Mugako herri honetan jauregia eta babes-dorrea izan ziren. Bere historia osoan etengabeko erasoak jasan zituen, bai gaztelauen partetik, eta bai gipuzkoar eta frantziarren partetik ere.
Antza denez, gerrako gertaera historiko batetik datorkio izena, Lekunberri (Leku berri) hainbat aldiz suntsitua eta berreraikia izan da. Herria kiskalita utzi zuen lehen sutea 1430. urtean gertatu zen, eta ordurako, bertan gotorleku bat zela aipatzen da.
Gauza jakina da antzina-antzinatik aduana-eginkizunak (bide-saria) bete izan dituela, XIII. mendetik gutxienez, eta hori zela eta, inguruko lurraldeetako merkatariek zenbait zerga ordaindu behar izaten zizkioten Nafarroako Erresumari. Bazuen, halaber, Errege Bide bat ere, Iruñetik Gipuzkoara zihoana, eta bertan, Kate bat jarria zuten XVIII. mendean, eta Tolosako eta Iruñeko posta-ekarleek bertan uzten zuten posta. 1792. urteko txosten baten arabera, Aldundiak Iruñetik Gipuzkoaraino zihoan zortzi legoa baino gehiagoko bide hori proiektatzea erabaki zuen, zoladura irmoko 24 oin gaztelauko zabaleraz, eta oin bat eta laurdeneko lodiera zuen harlanduzko ohantzeak osatua, galtzada lakarra modukoa eratuz, hori guztia harri-koskor sendo eta txikiz estalia, mugarriz eta izkinarriz hornitua.
XIX. mendean baziren bertan bi denda, bi ostatu, taberna, mutikoentzako eskola eta neskentzakoa, eta herritarrek hornitzen zuten parrokia-elizako abadea. Bazen, baita ere, bi errotarri zituen errota bat. 20ko hamarkadan, irin-fabrika, txokolate-fabrika, gatz-fabrika, zerrategia eta komentua ere bazeuden.
2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 131 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %11,12 (Nafarroako batezbestekoaren gainetik).
Politika
Udal hauteskundeak
Udalerria denetik Lekunberriko alkatea José María Aierdi Fernández de Barrena izan da[5]. 2007an hauteskundeetara bi talde aurkeztu ziren eta Aierdiren Lekunberriko Taldeak udaleko bederatzi zinegotzietatik zazpi lortu zituen, gehiengo osoa. Zuri emandako botoak 46 izan ziren (emandako boto guztien %6,80). Eta baliogabeko botoak hamalau izan ziren (emandako botoen %2,03). Abstentzioa %22,91koa izan zen.
"Berri Txarrak" taldea herrian sortu zuten 1994an. Ordutik, Euskal Herrikorock banda erreferentziakoa bihurtu da. Taldeak bere lehenengo kontzertua eman zuen frontoiko plazari taldearen izena jarri dio udalak.