Euskal mitologia ardatz, antropologian aritu izan da urte luzeetan. Lehen hurbilketa Baionan egin zuen Diplôme universitaire de Basque ikasketen barruan Bidarraiko Harpeko Saindua: erritu eta sineste zaharrak izenburuko lanarekin.
Ipar Euskal Herriko mitologia aztertzen lehena Jean Francois Cerquand (1815-1888) izan zen. XIX. mendeko grafian Cerquand-ek egindako lana Anuntxi Aranak berridatzi eta garaietara egokitu zuen 1986an eta bi liburutan argitaratu zen: Jean François Cerquand bilduma - Ipar Euskal Herriko Legenda eta Ipuinak.
2017an aurreko liburu horren aleak agortuta argitalpen berri bat prestatu zuen.[4]
2019an liburu berri bat prestatzen ibili da hilak, arima herratuak eta mitologia lotzen dituen lan batekin.
XIX. mendean Nafarroa Beherean, Zuberoan eta pixka bat Lapurdin supazterrean kontatzen ziren istorioak bildu zituen Jean Francois Cerquand-ek (1815-1888). Cerquandek testu mota arabera sailkatu zituen liburuko osagaiak: fabulak eta istorio laburrak (San Pedro, Jondoni Petri eta Jesu kristo), ipuin miresgarriak deitutakoak (Mari Errauskine eta halakoak, munduan nonbait kokatzen direnak), eta Euskal Herrian kokatuta izaki mitikoek protagonizatzen dituzten kondairak. Irri istorio gutxi batzuk ere badira, irri edo burla egiteko.
Cerquandek argitaratu zituen istorioak beste era batera antolatu zituen Anuntxi Aranak bere bertsioetan, fabulekin hasita; gero ipuin miragarriak edo irrigarriak; eta bukaeran Euskal Herriko pertsonaiak dituzten kondaira mitikoak, izan dadin laminak, basajaun, herensugea, euli langileak (prakagorriak)...
Cerquandek bere obran frantsesari lehentasuna eman zion, geroago argitaratu zituen euskarazko originalak, batzuetan frantsesez ziren istorio batzuk ez ziren euskaraz, alderantziz, aldiz, ez zen gertatzen. Anuntxi Aranaren lehenengo edizioan horiek bukaerarako utzi zituen, baina 2017ko argitalpenean beste ipuinen artean sartu zituen, bere itzulpena zela seinalatuz.
Euskalkien tratamendua berezia izan zen jatorrizko liburuan. Cerquand, Frantziako Akademia Nazionaleko inspektorea izanik, errientei (ez da emazterik transkribatzaileen artean) eskatu zien bere ikasleen etxeetara joan zitezen, eta galdetzeko zekitenei ipuin horiek konta ziezaieten. Maisu bakoitzak, bere moduan transkribatu zituen gero eta, batetik bestera, nahiz eta euskalki bera izan, diferentzia handia izaten da. Eta batzuetan istorio bakar batean ere, bi grafia agertzen dira, edo bi aditz forma, adibidez: "zion" eta "zakon". Aranak errespetatu zuen hori, aditzetan ez zuen batere aldatu, eta deklinabideetan erregularizatu zuen, eta beti hiztegia gehitu zuen azpian, jendeak ikus dezan zein zen esanahia.
Irakurketa ez da umeei egiteko modukoa, emeki irakurri behar dira, beharbada bi aldiz ere bai, hiztegiari begira ondo ulertzeko, baina gero izugarri balio dute.
Iparraldeko lehen tesia euskaraz
Aranaren lan nagusia 1996an egin zuen: Bordele-Montaigne Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarrekin zuzendutako doktorego tesia Orozko Haraneko kondaira mitikoak, bilduma eta azterketa izenburukoa.[6][7] Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratu zuen 1998an liburu moduan.[8] Iparraldean euskaraz aurkeztu ziren lehenengo tesiak Anuntxi Aranarena eta Jasone Salaberriarena izan ziren; elkarrekin zailtasun asko gainditu behar izan zituzten baina lortu zuten azkenean. Durangoko Azokak aitorpen bat egin zien horregatik.[9][10]