Benito Lertxundi

Benito Lertxundi

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakBenito Lertxundi Esoain javier
JaiotzaOrio1942ko urtarrilaren 6a (82 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Lehen hizkuntzaeuskara
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakabeslaria, kantugilea eta musikaria
Jasotako sariak
KidetzaEz Dok Amairu
Genero artistikoaherri-musika
Musika instrumentuaahotsa
gitarra

Facebook: benitolertxundiofiziala Badok: benito-lertxundi Spotify: 2Mhkf0GsKbjOIP07K80LyQ Last fm: Benito Musicbrainz: ae082210-b650-458c-9e26-dfadbe159d4e Songkick: 261286 Discogs: 1625906 Allmusic: mn0001882090 Musikasten: benito-lertxundi Deezer: 99743 Edit the value on Wikidata

Benito Lertxundi Esoain (Orio, Gipuzkoa, 1942ko urtarrilaren 6a) euskal abeslaria da, folk musikaren arloan diharduena, beste estilo batzuekin nahasketak eginda. Ez Dok Amairuko kide izan zen, eta kantautore belaunaldi bateko kide ezagunenen artean dago, bai Euskal Herrian bai kanpoan. 2024ko azaroaren 27an, Lertxundik iragarri zuen bukatutzat ematen zuela 60 urteko ibilbidea, eta musikagintza utziko zuela.[1]

Biografia

Bederatzi anai-arrebatatik azkena, musika txikitatik ezagutu zuen etxean, familia giroan abestea ohitura baitzen; hala ere, ez zen musikaririk haien artean. Lertxundi gazteak marrazkirako zuen zaletasuna eta herriko eskolako ikasketak amaituta, frantziskotarrek gidatzen zuten Zarauzko Arte eta Ofizio Eskolan hasi zen. Bertan, buztina eta zura lantzen ikasi zuen, eta tailugile gisa lehen lanak egin zituen.[2]

Hemeretzi urterekin, erloju denda batean hasi zen lanean. Egun batean, bertako jabe Martin Lizasok laut bat utzi zion. Bere kabuz jotzen ikasi zuen. Musikarekiko zaletasuna piztuta, gitarra elektriko bat erosi zuen. Gustuko zituen abeslari estatubatuarren bertsioak euskaratu eta jotzen zituen, Elvis Presleyrenak, esaterako. La Voz de España egunkariak antolatzen zuen kantu txapelketa batean izena eman, eta bigarren geratu zen. Horri esker, Mikel LaboakKataluniatik itzuli berria zen— horren berri izan zuen eta harekin harremanetan jarri. Euskal musikariekin zerbait egin nahi zuen.

Ez Dok Amairu

Ez Dok Amairu taldeko zenbait kide, Atahualpa Yupanqui (ezkerretik hirugarrena) eta Paco Ibáñez (zortzigarrena) kantariekin: Joxean Artze (ezkerretik bigarrena), Benito Lertxundi (laugarrena), Mikel Laboa (seigarrena), Jose Angel Irigarai (zazpigarrena), Xabier Lete (makurtuta, ezkerretik lehenengoa) eta Lourdes Iriondo.
Ipar-Hego Euskal Herrietako hainbat abeslari Zazpiribai kantu-ikuskizunerako bildu ziren 1972an, Ez Dok Amairu desegitean. Parte hartzaileak: Manex Pagola, Ugutz Robles-Arangiz, Patxika Erramuzpe, Peio Ospital, Pantxoa Carrere, Iñaki Urtizberea (txistularia eta xirulatxirularia), Lourdes Iriondo, Xabier Lete eta Benito Lertxundi.[3][4]
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Ez Dok Amairu eta XX. mendeko kantagintza

Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen, 1965ean. Bertan gauza asko ikasi zituela aitortu izan du. Oso gogoan du lehen bilera, Donostiako Kursaaleko zinema zaharrean egina.

« Niretzako surrealista izan zen bilera hura, atera nintzen inpresioarekin ez nuela ezer ulertu, ez nekiela zertan ari ginen. Baina zerbait bazen nigan, sena edo, tiratzen ninduena, horretan jarraitzeko esaten zidana. Bilera batzuk egin genituen, eta hortik sortu zen Ez Dok Amairu taldea. Niretzat berriro jaiotzea, bataioa izan zen. Ordurako kantatzen nuen, baina orduan hartu nuen kontzientzia. Beste nortasun bat, beste kantari bat sortu zen. Garai hartan oso hedatuta zegoen protesta kantutan hasi ginen. »

—Benito Lertxundi[oh 1]


Urte haietan lehen disko txikiak argitaratu zituen. Lehen EPan (Cinsa/Edigsa, 1967), oraindik ere asko entzuten diren bi kantu ezagun zeuden (Zenbat gera, Loretxoa), eta horiekin batera, Lertxundik idatzitako Egia eta Egun sentia. Bigarren disko txikia urte berekoa da (Cinsa/Edigsa, 1967); horretan, Xabier Leterekin egindako bi kantu agertzen dira: Bihar itxaropen eta Gazte sentimental. Horrez gain, Lertxundik konposatutako Gure bide galduak.

1968an hirugarren eta laugarren disko txikiak agertu ziren, Herri Gogoa diskoetxeak argitaratuta. Horietan kantu tradizionalak (Ama ezkondu, Dugun edan) eta berak sortutakoak uztartu zituen (Irripar bat, Jabetasuna). Halaber, bada Xabier Leteren beste kanta bat, Itzak dira itzak.

1971n Ez Dok Amairuk Baga Biga Higa sentikaria estreinatu zuen, eta urte hartan bertan lehen disko luzea argitaratu zuen: Benito Lertxundi (Herri Gogoa, 1969). Aurretik ateratako single bilduma zen, gitarra hutsez abestua; maitasuna eta garaiko egoera soziala uztartzen zituen Lertxundi gazteak. Azken horien artean zegoen Gure bide galduak. Kantu batzuk berak sortutakoak ziren, baina baziren beste egile batzuk sortutako hitzak ere: Jose Anjel Irigarai, Xabier Lete, Anjel Lertxundi eta Gaztelu. Nabarmentzekoa da Abel Muniategik idatzitako Zenbat gera, ikono bihurtu zen abestia. Soilik herri kanta bat zegoen disko horretan, Aita saldu nauzu.

Hurrengo urtean Ez Dok Amairu desegin egin zen, eta bertan aritutako hainbat artistak beste ikuskari bat estreinatu zuten: Zazpiribai. Batez ere Ipar Euskal Herrian eman zuten Baga Biga Higaren ildotik segitzen zuen ikuskaria; bi orduko emanaldia zen. Lertxundiz gain, honako artista hauek hartzen zuten parte: Ugutz Robles-Arangiz, Iñaki Urtizberea, Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Patxika Erramuzpe, Peio Ospital, Pantxoa Carrere eta Manex Pagola.

Bakarkako lana

Benito Lertxundi (1971)

Proiektu kolektiboetan ez ezik, segitzen zuen bere bakarkako lanarekin. Oro laño mee batek... bigarren diskoak (Artezi, 1974) heldutasun handiagoa erakusten zuen. Xabier Lizardiren hainbat poema musikatu zituen, horien artean Oi lur, oi lur. Baita bere ibilbidean garrantzi handia izan zuten bi kanta ezagun ere: Herribehera jota eta Txori txikia metaforikoa, JosAnton Artzeren hitzetan oinarritua.

Hamarkada horretan Bretainiara hainbat bidaia egin zituen Lertxundik —lehena Ez Dok Amairurekin izan zen—, eta horren ondorioz hango musika eta folklorearekin liluratuta geratu. Horrez gain, Ipar Euskal Herriko herri kantutegia eta musika hobeto ezagutzeko aukera izan zuen, bereziki Zuberoakoa. Eragin horiek nabarmenak izan ziren hurrengo abesti eta lanetan. "Zuberoa deskubrimendu bat izan zen niretzat garai batean. Bere kantagintzatik aparte, kantu mota hori oraindik bizirik zegoela sumatu nuen, zenbait tokitan musikologoen esku baino geratu ez denean" (2). Horren adibide garbia izan zen argitara eman zuen hurrengo diskoa: ...eta maita herria, üken dezadan plazera (Artezi, 1975). Disko horretan argi agertzen da giro espiritualekiko joera, urruneko alegien oihartzuna. Hor daude Lertxundiren abesti klasiko batzuk ere: Maria Solt, Atharratzeko gazteluko kanta eta Jaun Baruak. Arrakasta handiko lana izan zen; horrekin Benito Lertxundi lehen mailako euskal musikarien taldean sartu zen, oraindik utzi ez duena.

Sormen handiko urteak izan ziren horiek, eta, orduan horren garrantzitsuak ziren kantaldietan parte hartzeaz gain, uzta diskografikoak ez zuen etenik. Hurrengoa disko bikoitza izan zen: Zuberoa/Askatasunaren semeei (Artezi, 1977). Zuberoako giroa islatu nahi izan zuen Lertxundik lan horretan; horretarako, musika tresna zaharrak baliatu zituen grabazioan, horietako batzuk espresuki berreskuratuak.

Gitarra utzi gabe, musikari talde zabal baten laguntza izan zuen Lertxundik -horien artean Marian Arregi akordeoilari eta harpa jotzailea-, eta doinu zeltek gero eta garrantzi handiagoa zuten. Diskoan herri kantuak (Balearen bertsoak, Prima ejerra) eta Lertxundik berak egindakoak agertzen ziren (Orbaizetako arma olaren kantua, Askatasunaren semeei). Dena den, bi abesti ezagunenak Jose Anjel Irigaraik idatzitakoak dira: Oi Zuberoa eta, bereziki, Bizkaia maite. Horrez gain, nabaria da Alan Stivell musikari bretainiarraren eragina; herri horretako abesti bat kantatu zuen diskoan, Lizardiren bertsoekin, "Otartxo utsa".

Hurrengo hamarkada ere disko bikoitz batekin hasi zuen Lertxundik: Orreagako batailaren inguruko disko epiko eta kontzeptuala da Altabizkar/Itzaltzuko Bardoari (Elkar, 1981). Hasieran Euskal epikaren barna deitzekotan izan zen, diskoan zer dagoen ongi adierazten duen izenburua. Lehenengo diskoan, Orreagako gudaldiari kantatzen dio, baita Matalazen azken hitzak jaso ere. Abesti luzeak eta musika girotzean oinarrituak dira nagusi. Bigarrenean, aniztasun handiagoa dago, baita Lertxundiren kantutegian harrera ezin hobea izan duten bi kanta ere: Etxahun Iruriren bertsoetan oinarritutako Oi Ama Euskal Herri eta Nere herriko neskatxa maite.

Lan horren ostean, Antonio Breschi pianista italiarrarekin lanean hasi eta, aldi berean, barnerako begirada hasi zen lantzen, gai epiko-historikoak zertxobait alboratuz. Horren ondorioa izan zen Gaueko ele ixilen baladak (Elkar, 1985), lau urteko isialdia apurtu zuena. Lan horrekin barne bidaiari ekin zion Lertxundik: kantuak intimistagoak dira, eta aurrerantzean tarteka baino ez da agertuko aurreko lanetako epikotasuna. Urte berean Breschik Mezulari (Elkar, 1985) argitaratu zuen, eta horretan parte-hartze berezia izan zuen Lertxundik, gitarra jotzen eta hiru abestitan kantatzen. Johnny McCarthy eta David Hopkins musikari irlandarrek osatu zuten nazioarteko kolaboratzaileen zerrenda.

Bretainia eta Zuberoarekin batera, musikari oriotarrak miresten duen herria Irlanda da. Hango kultura eta musikari zion mirespenaren ondorioa izan zen Mauleko bidean (Elkar, 1987). O'Carolan XVIII. mendeko musikari irlandarrari eskainitako diskoa da, harekin Zuberoan egindako alegiazko topaketaren inguruko lana baita. O'Carolanek sortutako bi kanta sartu zituen diskoan, eta horien artean hari eskainitako abestia. Aipagarria da sintetizadorea ere erabili zuela lan horretan.

Hurrengo lanarekin, berriz, hasierako urteetara itzuli zen Lertxundi, herri doinuak nagusi zituen diskoa osatuz: Pazko gauerdi ondua (Elkar, 1989). Lan horretan ageri dira Lertxundik zuzeneko emanaldietan abesten zituen hainbat abesti, ordu arte sekula grabatu gabekoak. Horien artean Mixel Labegerieren Primaderako liliak aipagarriena da.

Disko horrekin etapa bat itxi zuen abeslariak; 1970 eta 1980ko hamarkadak oso emankorrak izan ziren sorkuntza aldetik eta kaleratutako disko kopurua horren lekuko da. Handik aurrera, ordea, beste patxada batez jardun zuen. Gainera, 1990eko hamarkadaren hasieran Lertxundiren taldeko kide eta lagun Martin Irizar hil zen istripu batez, eta horrek geldialdi luzea ekarri zuen. Denboraldi batez ez zuen kontzerturik eman eta 1996. urte arte ez zuen beste diskorik kaleratu.

Aro berria

Benito Lertxundi (1971)

Dena den, tarte horretan Hunkidura kuttunak bilduma (Elkar, 1993) argitaratu zuten: bi zatitan emandako lau disko eta 46 abesti, non Lertxundiren bidea laburbiltzen den. Kantu asko molde berrian eman zituen bilduma horretan, eguneratu egin behar zirela iritzita. Urte hartan bertan, parte hartu zuen Zuhaitzak landatzen zituen gizona disko berezian (Sonifolk, 1993). Jean Giono idazlearen abentura filosofiko-ekologikoa moldatu zuen Paul Winter musikari estatubatuarrak. Hark egindako musikaren gainean errezitatu zuen Lertxundik. Lan interesgarria izanik ere, oso zabalkunde eskasa jaso zuen.

Jose Antonio Urbeltz, Pello Ramírez, Xalbador eta bere hitzak baliatuta osatu zuen hurrengo diskoa, Hitaz oroit (Elkar, 1996). Ondoan azken urteotan bildutako musikari talde zabala zuen: Olatz Zugasti, Angel Unzu, Pello Ramirez, Fernando Ederra, Luis Camino... Azken urte horietan hildako Martin Irizar eta Aingeru Irigarairi eskainitako hiru abesti ditu diskoak: Joan zinen, Udazken koloretan eta Uhera. Urte horietan Lertxundi eta Olatz Zugastiren alaba jaio zen, eta oriotarrak sehaska-kanta bat grabatu zion: Iluna denerako.

1998an Kepa Junkera trikitilariaren Bilbao 00:00h disko arrakastatsuan parte hartu zuen Lertxundik, eta Bilintxen hitzak dituen "Loriak udan" abestia grabatu zuen Arriaga antzokian. Baina, batez ere, proiektu berezi bat abiatu zuen: Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin kontzertu bat prestatu zuen Lertxundik, Enrique Ugarteren zuzendaritzapean. Tolosan ospatu behar zen Kilometroak 98 jaiaren harira sortutako ekimena izan zen, eta hortik gauzatu zen Auhen sinfonikoa (Elkar, 1998). Horren ondotik, Euskal Herrian hainbat kontzertu eman zituen, orkestrak lagunduta. Urtea Bai Euskarari jaialdi gogoangarrian parte hartuz amaitu zuen: Anoetako estadioan Zenbat gera abestu zion Euskal Herri osoari.

2000. urtea sarien urtea izan zen. Sabino Arana saria eman zion izen bereko fundazioak, eta handik gutxira Euskal Herriko Unibertsitateko urrezko domina jaso zuen, Mikel Laboa eta Artze anaiekin batera.

Hurrengo lana Nere ekialdean izan zen (Elkar, 2002). Berriro ere ondoan musikari talde zabala zuela, lan liriko eta musikalki landua osatu zuen, heldutasun artistikoaren erakusgarri. Fernando Pessoa idazle portugaldarra da disko horren protagonistetako bat, haren bost poema moldatu baitzituen, baita hari eskainitako kanta bat idatzi ere. Horrez gain, Pete Seeger kantari estatubatuarraren bertsio bat dago, Zergatik utzi kantatzeari.

Gipuzkoako Domina jasotzen (2014)

2005ean, berriz, Lertxundik musika munduan emandako 40 urteak ospatu zituen. Horretarako kontzertu sorta bat prestatu zuen, bere ibilbideari begiratua egiteko. Emanaldiak Tolosan, Iruñean eta Gernikan izan ziren. Kontzertu horren lekukotasuna jaso zuen 40 urtez ikasten egonak zuzeneko diskoan (Elkar, 2005). Lan horretan bi abesti berri zeuden: Olatz Zugastik egindako Itoitz eta Jon Maiaren hitzak dituen Itsasoari begira. Horrez gain, bere lehen bederatzi lan diskografikoak berrargitaratu zituen Elkar diskoetxeak, berriz masterizaturik.

2006an, Alvaro Feito idazle eta kazetari galiziarrak idatzitako Benito Lertxundi. Orioko Bardoa (La Voz del Folk) biografia mardula eman zuten argitara, baita Lertxundiren 50 kanta ezagunenen hitzak, doinuak eta gitarra akordeak biltzen dituen Zergatik utzi kantatzeari? (La Voz del Folk) liburua ere.

2008an Lertxundiren orain arteko azken diskoa heldu zen, Itsas ulu zolia (Elkar). 2012an, beste bat atera zuen: Oroimenaren oraina. 2012an bertan Pako Aristi eta Mikel Markezek Plazer bat izan duk, Benito! liburua atera zuten, liburu horretarako Lertxundiri egin zioten elkarrizketa sail batean oinarrituta.

Sei urteren ondoren disko berria atera zuen, Ospakizun gauean izenekoa, Kantaita disketxeak ekoitzia[6]. Urte batzuk geroago, 2024ko azaroaren 27an, aurreko urtean Gernika-Lumon grabaturiko zuzeneko kontzertuaren diskoa aurkezteko agerraldian, Lertxundik iragarri zuen 60 urteko ibilbidea bukatutzat ematen zuela eta musikagintza utziko zuela[7].

Diskografia

  1. Benito Lertxundi: hainbat disko txiki, Cinsak argitaratuak, 1967, 1967, 1968 eta Herri Gogoak 1968, 1969, 1970, 1970.
  2. Ez dok amairu (1971, Herri Gogoa), (2004, Elkar)
  3. Oro laño mee batek... (1974, Artezi)
  4. ..eta maita herria, üken dezadan plazera (1975, Artezi)
  5. Zuberoa/Askatasunaren semeei (1977, Artezi)
  6. Altabizkar/Itzaltzuko bardoari (1981, Elkar)
  7. Gaueko ele ixilen baladak (1985, Elkar)
  8. Mauleko bidean... izatearen mugagabean (1987, Elkar)
  9. Pazko gaierdi ondua (1989, Elkar)
  10. Hunkidura Kuttunak I (1993, Elkar)
  11. Hunkidura Kuttunak II (1994, Elkar)
  12. Hitaz oroit (1996, Elkar)
  13. Auhen sinfonikoa (1998, Elkar)
  14. Nere ekialdean (2002, Elkar)
  15. 40 urtez ikasten egonak (2005, Elkar)
  16. Itsas ulu zolia (2008, Elkar)
  17. Oroimenaren Oraina (2012, Elkar)
  18. Ospakizun gauean (2018, Kantaita)

Kolaborazioak

Liburuak

Sariak

Oharrak

  1. Argia[5]

Erreferentziak

  1. «Benito Lertxundik musika utziko du» Berria 2024-11-27 (Noiz kontsultatua: 2024-11-27).
  2. Badok.info. Berria - CC-BY-SA lizentzipean. (Noiz kontsultatua: 2010-03-02).
  3. «Zazpiribai», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  4. Jon Eskisabel: «Manex Pagola», www.badok.info webgunetik 2010-06-29an hartua.
  5. Eizagirre, Estitxu. (2002-10-06). «Benito Lertxundirekin solasean» Argia (1870) (Noiz kontsultatua: 2010-03-02).
  6. Ospakizun gauean. (Noiz kontsultatua: 2018-10-14).
  7. «Benito Lertxundik musika utziko du» Berria 2024-11-27 (Noiz kontsultatua: 2024-11-27).

Ikus, gainera

Kanpo estekak