Louis Eugène Félix Néel (Lyon, 1904ko azaroaren 22a - Brive-la-Gaillarde, 2000ko azaroaren 17a) frantziar fisikaria izan zen. 1970ko Fisikako Nobel Saria jaso zuen Hannes Alfvénekin batera solidoen propietate magnetikoei buruz egindako ikerketa aitzindariengatik.
Pariseko École normale supérieuren ikasi zuen eta Estrasburgoko Unibertsitatean Zientzian doktoratu zen.
1930ean antiferromagnetismoa izeneko portaera magnetiko berri bat iradoki zuen. Harri batzuen magnetismo ahulari buruzko azalpena ere eman zuen. Bere ikerketek aplikazio praktikoak dituzte ordenagailuetan memoria-unitate hobeak garatzeko.