Izen bereko mendateari ematen dio izena, errepide horrek herria bera zeharkatu ez arren. 1995ean A-15 autobiaren Leitzarango tartea inauguratu arte, trafiko-karga handia igarotzen zen Iruñea (36.5 km-tara) eta Tolosa (26 km-tara) lotzen zituen errepide-tarte bihurri horretatik. Egun, berriz, autobiak herriaren gainetik (iparraldetik) mozten du mendia. Herritik maldan gora zuzenean Mergelu gailurra dago (912 m); bertakoek Goiko Malkorra ere deitzen diote.
Etxeak maldan banatzen dira goialdean dagoen eta bista panoramikoa duen San Esteban elizatik behera. Etxeak zonaldeko besteak bezalakoak dira eta batzuek bailararen armarria dute etxearen aurrealdean. Parrokiak interes berezia du, protogotikoa baita, XIII. mende hasierakoa.[2]