Udalerriaren izen ofiziala Olazti/Olazagutia da; hau da, Olazti euskaraz, Olazagutía gaztelaniaz. Euskaltzaindiakeuskara baturako onartutako forma, ordea, Olatzagutia da. Izan ere, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak argitu duenez, Olatzagutia da udalerri horren jatorrizko izena, tradizionala eta bizirik dirauena. Olazti ahozko forma da, jatorrizko izenaren ahozko erabilerak sortutako forma laburtua; hortaz, Euskaltzaindiak adierazi duenez, Olazti ez da izen ofiziala izateko egokia. Olazagutía, berriz, euskal izena gaztelaniaren ahoskerara egokitutako forma da.[5]
Izenaren etimologia oso argia da: olatza («korta», «saroi»; edo «burdinola») + guti («txiki») + -a artikulu mugatzailea.[5]
Olatzagutia izenaren amaierako -a artikulu mugatzailea denez, deklinabidea hauxe du: Olatzagutia, Olatzagutiarekin, Olatzagutian..., baina Olatzagutiko, Olatzagutitik, Olatzagutira... Era berean, izen honek bere azken -a galtzen du ondoan beste determinatzaile bat edo adjektiboa daramanean, adibidez: Olatzaguti maitea, Olatzaguti osoan, gure Olatzaguti hau...[4]
Geografia
Olatzagutia Nafarroa Garaiko hiriburu Iruñetik 53 kilometro mendebaldera dago, Iruñeko merindadearen mendebaldeko muturrean, Arabako mugatik gertu, Urbasa mendilerroaren oinean, handik jaisten den errepideak eta A-1 autobideak bat egiten duten tokian.
Mugakideak
Olatzagutiak Altsasurekin egiten du muga iparraldean eta ekialdean, Ziordiarekin mendebaldean, eta Urbasa mendilerroarekin hegoaldean.
La Burundesa autobus konpainiaren Sakanako herriak elkartzen dituen Gasteiz-Iruñea lineak geltokia dauka herrian. Guztira hiru zerbitzu izaten dira norabide bakoitzean. Linearen ibilbidea honako hau da:
XX. mendearen lehen hamarkadetan hazkunde nabarmena izan zuen herriak, eta bikoiztu egin zen biztanle kopurua, 1.700 inguru biztanle izateraino. 1950eko hamarkadan ere hazkunde handia izan zen, eta 2.100 biztanletara iritsi zen. Hortik aurrera, txikiagotzen hasi zen populazioa, eta XXI. mendearen hasieran 1.600 bat biztanle ziren.
Olatzagutiko biztanleria
2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 182 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren % 10,47 (Nafarroako Foru Erkidegoko batez bestekoaren antzeko balioa).
Politika
Udal hauteskundeak
2007an hauteskundeak Nafarroa Baik irabazi zituen eta Iñaki Mentxaka Berra aukeratu zuten alkate. Udaleko bederatzi zinegotzietatik bost lortu zituen, gehiengo osoa. Baliogabeko botoak 49 izan ziren (emandako guztien % 5,43) eta boto zuriak 24 (% 2,81). Abstentzioa % 33,70 izan zen. Herrian izandako eztabaidengatik, agintaldi horretan alkatetzan hiru aldiz izan zen aldaketa.
Olatzagutiko jaiak Uztailaren 26an ospatzen dira, Santa Anaren omenez.
Olaztiko inauteriak, Zamarroak, inauteri asteko asteburuan ospatzen dira. Tradizio handiko ospakizunak dira; 1937an frankismoak debekaturik desagertuak, 1992an berreskuratu ziren.
Zerbitzuak
Sakanako Mankomunitatea arduratzen da Olatzagutian zaborra biltzeaz, ur horniduraz eta bestelako zerbitzuez. Lakuntzan du egoitza nagusia mankomunitateak. Honetaz gain, Altsasu eta Ziordirekin Oinarrizko Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen du Olatzagutiak.