Bost herri dira udalerriko kide: Biloria, Galbarra (herriburua), Gastiain, Narkue eta Ulibarri. 1842ko erroldan bakoitza udalerri independente gisa agertzen da baina 1857rako, guztion batzea dela medio, Lana udalerri berriaren datuak plazaratzen dira estreinakoz.
Mapa
Kanpezuko herriak
Ekonomia
Tradizioz nekazaritzara eta abeltzaintzara emana izan da ibar hau. Zuhaiztiak dira mugapeko zatirik handiena (3.659 ha); hurrengoak larreak (943 ha) eta laborantza lurrak (704 ha) dira. Behi, ardi, zaldi, zerri eta ahuntz azienda nagusiak izan dira, mendi larratuan hazita. Gaur egun untxia, hegaztiak eta zerriak nabarmentzen dira.
Ikazkintza industria lan ohikoa izan zen aspalditik eta berriki arte. Mila bat metro kubo zur eta egur ateratzen dituzte urtero.
2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko bi etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %1,02 (Nafarroako Foru Erkidegoko batezbestekoaren azpitik).
Politika
Udaletxea
Lanako gaur egungo udaletxea 1982an eraiki zen eta solairu bakarra dauka. Atari txiki bat dauka eta fatxada porlanez eta harriz egina dago. Antzinako udaletxearen egoitza elizaren ondoan egon zen. Udala alkateak eta sei zinegotzik osatzen dute. Lanako udaletxeko idazkaria, Piedramillerako, Muesko eta Sorladako idazkari ere bada.
HELBIDEA: Iturri kalea, z/g
Udal hauteskundeak
Azken urteetan Lanako alkatea Eduardo Landa Martinez da. 2007ko udal hauteskundeetan Agrupación Independiente de Lóquiz (AIL) taldearen izenean hautatu zuten; talde horrek udaleko bost ordezkarietatik lau lortu zituen. Ez zen baliogabeko botorik izan eta boto zuriak lau izan ziren (%3,17). Abstentzioa %32,26ekoa izan zen.
Montxo Armendariz zinema zuzendariak, 1982an, ikazkinen bizimodua kontatzen duen Tasio filma egin zuen. Zuñigako semea zen Anastasio Otxoa benetako pertsonaren bizitzan oinarriturik dago.