GastiainLanako kontzejua da. 1842ko erroldan, Lanako bost herrien arteko fusioa gertatu baino lehen alegia, udalerri independente moduan agertzen da.
Demografia eta biztanleria
Udalerri independente gisa agertzen den 1842ko erroldan herriak 115 biztanle eta 23 etxe zituen. 2007kourtarrilaren 1eko erroldaren arabera, herriak 63 biztanle ditu.
"San Cristobal" mendixkan Brontze Aroko eta Burdin Aroko herri bat egon zen[1] eta beste bat, Burdin Aro amaierakoa, Peña de la Gallinan[1].
Leku horretako San Sebastian ermitan, hainbat hilarri erromatar aurkitu ziren eraikin material gisa berrerabiliak, zehazki 7 hilarri eta beste biren zatiak. Batzuk mahatsondo aihenak eta mahats lukuz apainduta daude, erromatar munduko oinarrizko sinboloak.
Errege-jauregi izan zen, eta petxa eta “fossadera” ordaintzen zituen, Lana ibarreko gainerako guneekin batera. Haren amaieran, Iriberriguchiako despopulatua Gastiainen sartu zen, 20 libra urteko petxa baten bidez, gero 10ekoa, eta Joan II.a erregeak barkatua (1462), Gaztelaren aurkako gerran bizilagunek emandako zerbitzuengatik.
1850ean eskola zuen, urtean 1.140 erreal ematen zitzaiona; bideak tokikoak eta ferradunak ziren, eta erdipurdiko egoera zeuden: posta Lizarratik jasotzen zen astean behin, eta nekazaritzaz eta abeltzaintzaz gain ikazgintza egiten zen. Gure mendearen hasieran landa kutxa[oh 1] bat sortu zen bertan, errota bat zegoen eta haraneko artxiboa herrian gordetzen zen[2].
Ondarea
San Saturnino parrokia
San Saturnino parrokia, herriaren goialdean kokatua, eliza barrokoa da, eraiki zenean, aurretik zegoen XVI. mendeko jatorrizko harlanduzko hormak aprobetxatu zituena. Hura eraikin gotiko berantiarra izan zen, lau zatitan banatutako nabe bakarrekoa eta burualde pentagonala duena. XVIII. mendean, kanoi ganga eta lunetak, sakristia eta dorrea eraiki ziren, guztiak korronte barrokoaren barruan. Obra horiek bat datoz denboran eta estiloan inguruko tenpluetan egindakoekin[2][3].
Plateresko estilokoa da erretaula nagusia, baliteke, Juan Ayala gasteiztar artisauak egina; 1560 inguruan berrerabili behar izan zuen; itxura monumentala izanagatik ere, erdipurdiko kalitatekoa da. Sagrarioa edo tabernakulua) XVIII. mendean gehitu zitzaion eta Karmengo Ama Birjinaren kutxa neoklasikoa XIX. mendean erosi zen. Gainera, XVI. mendearen bigarren hereneko Kristo Santuaren eskultura tailatua bat dago eta baita, XVII. mendearen azken hereneko erretaula barrokoa, XVI. mendeko irudi batekin batera, bi mende geroago Andre Maria Doloretakoa bihurtu zena. XVII. mendearen hasierakoak dira, San Joseren, Andre Mariaren Sortze Garbiaren eta Jesusen Bihotzaren erretaula manieristak eta ANZIN zilargilearen bi pieza: ostiak gordetzeko ontzia eta puntzoiak.
Parrokian Zumadoiako Ama Birjinaren tailla ere gordetzen da. XIII. mendeko obra gotikoa da eta herriaren kanpoaldean dagoen bere izenaren ermitatik dator.
Beste tenplu kristau batzuk
Pixka bat urrutiago, muino baten gainean, San Sebastian ermita dago. Harlanduxko landa-eraikuntza da, eta haren hormak eraikitzeko hilarri erromatarrak erabili ziren. Burualdean, XVII. mendearen amaierako erretaula barroko bat dago, gotzain baten taila moztua duena.
Aurrekoaren ondoan, antzeko ezaugarriak dituela, San Migel ermita dago, Iriberrigutxia despopulatuaren parrokia izan daitekeena eta XVII. mendearen hasierako erretaula manierista bat buru duena. Erretaulak Mikel Deunaren taila barrokoa babesten du, berregindako polikromia duena.
Erromatar aztarnak
San Sebastian ermitan Nafarroako erromatar epigrafiako multzorik garrantzitsuenetakoa aurkitu zen. Nicasio Landak 7 idazkunez idatzi zuen 1868. urtean. Biana 1946tik aurrera corpus hori osatu egin da eta gaur egun 20 epigrafe publikatu dira. Inskripzio batzuk desagertu dira, beste batzuk eramaten saiatu dira eta hormaren zati bat hondatu dute. Idazkun batzuk bertan diraute eta gehienak Nafarroako Museoan daude jasota eta bat, Donostiako San Telmo museoan[4]. 2001. urtean, oraindik ere, Jose Maria Loizagak eta Juan Francisco Rellosok inskripzio berriak aurkitu zituzten bertako belarra garbitzean.
Multzo epigrafiakoa espainiar ikerlari askoren interesa piztu du (Blas Tarecena, Fidel Fita, José María Blázquez, Francisco Marco Simón, María Lourdes Albertos, Amalia Emborujo, eta abar)[5], eta bereziki ikonografia, Nafarroan ez baita oso ohikoa. Araba ekialdeko inskripzioekin antzekotasunak dituzte, bai izenetan, baita teknikan eta estiloan[4]. Antzekotasun horiek oinarri hartuta, hain zuzen, Lana arana barduliarren lurraldearen barruan egon zitekeela proposatu izan dute aditu batzuek, nahiz eta, hipotesi horren oinarriak ez diren oso sendoak ikerlari horietako zenbaitentzat[6][7].
Desagertu ez diren hilarrien artean, batzuk ondo kontserbatu dira, Annia Buturrarena bereziki, beste batzetatik pusketak besterik ez dira gorde. Oraingoz ez dakite zein kokagune erromatarretik ekarri ziren epitafioak.