Euskara batuaren sorkuntzan funtsezkoa izan zen 1964an Baionako Euskal Idazkaritza. Txillardegiren bultzadaz abiaturik, idazle gazteek bidea ibiltzeari ekin zioten, baina lehenengo unetik adineko euskalari jakintsuen babesa izanik (Piarres Lafitte, Piarres Larzabal, Piarres Xarriton, Koldo Mitxelena, Imanol Berriatua, Patxi Altuna...). 1964ko abuztuan abiatu zen biltzar hura, eta hango iritziak eta erabakiak urtebete geroago argitaratu ziren. Hiru atal zituen txostenak:ortografia, deklinabidea eta aditza. Garrantzizko ezaugarri batez hornitu zuten biltzarra: hasieratik bertatik planteatu zen mugimenduaren izaera nazionala, eta horren erakusgarri izan zen, besteak beste, dokumentuaren bukaeran h letra erabili beharreko hitzen zerrenda argitaratzea, bereziki Hego Euskal Herriko idazleen informaziorako prestatua, bi tradizioen arteko lotura egiteko, nahiz eta gero letra hori euskara batuaren kontrakoen gerra-ikur bihurtu. Hortaz, biltzarrean emandako gomendioak betetzen hasi ziren gazteak eta adinekoak beren testuetan, aldi berean Euskaltzaindiari, batasunerako bidean pauso sendoak eman zitzan eskaria eginez.[1][2]
Donostiako Jesuiten elizan ematen zuen mezaeuskaraz. Hasieran, hamabost egunetik behin; eta azkenik, igandero. Hasieran bere mezetan jende gutxi biltzen zuen; baina, haren elizkizunak ospea hartuz joan zirenez, geroz eta jende gehiago bildu zuen. Francoren diktaduraren garai haietan adierazpen askatasuna murritza izanagatik, gai jakin batzuez hitz egiteko eta salatzeko ausardia erakutsi zuen. Horregatik, poliziak isuna jarri zion, eta ezkutuko poliziak Altunaren mezetara joaten hasi ziren, zaindu beharreko pertsonatzat hartu zutelako.
1974koabenduaren 8an, Ama Birjinaren egunean, meza eman zuen. Aste hartan zehar, Donostian poliziak hogei gazte atxilotu zituen ETAko ustezko kideak zirelakoan. Patxik gazte horien egoera salatu zuen, eta bere sermoia Hortikan zaude Euskal Herriko seme gaixo...abestiarekin amaitu zuen. Hori zela eta, polizia bila joan zitzaion, baina ez zuten aurkitu, Azpeitiara bazkaltzera joan zelako. Gipuzkoako Ikasketa Unibertsitario eta Teknikoko erretoreak Patxiri abisua eman, eta hark hurrengo egunean bere burua aurkeztu zuen polizia etxean. Hurrengo egunean Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrera eraman zuten, eta 1974koabenduaren 10ean Carabanchelgo kartzelan sartu zuten, ETAko presoen aldeko apologia egitea egotzita. Han beste apaiz batzuekin izan zen. 1975ekomartxoaren 10ean aske utzi zuten, 90 eguneko zigorra osorik beteta.