-emaneko prozesua sortuz. Ameriketako Estatu Batuetan jaioa, berehala hedatu zen mundura. Arrakastak rockaren definizioa ere zabaldu eta lausotu zuen.
Rock and rollaren onarpen Britania Handian genero berriaren gaineko zaletasuna piztu zen, eta artista propioak sortzen hasi ziren. Geroago The Beatlesera laburtzekoa zen izena, 1960anThe Fabulous Silver Beatles zen, Buddy Hollyri egindako omenaldia.
Surf musika
Rockabilly soinua AEBetako mendebaldera hedatu zen, ia-ia instrumentu hutsezko surf musika sortuz, surf kultura rock and roll kulturaren aurkaritzat jotzen bazen ere. Dick Dale edo The Surfaris gisako musika taldeek erritmoa bizkortu, perkusioa berritu, eta gitarra elektrikoen soinuak prozesatu zituzten. Beste talde batzuek, hala nola The Beach Boys, Mr. Shears and the Wavettes edo Jand and Dean, berriro erritmoak moteldu zituzten. Ahots harmoniak gehituta, California Sound deritzona sortu zuten.
Rocka Britainia Handian
Jazz mugimenduak blues musikariak erakarri zituen Britainia Handira. Lonni Donenganen1955eko “Rock Island Line” kantak eragin handia izan zuen, eta talde andana sortu ziren irla osoan, tartean John Lennonen The Quarry Men, 1957koThe Beatlesen aurrekaria. Arraza oztoporik gabe, Britainia Handian rock and roll mugimendu ederra garatu zen.
Cliff Richardek lortu zuen rock ‘n’ roll britaniarraren lehen arrakasta “Move it” kantarekin. Rock ‘n’ rolla pop arinean eta baladetan galtzen ari zela, rock talde britainiarrek amerikar zuriek baino sutsuago jotzen zuten. 1962rako, Britainia Handiko rock eszena abiaturik zegoen. AEBetako soul, rhythm and blues edo surf musikaren eragina zabala zen oso. Baina euren rock sormenak tartekatzen hasi ziren, gero eta musika konplexuagorekin.
The Beatlesek irudi, musikagintza eta nortasunaren nahasmen erakargarria bildu zuen. 1962rakoRolling Stones, The Animals eta The Yardbirdsekin batera, blues musikaren eragina erakusten zutenetako bat zen. 1964rako, The Kinks, eta geroago The Who, Mod estiloaren irudia ziren. Hamarkadaren bukaerako, rock talde britainiarrak drogen azpikulturako psikodelia musikaren generoetan aurrerapausoak ematen hasi ziren.
Britania Handiko arrakastaren ondoren, AEBetan zehar tamaina handiko bira prestatu zuten The Beatlesek, Beatlemania izeneko zoratzeko moduko zaletasuna ezezaguna sortuz. Horren ildoan, beste talde britaniarrek ere AEBetara jauzi zuten, batik bat Rolling Stones, The Animals eta The Yardbirds.
1960etako garage rocka
Inbasio britainiar horrek tokian tokiko eszenatokietan eta grabaketa merkeetan jotzen zuten imitatzaile andana sortu zituzten. Geroago, mugimendu hau garage rocka deitzekoa zen. Generoko talde hoberenetakoak The Sonics, ? & the Mysterians, edo The Standells ziren.
Azpikultura baten garapena (1963-1974)
1950eko hamarkadaren bukaeran bai AEBetan bai Britainia Handian gerra kontrako mugimenduak (batez ere bonba nuklearraren aurkako) sortu ziren. Bien kasutan, jazz eszenarekin eta folk mugimenduarekin harremanetan zeuden.
Bob Dylan eta folk rocka
Folk eszenak lotura estuak zituen Britainia Handia eta AEBen artean. Bietan bazeuden jogailu akustikoak, kanta tradizionalak eta mezu soziala zuten blues musika gustoko zituzten folk zaleak. Woody Guthrie aitzindaria izanda, Bob Dylan mugimenduaren bihotza bilakatu zen. Blowin’in the Wind edo Master of War abestiak “protesta kantak” zalego zabalagoari iritsi ziren.
1967ko urtarrilean The Doorsen lehen diskoa plazaratu zen. Urte horretan beste talde aitzindari batzuek berea atera zuten: The Beatlesen Sgt. Pepper’s Lonely Hearts Club Band ekainean, eta urtearen bukaerako Pink FloydenThe Piper at the Gates of Dawn zein CreamenDisraeli Gears.
Progressive rocka
Rocka gitarra-baxua-bateria hirukotetik harago joan zen. Lehen, talde batzuek saxofoiak eta teklatuak erabili bazituzten ere, orain The Beach Boysek eta The Beatlesek (eta haien lidergopean beste askok) instrumentu berriekin jotzen zuten, batzuetan haize arloarekin, korda arloarekin zein orkestra osoarekin. Abestiak hiru minutu baino luzeago irauten hasi ziren. Garai batean jazzari edo orkestratutako pop musikari mugaturik zegoen egitura konplexuak gero eta gehiagotan entzuten ziren.
Disco estilori gehien lotzen zaion taldea The Bee Gees da. Saturday Night Fever filmarentzat egindako musikak garaiko zenita markatu zuen. The Rolling Stones, Rod Stewart, Queen edo The Grateful Dead gisako korrente nagusiko taldeek discoaren erritmoa bereganatu zuten, modarekin bat egiteko nahian.
Generoaren ospeaz baliatuta, talde gehiegi uztartu zuten euren burua disco musikarekin. Bataz beste, musika horren kalitatea amildu zen. Hamarkadaren bukaerako, discoaren kontrako mugimendua sortu zen. Haren ospea galduta ere, soinu dantzagarriak iraun zuen. Disco musika, bere eran, gaur egun ezagutzen dugun hip hop musika (edo rap musika) eragin zuen.
Discoaren soinu ekoiztuegiaren zein progressive rockaren saldukeriaren (arena rocka hain zuzen ere) aurka sortu zen punka. Garage rockaren etikari zor handia dio punka;: musika ezagupen altuak ez ziren beharrezkoak, eta hiru akordeak ezagututa, aise jotzen zen punk. Haietako talde frankok gizartearen gehiengoa astindu nahi zuen. Haien ustez, arbuiatzen zuten disco kultura irribarretsua eta biguna 1960ko hamarkadako “peace and love” (bake eta amodioa) iraultzaren ondorioa zen.
Richar Hell, Television, Patti Smith, The Ramones, Talking Heads eta beste punk talde batzuk eszenatokira igo ziren eta musika eraberritu zuten. Baina punka estetika mugimendua baino gehiago izan zen. The Ramones talde eredugarriaren oldarkeria apolitikoa bazen ere, mugimendu intelektuala zen.
IngalaterranThe Sex Pistolsek ezarri zuten AEBetakoa baino bortitzagoa zen eredua. Izenak ere ezohikoak ziren: Johnny Rotten (Johnny Ustela) eta Sid Vicious (Sid Biziotsua). Britania Handiko establisment delakoaren kontra aritu ziren buru belarri, “Anarchy in the U.K.” eta “God Save the Queen” (“Anarkia Britania Handian” eta “Jainkoak erregina salba dezan” –Ingalaterrako hereserkiaren izena) kantek erakusten duten bezala. The Sex PistolsekThe Clash gisako talde politikoei bidea solatu zieten. The Clashen ikusmoldea hain nihilista ez zen, baina bai idealistagoa eta zabalki politikoagoa.
New wave eta post-punka
Arte ukitua zuten talde irakurriagoak, Talking Heads eta Devo gisakoak, punk eszenan sartzearekin batera, arte eta unibertsitate munduko jendea erakarri zuen punkak. New Wave izena eman zieten hain punkak ez ziren talde haiei.
Punka mugimendu soziala bazen ere, salmentaren aldetik edo korronte nagusiko irratsaioetan arreta eskasa bereganatu zuen. Discoa eta album formako rocka estilo nagusiak izaten ziren. Diskoetxeko exekutiboak, punkak liluratuta ere, new wave errazagoaren ahalmenaz ohartu ziren. Estilo honekin lotura txikiena zeukan edozein taldea kontratatu nahian, The Cars edo The Go-Go’s gisako pop taldeak New wave arropaz jantzi zituzten. Beste talde batzuek, The Policek edo The Pretendersek bezala, New Waven hasita, karrera luzea eta arrakastatsua erdietsi zuten.
Euskal Herrira rocka ez zen 1970eko hamarkadara arte iritsi, eta gehienbat irratiaren bidez heldu zen. Artean bakanak ziren diskoak eros zitezkeen dendak, eta horiek Ipar Euskal Herrian zeuden[4]. Hegoaldean, Francoren diktadurak ez zuen nazioarteko modernitatearen arrastorik sartzen uzten, baina ezer gutxi egin zezakeen frontoietan antolatzen ziren kantaldietan ozen zabaldutako aldarrikapen eta salaketa mezuen oihartzuna isilarazteko. Testuinguru horretan plaza taldeek hartu zuten atzerriko rock taldeen kantuak dantzaldien bidez gizarteratzeko lana. Aldi berean, Ez Dok Amairu desegin ondoren bakarka jarraitutako kantariek (Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi...) eragin handia izan zuten belaunaldi gazteek ingelesez abesteko tentazioari itzuri egin eta euskaraz abesteko erabakia har zezaten. Haiek hasi ziren Donovan, Jacques Brel eta abarren kantuak euskaraz kantatzen, eta gazteentzat aurkikuntza handia izan zen musika modernoa eta euskara lotu zitezkeela jakitea[4]. Hala aitortzen du Anje DuhaldekEuskal rock’n’roll. Histoire du rock basque liburuan:
«
1970eko gau batean joan nintzen Lertxundiren entzutera. Ustekabean Donovanen kantu bat euskaraz abestu zuen. Orduan amerikar folk eta rock asko entzuten nuen, baina ez nuen sekulan pentsatuko hango harmoniak euskal kantuarekin uztartzen ahal zirenik. Gau hartan hori ulertarazi zidan Lertxundik
Duhalde da, hain zuzen, euskal rockaren sorreran parte hartu zutenetako bat. El Fuego izeneko plaza talde batean aritu zen, Mixel Ducaurekin batera lehen euskal rock taldea, Errobi, sortu aurretik. Gure kantagintzaren tradizioa, garai hartako folk-rockaren eraginak eta Daniel Landarten hitz engaiatuak biltzen zituen Errobik. Baionan sortu arren, Hego Euskal Herrian egin zituen kontzertu gehienak, eta urte gutxi batzuk geroago rockak izango zuen gorakadari bidea zabaldu zion[4].
Ordurako, euskal rockak bazuen bere ereserkia, artean argitaratu gabea: “Euskal rock n’ roll“. Parisen ikasle bizi zela idatzi zuen Niko Etxart kantari zuberotarrak, 1969an, Woodstocken (AEB) rockaren historiako jaialdirik ospetsuenetako batean Joan Baez, Creedence Clearwater Revival ,The Who, Jimi Hendrix, Crosby, Stills, Nash & Young, Jefferson Airplane, Janis Joplin eta abar ikustera milioi erdi lagun batu zen urte berean. Haatik, 1979. urtera arte ez zen argitaratu izenburu bereko disko txikian. Laster, belaunaldi batentzat, euskal rockaren sinbolo bihurtu ziren kantua eta Niko Etxart. Parisetik Euskal Herrira itzulita, 1972an, rock abeslari izatea eta euskaraz abestea erabaki zuen Etxartek[4].
Rock progresibo edo sinfonikoaren garaia zen. Pink Floyd, Yes, King Crimson, Genesis, Emerson, Lake & Palmer eta beste hainbat taldek modan jarri zituzten konposizio luzeak, konplexuak eta handinahiak, eta birtuositate instrumentala. Rocka -edota folka, zenbait kasutan- musika kultuarekin edota jazzarekin uztartzen zituzten; kontzeptu edo hari baten inguruan garatzen zuten maiz sorkuntza, eta zuzeneko emanaldietan beste baliabide batzuk eransten zizkioten: irudien proiekzioa, antzezpena… Euskal Herriko musikari gazteak ez ziren Europa osoan zabaldutako joera indartsu horren eraginetik kanpo geratu -Franco hil ondotik, rock musikaren kontsumoa normalizatzen hasi zen-, eta eredu anglosaxoiaren ispiluan begiratu ziren beren taldeak sortzeko. Aurretik aipatutakoez gain, Itoiz, Enbor, Lisker, Magdalena, Sakre, Koska edota Zen taldeek osatu zuten euskal rockaren lehen belaunaldia, 70eko hamarkadaren amaiera aldera. Itoizek izan ezik, talde horiek gehienez pare bat disko grabatu zituzten, sortu berriak ziren diskoetxeetan (Xoxoa, IZ, Elkar), eta 80ko hamarkadaren hasieran desagertu ziren[4].
Garai bertsuan, baina, rock sinfonikoaren joera nagusitik aparte, euskal kantagintzaren tradizioa eta rockaren modernitatea euskal literatura garaikidearekin uztartuko zituen kantari bat sortu zen: Ruper Ordorika. Haren lehen diskoak, Hautsi da anphora (1980), aro berri bat ireki zuen[4].
Rockaren aniztasuna 1980ko hamarkadan
1980ko hamarkadan, rockaren era berriak sortu ziren: Britania Handianheavy metalaren New Wave korrontea, esaterako. Eddie Van Halenek rock gitarrari soinu berriak atera zizkion. Van Halenen David Lee Rothek zein QueenenFreddie Mercuryk abeslariaren papera arte mailara igo zuten. Aldi berean, New Wave-pop taldeek ospetsu jarraitu zuten. AEBetako rock bihotzak zale andana bereganatu zuen, Bruce Springsteen eta Bob Segeren kasuek erakusten duten bezala. Mundu osoko folk musika rock and rollarekin nahastu zen, Paul Simon eta Peter Gabrielek zabaldutako bideari jarraiki.
Hard rocka eta glam metala
1970eko hamarkadaren bukaera arte, heavy metala ilunpean zegoen. Hard rock talde gutxik, Queen, AC/DC, Led Zeppelin edo Aerosmithen kasuetan bezala, zalego ederra lortu zuten. Alabaina, musika kritikariek generoa arbuiatzen zuten, eta ohiko entzuleek beste estiloak hobesten zituzten, hard rocka arrarotzat jotzen zutelako.
Hala ere, 1978an, Van Halenen izen bereko estreinako diskoak egoera irauli zuen. Energia handiko rockaren garaia sortu zen. 1980ko hamarkadako rock generorik arrakastatsuena glam metala izan zen. Aerosmith, The Sweet, Deep Purple edo Black Sabbath gisako taldeetan oinarrituta, Mötley Crüe, W.A.S.P. edo Ratt moduko taldeek, haien bizitzeko era, ilea, makilajea eta janzkera zirela-eta, ospea lortu zuten. Kantak olkarkorrak ziren, sexuan, zurrutean, drogetan-eta oinarriutako letrekin.
Hamarkadaren erdirako, glam metal orok bi kanta nagusi zituen. Bata hard rockaren moduko hereserkia, eta, bestea, balada bat, erritmo motelagokoa, baina taldearen gainerako kanten bezain boteretsua eta ozena.
Alternative musika (musika alternatiboa) 1980ko hamarkadaren hasieran sortu zen musika korronte nagusitik kanpo geratzen ziren taldeak sailkatzeko. Alternative labela zeukaten taldeak ez ziren irrati nagusietan entzuteko errazak. Hala ere, punkari zorrak batzen zuen estiloa. Hamarkada horretako talde garrantzitsuak R.E.M, Sonic Youth, The Smiths, Pixies, Hüsker Dü, The Cure –besteak beste- izaten ziren.
Diskoetxe independientetan mugatuta, underground musika korronte ederra sortu zen irrati eta aldizkari independienteei nahiz ahoz ahoko berriei esker. Salmenten aldetik inork emaitza izugarririk lortu ez arren, hurrengo belaunaldiarenganako eragina erabakigarria izan zen. Hurrengo hamarkadan AEBetangrungeak eta IngalaterranBritpopak erdietsitako arrakastak alternative musika korronte nagusira eraman zuten.
Euskal Herriko Rock Erradikala,[7][8][9]erdal musika ere barne hartzen duen arren euskaraz Euskal Rock Erradikala izenez ezagunagoa (dena dela, gaztelaniaz asmatu zen izena —Rock Radical Vasco, Rock Radikal Vasco edo RRV— eta luzaroan ez zuen euskal izenik izan) Hego Euskal Herrian1980ko hamarkadan izandako euskal eta erdal musikako mugimendu bat da. Estilo ezberdinak sartzen ziren, hala nola punk, rock, ska eta reggaea.
Rock Radical Vasco izena, Egin egunkarian 1983ko urriaren 16an argitaratutako manifestu batean agertu zen lehen aldiz, Jose Mari Blasco musika managerrak sinatua, eta elkarren kontrako hainbat jarrera sorrarazi zuen. Abertzale izan edo ez, talde askori beren burua etiketa horren pean zaku berean sartzea ez zitzaien ongi iruditu. Eskorbutokoek, esaterako, «Rockak aberririk ez du» erantzun zuten.
Musikari haiek batzen zituen ezaugarria kritika sozial eta politikoa zen, eta letretan ia beti botere erakundeak kritikatzen zituzten: Estatua, polizia, monarkia, Eliza Katolikoa, armada eta guardia zibila, konparazio batera. 1980ko krisi ekonomikoa ere beren letretan islatu zuten. Irrati libreekin, fantzineekin, gaztetxeekin eta hainbat talde alternatiborekin batera, ezker abertzalearen inguruko erakundeek musika talde horiei arnasa hartzeko bidea eman zieten. Herri Batasunak, Martxa eta Borroka izeneko kanpainaren bidez, rock kontzertuak eta ekitaldi politikoak uztartzea lortu zuen, eta horrek RRVko taldeei emanaldiak lortzea erraztu zien.[10] Gainera, adibidez Egin egunkariak antolatutako maketa eta kontzertu lehiaketei esker, historiara igaroko ziren hainbat talde ezagutarazi ziren: La Polla Records, Hertzainak, Potato eta Kortatu, besteak beste. Gaur egungo gazteengandik, talde hauek entzuak izaten jarraitzen dute, baina ez lehen bezala.
1980ko hamarkadaren bukaerako, hard rocka eta glam metala nagusitzen ziren rock irratietan. MTVren etorrerak estiloa edukia baino garrantzitsuago zenaren pertzepzioa ekarri zuen. Horren desatseginez, musikari gazteek glam metal zein arena rockaren kontra jo zuten, amorruak eramandako musika sortuz. Seattle hiria izan zen grunge izeneko estilo honen habia.
Rock zuzenagoaren gogoa betetzerakoan, Nirvana, Pearl Jam, Stone Temple Pilots edo Soundgarden gisako taldeei ateak ireki zizkien. Pearl Jamek maila handiko arrakasta lortu zuen hasiera-hasieratik. Nolanahi ere, bigarren diskoaren ondoren, muzin egin zioten MTV eta Ticketmaster konpainiarekin promozionatzeari eta saltzeari.
Grungearen eragina zabala izan zen geografiari eta musikari zegokienez. Rock nagusiarekiko sentipen bera zeukaten orok euren estiloa entzuteko prest zegoen diskoetxeak eta zalegoak aurkitu zituzten bat batean.
Oasisi “munduko talde nagusia” titulua eman zioten, 14 milioi kopia saldu baitziren munduan zehar. Alabaina, euren ospea urrituz joan zen barne hausturak eta era guztietako polemikak areagotu ahala. The Verve desegin zen barneko tirabirak zela kausa. Radiohead, berriz, ikerketa elektronikoan murgildu dira azken disketan, eta arrakastari eutsi ahal izan diote.
Indie rocka
1990eko hamarkadaren erdirako, “alternative” musika jatorrizko esanahiatik urrun samar zegoen, rock irratiek eta zaleek gero eta gehiago sal-erosten zutelako. AEBetan, hamarkadaren amaierako hip hop musikak alternative rockaren lekua hartu zuen. Geratzen zen tokian, pop-punka eta garbitutako grungea ziren rock forma nagusiak.
Halabeharrez edo hala erabakita korronte nagusitik at zegoena indie rockaren barnan sartu zen. Artista horiek euren musikan eta karreran kontrol osoa nahi zuten. Horretarako, batzuetan diskoetxeak propio osatzen zituzten. Promoziorako, ahoz aho hedatutako biretan edota irrati independienteetan konfiatzen ziren. Etikak esiloak baino batuta, indie rockak azpigenero franko ditu: grungeak eragindakoak Superchunk bezala, Pavement gisako talde experimentalak, edo Ani DiFranco moduko punk-folk abeslariak.
Herrialde askotan badago indie eszena zabala, talde komertzialek baino ospe txikiagokoak noski. Herrialdearen barnan badute arrakasta nahikoa, baino erabat ezezagunak mugetik kanpo.
1995ean, KanadakoAlanis Morissettepop artistak Jagged Little Pill kaleratu zuen, eskarmentu gordineko letrak zituen diskoa. Honela, grungean hain ohikoa zen introspekzioa korronte nagusira iritsi zen. Emakumezko artistak ere nabariagoak izan ziren horren harira.
2000ko hamarkadaren hasieran, Napster gisako artxiboak partekatzeko lanabesez baliatuta, lapurreta masiboaren aldarrikapenak musika industria astindu zuen.
Estiloei dagokienez, garage rockaren gaineko ospea berpiztu da. The White Stripes, The Strokes, Jet, The Vines edo The Hives gisako taldeek disko eta kanta arrakastatsueak plazaratu dituzte. Oinarrietara bueltatzen den rocka deitu zaio estilo honi, hare soinu gordina dela kausa.
Milurte berriko lehen hamarkadan hip-hop musikak gora egin du, batez ere Estatu Batuetan, 50 cent, Snoop Dogg, Kanye West, Nelly, Eminem do Jay Z gisako artisten eskutik. Ikerketa batzuen arabera, AEBetako gazteen artean (18 eta 34 urte bitartekoan alegia) hip-hopa da musika generorik ospetsuena. Rhythm and blues generoa ere berpiztu da azken urte hauetan hip-hoparekin nahastu delako. Kasu askotan gainera, zaila da rhythm and blues edo hip-hopa bereiztea. Mariah Carey , Usher edo Alicia Keys izango lirateke rhythm and blueseko artista ospetsuenetakoak. Hala ere, Mariah Carey kenduta, ez hip-hopak ez rhythm and bluesak ez dute rockak adina disko saldu. Historiako disko salduenetako zerrendan agertzen diren gehienak, rock diskoak dira oraindik.
Rock and rollaren eragina luzea da mundu osoko gizartean. Nabaritzen da modan, zinema estiloan, sexuaren inguruko jarreretan eta alkohola edo drogen erabilpenean eragina hain da zabala non rocka, musika generoa ez ezik, bizimodua ere baita askoren ustez. Gainera, rock musikari franko munduan zehar gurtzen dira, haien ospea hain handia da eta.
↑ abcdefgTestu hau cc-by-sa lizentziapean egina dagoen Badok euskal musikaren entziklopediatik jaso da: «Euskal rock-and-rolla»www.badok.eus(Noiz kontsultatua: 2019-04-29).