Sei seme-alaben ezkontzak zirela eta, Kristian Danimarkako Kristian X.a erregearen, Norvegiako Haakon VII.a erregearen, Erresuma Batuko Jurgi V.aren, Errusiako Nikolas II.a tsarraren, Greziako Konstantino I.a erregearen eta Ernesto Augusto Hannoverkoaren aitona izan zen, eta Kopenhage monarkia europarren gune garrantzitsuenetakoa bihurtu zen. Horregatik, Kristiani Europako aitona izengoitia jarri zioten.
Danimarkako tronurako ondorengotza
Kristianen emazte Luisaren osaba Kristian VIII.a Danimarkakoaren ondorengoa Frederiko VII.a Danimarkakoa izan zen; ezin izan zuen seme-alabarik izan, eta lege salikoa aldatu behar izan zuen. Hala, Luisarekin ezkonduta egonik, Kristian egin zuten Danimarkako errege 1852an, Kristian IX.a izenarekin.
Bizitza politikoa
Kristian IX.aren erregealdian lau gertaera nagusi aipa daitezke:
Lehena, Danimarkako Dukerrien Bigarren Gerrako porrota izan zen, 1864an. Gertaera horretan, Danimarkak Schleswig, Holstein eta Luxenburgoko dukerriak galdu zituen. Horren guztiaren ondorioz, Kristianek erregealdiaren hasieran bere mendekoen onarpena galdu zuen.
Bigarren gertaera xede kontserbatzaileak zituen gobernu baten sorrerari laguntzea izan zen. Estrut lehen ministroaren gobernuari (1874-1892) lagundu zion, eta horrek erregearen onarpenik eza indartu egin zuen.
Hirugarren gertaera Islandiari, orduan daniarren esku baitzegoen, bere konstituzioa izaten uztea izan zen (1874). Konstituzio horrek uharteko entitate politiko autonomoak izateko aukera eman zion Islandiari.
Laugarren gertaera ongizatearen estatua sortzea izan zen. 1891n, pentsioak eta erretiroa indarrean sartu ziren, eta 1893an langabeentzako eta familientzako laguntza. Horrek guztiak daniar langile-klasearen egoera ekonomikoa asko hobetu zuen.
Erreferentziak
↑Olden-Jørgensen, Sebastian. (2003). Prinsessen og det hele kongerige. Christian IX og det glücksborgske kongehus. Kopenhage: Gad ISBN8712040517..