Kittilä (inarieraz, Kittâl; ipar samieraz, Gihttel) iparreko Lappi eskualde finlandiarrean dagoen udalerria da. Muinoen ugaritasunagatik Tunturi Lappi deitzen den azpieskualdean dago eta, guztira, 8.262 km²-ko azalera du. Finlandia osoko laugarren udalerri zabalena da eta sei mila biztanle pasatxo baino ez dauzkanez, biztanle dentsitate txikiena duen udalerrietako bat ere bada. Urtez urte biztanleria jaisten ez den Lappiko udalerri bakarrenetakoa dugu eta hau, Levi muinoko eski-azpiegiturei esker da. Kittilä hainbat herrik osatzen dute, baina aipatzekoa da biztanleriaren % 67 "Kittilän kirkonkylä" (euskaraz, Kittiläko elizatea) izeneko herrigunean bizi dela; beste herri garrantzitsu batzuk herrigunetik gertu dauden Kaukonen, Köngas eta Sirkka dira. Udalerriko jatorrizko biztanleak samiak dira eta eskualde hau Sápmi lurraldean dago. Dena den, gaur egun, samien kopurua biztanleria guztiaren ehuneko batera ere ez da iristen Sami Lurraldea erakundearen arabera; gehienak, elur-orein zaintzatik bizi diren abeltzainak dira [3].
Lehen aipatutako biztanleriaren mantentzea, 531 metro dauzkan Levi muinoko eski-estazioak erakarritako turismoaren ondorio zuzena da. Bertan, Finlandia osoko eski-azpiegitura natural onenak daude Ruka eta Ylläskoekin batera, eta udalerriaren biztanleria bikoiztu, hirukoiztu eta laukoiztu ohi du sasoiaren arabera. Gainera, urtero ehunka zale erakartzen dituen Munduko Eski Alpino Kopako lehen eslalom eski proba ere bertan ospatzen da azaro inguruan [4].
2008. urte bukaeran, Agnico-Eagle enpresa kanadarrakKiistala eta Pokka herrien artean dagoen Europa osoko urre-meatze handiena ireki zuen, udalerriko langabezia-tasa erabat murriztu zuena. Bertan, meategia 13 urtetan irekirik mantenduko duten 150.000 ontza urre aurkitzea espero dute adituek [5].
Udalerria Lappi eskualdearen bihotzean dago, zirkulu polar artikotik 100-200 bat km iparraldera. Mugakideak Sami Lurraldeko kide diren Enontekiö eta Inari iparraldean, Kolari eta Muonio mendebaldean, Rovaniemi hiriburua hegoaldean, eta ekialdeko Sodankylä dira. Nahiz eta udalerria nahiko laua den, mendi gehien dauden herrialdeko eremuetako batean dago, Tunturi Lappi izeneko azpieskualdean hain zuzen ere (ikus, "Tunturi"). Kittiläk, guztira, 8.262,92 km²-ko azalera du; hala, eskualdeko eta Finlandiako laugarren udalerri zabalena da. Klima nagusia azpiartiko hezea da, dena den, 500-600 metro goitiko eremuetan klima polarra gailentzen da. Hala, klima mota desberdinek baldintzatuta, hazten diren landare-motak anitzak dira: lautada eta mendi magaletan taiga edo baso boreala da nagusi eta zuhaizti ohikoenak haltzadiak, izeidi gorriak, makaldiak, pinudiak, sahastiak eta urkidiak dira; mendi gailur ingurunetan, ordea, Finlandiako zuhaitzik gabeko tundra eremu bakanak daude. Azkenik, aipatzekoak dira landare-espezie desberdinak dauden inguru zingiratsu eta paduratsuak[6].
Lehen esan bezala Kittilä zirkulu polar artikoa paraleloaren gainean dagoenez, gauerdiko eguzki, gau zuri eta gau polar fenomenoak urtero izaten dira. Lehenengo bietan eguzkia edo eguzkiaren argitasuna udalerriko zeruaren jabe izaten da maiatzaren 28tik uztailaren 14ra; gau polarraren garaia edota iluntasuna nagusitzen den garaia, aldiz, abenduaren 13tik 29ra izaten da. Klima nagusia azpiartikoa denez, tenperatura leunak izaten dira udaran, baina neguak hotzak eta luzeak izaten dira. Gainera, udalerria itsasaldeko korronte epeletatik urrun dagoenez, neguak are izozgarriagoak izaten dira; hain zuzen, Finlandian inoiz neurtu den tenperatura baxuena Kittiläko Pokka herrian neurtu zen 1999. urteko urtarrilean, -51,5 °C. Hala ere, hau muturreko tenperatura baino ez zen izan, neguko eta udako tenperatura ohikoak -15 °C eta 14 °C ingurukoak baitira, hurrenez hurren. Orokorrean, elurrak udalerriko lurzorua estaltzen du urritik maiatza bitartean, gutxi gorabehera, 185 bat egunez; eta izotzak ere aintzira eta ibaien gaina hartzen du beste horrenbeste egunetan. Samiek antzinean eta gaur egun oraindik ere erabiltzen duten egutegiaren arabera, Lappiko eta udalerriko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi garai bereizten dira: Giđđadálvi (udaberri-negua), Giđđa (udaberria), Giđđageassi (udaberri-uda), Geassi (uda), Čakčageassi (udazken-uda), Čakča (udazkena), Čakčadálvi (udazken-negua) eta Dálvi (negua). Ipar argiak, azkenik, nahiko ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irail eta martxo bitartean lau gautik hirutan izaten den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki[7][8][9].
Kittilä nahiko laua den arren, mendi gehien dauden herrialdeko udalerrietako bat da; besteak beste, aipatzekoak dira 1943an Junkers Ju 52 hegazkin alemaniarrak istripu lekutzat izan zuen Aakenus, 504 metroko Kätkä, Kumpu, 613 m dituen eta udalerriko sabaia den Lainio, eta eski-azpiegitura ospetsuenak dauden Levi tontorrak. Bestetik, Kiistala eta Pokka herrien artean dagoen garaiera gutxiko goragune batean, 2008. urtean, Agnico-Eagle kanadar enpresak Europa osoko urre-meatze handiena ireki zuen: Kittiläko meatzea. Bertan, meategia 23 urtetan irekirik mantenduko duten ia bost milioi ontza urre aurkitzea espero dute. Udalerriaren ekonomia berpizteko balio izan duen meategian, gutxi gorabehera 400 bat langilek egiten du lan[11][12][13].
Guztira, 718 aintzira daude udalerrian eta ur-eremua bere azalera guztiaren % 2 baino ez da, 168,66 km²; hori dela eta, ur-azalera txikiena duen herrialdeko udalerrietako bat da. Kittiläko aintzira ezagun eta nagusienak, hain zuzen ere, Kelontekemäjärvi eta Pallas-Yllästunturiko Parke Nazionalean dagoen Pallasjärvi dira; ibai ospetsuenen artean, berriz, Aakenusjoki, 235 km luzeko Kitinen, Loukinen eta EnontekiötikRovaniemi hiribururaino doan Ounasjoki daude. Ur-eremu honetan, urtero milaka arrantzale erakartzen dituzten arrainak bizi dira, amuarrain marroiak, izokinak eta laponiako amuarrainak besteak beste[14][15].
Lurraren % 10 inguru jabetza nazionala da, eta hau bi parke nazionalek eta bi eremu basatiek osatzen dute; gainontzekoa baso txiki eta jabetza pribatuak dira. Aipagarria da baso-eremua Kittilären lurren % 90 hartzen duela (Finlandiaren batez bestekoa % 72,9 da) eta gainontzeko azalera, lehen aipatutako ur-eremuak, zelai zabalek, inguru zingiratsu eta paduratsuek, eta tundra eremuek osatzen dutela[16].
Ondorengoak dira Kittiläko babestutako eremuak:
Hammastunturiko eta Puljuko eremu basatiak: Kittilären bereizgarri nagusietako bat dira udalerrian dauden bi eremu basatiak. Gune hauek natura basatia, eta sami kultura eta bizilekua babesteko asmoz sortuak izan ziren 1991. urtean. Hertsiki natura erreserbak ez diren arren, arau eta debeku ugari mantentzen dira. Dena den, natura altxor hauek ezagutarazteko helburuarekin basabide eta etxola ugari egin dira azken urteotan, abenturazale asko erakarri dituztenak[17].
Lemmenjokiko Parke Nazionala: Inari eta Kittilären artean dagoen Finlandiako parke nazional zabalena eta Europako zabalenetakoa da; guztira, 2.850 km²-ko azalera du. Parke nazionala udalerriaren eremu menditsuenetako batean dago, ipar-ekialdean, eta Norvegiako mugaraino iristen da. Mendietako tundra eremuaz gain, zingirak eta errekastoen inguruko lautada zabaletan zehar zabaltzen den baso boreala dira Lemmenjokiren bereizgarriak; hala, habitat desberdin horietan hazitako animalia aniztasuna garrantzitsutzat jotzen da. Dena den, herrialdean ibilbide eta basabide ugaritasunagatik da ezaguna, urtero milaka bisitari erakartzen dituztenak; bertan, espreski eraikitako hamar etxola inguru daude, parke nazionaleko itzulian atseden hartzeko ezinbestekoak direnak. Guztira, 2016an, 14.200 naturazale izan zen parke nazionalean[18][19].
Pallas-Yllästunturiko Parke Nazionala: Tunturi Lappiko lau udalerrien artean dagoen parke nazionala da, Pallas eta Ylläs mendiek osatzen duten ingurunea barnean hartzen duena. 2005. urtean sortu zen parkeak, guztira, 1.020 km²-ko azalera du eta, ondorioz, herrialdeko hirugarren parke nazional zabalena da. Bereizgarri nagusiak natura ibilbide zainduak (hemezortzi), fauna eta landaredi basatia, izen handiko hiru mendiak -Pallas, Ylläs eta Ounas- eta bakoitzak sortzen duen ingurune bereziak dira. Ibilbide luzeetan eta aintzira inguruetan dauden etxolek eta urte osoan zehar antolatzen diren ekitaldiek bisitari ugari erakartzen dituzte. Iaz, esaterako, bisitari gehien jaso zituen Finlandiako natura parkea izan zen, 538.800 naturazale[18][15].
Inguru honetara iritsi zen lehen gizarte antolatua Izotz Aroaren ondoren heldu zela uste da, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarra urtzen hasi zen garaian; EnontekiökoOunasjärvi aintziran aurkitu diren aztarnek ere hipotesi hau baieztatzen dute, finlandiar arkeologo eta historialariek 8.000 urte inguruko adina dutela defendatzen baitute. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoaren kostaldean ezarri zirenez batik bat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estua izan zutela pentsatzen da. Lurralde honen berezko biztanle diren samien jatorriak orandik ezezaguna izaten jarraitzen duen arren, badirudi tribu hauen eta beranduago (k.a. 3. milurtekoan, Harri Aroan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren emaitza direla. Hasiera batean, hauen lurraldea Ozeano Artikoan hasi eta Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialdean bukatzen zen eta muturreko egoera klimatikoei aurre egiteko baliabideak garatu zituzten. Sami aitzindari hauek ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren eta guztiz nomadak zirela pentsatzen da; horrela, ehizakiaren atzetik ibiltzen zirenez, sasoiaren arabera bizilekuz aldatzen zuten etengabe. Garai honetako (duela 3.500-3.000 urte inguru) zenbait bizi-aztarna aurkitu dira udalerrian; haien artean, ehiza-tresnak, harribitxi apaingarriak, oinarrizko margolanak eta hainbat hilobi daude[20][21].
Erdi Aroan, Moskuko Dukerri Handiaren eta Suediako Erresumaren artean ibili zen lurraldea, harik eta Behe Erdi Aroan suediarren boterea nagusitu eta hauen eragina nabarmentzen hasi zen arte. Suediar Erresumak eginiko lurralde banaketan, eskualdea antzinako Laponia probintzian ezarri zuten; Kittiläk, zehazki, Sodankylä elizbarrutiaren mendebaldeko zatia osatzen zuen. Kristautasuna ere suediarren eskutik hedatzen hasi zen XVI. mendean eta orduan, lehenbiziko elizak eraikitzen hasi ziren. Lurraldearen zabalera dela-eta, hainbat eliza eraiki behar izan zituzten eskualdean erlijioa egonkortzeko; aurrenekoa, Hanhimaa herrixkan eraiki zuten 1605. urtean. Kristautasunarekin batera, samiekxamanismoa alde batera uzten eta finlandiarren ohiturak bereganatzen hasi ziren. XVII. mende amaieran, egonkortasun egoera honi esker, samien elur-orein zaintzaren kultura hasi zela uste dute adituek. Kultura honek, hala ere, aurreko kutsu nomada izaten jarraitu zuen, sasoiaren arabera, abeltzainek elur-oreinak hegoalde eta iparraldeko Ozeano Artikoaren artean edukitzen baitzituzten. Sápmi iparrean bizi ziren (eta diren) samiek, haien artean kittilärrek, bizimodu berezi horrengatik ipar sami deitura jasotzen dute[22].
XVII. mende bukaeran ere Izotz Aro Txikia izan zen eta samiek hildako asko eragin zituen gosete garai luzea pairatu zuten. XVIII. mendearekin batera, aldiz, egonkortasun politikoko garai luzea eten zen eta Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar inperioen arteko guduak hasi ziren. Azkenik, ia ehun urteko gatazken bukaera Finlandiar Gerra izan zen eta Errusiar Inperioak herrialdea bere osotasunean bereganatzea lortu zuen finn nazionalismo jaioberriaren laguntzaz. Urteen poderioz, Finlandiako Dukerri Handiak emandako erraztasunez baliatuta, Sodankylätik bereizi eta udalerri propioa sortu zuten Olavi Rauhala, Vieno Suvanto eta Johan Lahti herritarrek 1854. urtean. Erakunde berri honek Kittilä izena jaso zuen, udalerria osatzen zuten herrien artean nagusia zenaren izena hain zuzen ere. Urte haietan, hegoaldetik iparraldera etorri ziren finlandiarren kopuruak izugarri egin zuen gora eta, apurka, samiak finlandiarren ohiturak bereganatzen hasi ziren.
Errusiaren menpe ehun urte egon ondoren, Finlandiak 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu zuen. Estatus aldaketa hau oraindik errotu eta egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Alemania naziarekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak udalerriko herrixketan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten; Kittilän, esaterako, gaur egungo aireportua eraiki zuten. Aipagarria da 1943an Aakenus mendian izan zen hegazkin istripua: Junkers Ju 52 hegazkin alemaniarrak mendiaren aurka talka egin zuen eta gertaeran hainbat ofizial hil ziren.
Finlandia astindu zuten Neguko Gerra eta Jarraipenaren Gerraren ondoren, herrialdeak SESBekin Moskuko armistizioa izeneko bake-akordioa sinatu behar izan zuen; akordio hau gauzatzeko, finlandiarrek sobietarren baldintza nagusia onartu behar izan zuten, alegia, alemaniarrak finlandiar lurretatik botatzea. Horrela, gutxira arte soldadu nazien kide izandako finlandiarrak hauek jazartzeari ekin zioten eta bizilagun den Norvegiara, Hirugarren Reicharen herrialde satelitera, alde egitea galarazteko, soldaduak mugako udalerrietan kokatu ziren. Laponiako Gerra hasi zen. Ondorio garratzak pairatu zituen udalerriak, hala nola, Rovaniemi hirian izandako batailaren eta hiriburuaren suntsiketaren ondoren, Lothar Rendulic jeneralak Lappi probintzia suntsitzeko agindua eman zuen eta Hirugarren Reicharen gudarosteak Kittiläko herri gehienak txikitu zituen Norvegiarako bidean. Zutik gelditu zen eraikinetako bakarretako bat eliza nagusia izan zen.
Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Hala ere, hazkunde hori guztia ez zen horrenbestekoa izan udalerrian. Hasiera batean, industriak ez zituen bere sustraiak errotu Lappin (Kemi, Kemijärvi eta Tornio hirietan izan ezik) eta biztanle askok ihes egin behar izan zuen Finlandiako beste hiri nagusiago batzuetara euren bizimodua hobetu nahian. 1980ko hamarkadan, baina, joera hori aldatu egin zen Kittilän.
Alde batetik, 1988. urtean Outokumpu erakundeak urre- eta kobre-meatze bat ireki zuen Harrilompolo aintziratik hurbil: Saattoporako meatzea. Zazpi urtean, guztira, 6.279 kilo urre eta 5.177 tona kobre erauzi zituzten. Bestetik, hamarkada hasieran Levi mendiko eski-azpiegiturak eraberritzen hasi ziren. Inbertsio horrek negu-kirolzaleak hurbilarazi zituen Kittilära eta hamabost urteren buruan, Sirkka herriaren ondoko azpiegiturek eraldaketa izugarria izan zuten. Gaur egun, Finlandiako negu-kirol instalazio handiena izateaz gain, urtero 600.000 bisitari inguru jasotzen ditu. Pistak berritu zirenetik, gainera, Levik herrialdeko eski-estazio onenaren lehiaketa irabazi du lau aldiz. Azaro inguruan, bestalde, Munduko Eski Alpino Kopakoeslalom eski proba bat antolatzen da bertan, nazioarteko kirolari ospetsuenak biltzen dituena[23][24].
2005. urteko maiatzean, Kittilä zeharkatzen duen Ounas ibaiaren igoerak eraginda, izugarrizko uholdeak izan ziren udalerrian; izan ere, ibaia zubiak estali arte igo zen eta inguruko herri gehienak ur azpian esnatu ziren egunsentian. Nahiz eta uholdeek egun gutxi batzuk iraun zuten, galerak izugarriak izan ziren[25].
Agnico-Eagle kanadar enpresak Europa osoko urre-meatze handiena ireki zuen udalerrian 2009ko maiatzaren 1ean: Suurikuusikkoko meatzea. Kiistala eta Pokka herrien artean dagoen meatzeak 4,4 milioi inguru ontza urre emango dituela aurreikusi da, meategia 2034. urtera arte irekirik mantenduko duen ondasuna[26].
Udalerria hain handia denez, eta nahiz eta biztanleriaren erdia baino gehiago Kittilän kirkonkylä (Kittiläko elizatea) deitzen den erdigunean bizi den, erdigunetik urrun dauden herrixka asko dago; hauen artean, aipatzekoak dira Kaukonen, Köngas eta Levi muinoaren ondoan dagoen Sirkka herriak. Herrixka gehienak, erdigunean eta hegoaldean daude, Rovaniemiko mugatik gertu eta Ounasjoki ibaiaren ertzean.
Kittilä hain handia eta soila denez, bertatik mugitzea ez da erraza autoz ez bada; ez dago iparralderaino doan trenik eta tren-geltoki hurbilenak Kolarin (50 bat km mendebaldera) eta Rovaniemin (80 bat km hegoaldera) daude. Aireportua da Helsinkitik bertara iristeko modu errazena, baina RovaniemiLappiko hiriburutik edota inguruko beste udalerrietatik iristeko autoa edo busa hartu beharra dago.
Errepide erabiliena RovaniemitikMuoniora bidea egiten duen Kantatie 79 errepidea da. Guztira, 231 km-ko luzera du eta kittilärrek hiriburura joateko duten bide eskuragarriena da; gainera, udalerriko herri garrantzitsuenetatik igarotzen da, alegia, Kaukonen, Yli-Kittilä, Levi muinoaren magalean dagoen Sirkka eta herrigunetik bertatik. Beste errepide aipagarri bat, Kantatie 80a da; honek ekialdetik mendebalderako bidea egiten du -SodankylätikKolarira- eta udalerria bitan banatzen du. Guztira, 156 km dauzka eta Tepsa, Mustavaara, Hormakumpu, Kuusajoki, Yli-Kittilä eta herrigunetik pasatzen da; esan beharra dago, Kantatie 80aKolarikoYlläsko eski-estaziotik igarotzen dela eta ondorioz, udalerrira eski-azpiegiturez gozatzera etortzen diren turistek askotan bide hau hartzen dutela [27][28].
Levi eski-estazioaSirkka herritik pare bat kilometrora dagoen eski-estazioa da; zehazki, 531 metro dituen eta Levi izena duen muinoan dago, eta Lappi eskualde osoko elur-azpiegitura handienak daude bertan. Gainera, lau aldiz irabazi du Finlandiako eski-estazio onenaren lehiaketa, eta ondorioz, Eskandinavia osoko eski-estazio ospetsuenetakoa ere bada. Guztira, eski alpinoko 48 pista daude, hauetarik 15 gauez eskiatu ahal izateko argiztatuak; pista gehienak hasiberrientzako edo erdi mailako eskiatzaileentzat dira, baina adituenentzako lau pista beltz ere badaude. Jaitsiera altueneko pistatik jaisteko (325 m) Finlandian bi baino ez dauden eta azken urteotan Leviren ikur nagusi bilakatu den telekabina hartu beharra dago; pista luzeenak, aldiz, 2,5 km-ko luzera dauka. Gainera, snowboardinga praktikatzen duten zaleentzako ere azpiegitura bereziak daude, besteak beste, superpipe eta halfpipe bana. Eski-estazioaz gain, jatetxeak, bokazio-institutua, dendak eta hotelak ere daude muinoaren magalean, eta urtero erakartzen dituzten elur-zaleek udalerriaren biztanleria bikoizten, hirukoizten eta laukoizten dute sasoiaren arabera [30].
Azpiegiturak urriaren erdiko astetan ireki eta ekaina bukaeran itxi ohi dira. Irekita egoten den bitartean, beste ekintza askoren artean, elur motor safariak, Lainio elurrezko eta izotzezko herrixkara bisitak, husky txakurrek gidatutako lera safariak, Ounas ibaiko arrantza eta txirrindularitza ikastaro eta lehiaketak, eremu babestuetara ibilaldiak eta piraguismo ikastaroak antolatzen dira Sirkka herrian [31].
Lehen Hezkuntzako bost eskola daude guztira udalerrian; Alakylän, Kaukonenen, Kittilä herrian, Raattaman eta Sirkkan. Bigarren Hezkuntzako instutua aldiz, Kittilä herrian baino ez dago, 1950. urtean eraikitako Kittilän Lukio. Samiek ez daukate haien hizkuntzan ikasteko eskubiderik eta asko, Enontekiöko eskoletara joaten dira. Levi muinoan bestalde, Levi Bokazio Institutua dago, eta bertan, turismoarekin zerikusia duten ikasketak burutzen dira [32].
Senidetasun hitzarmenik ez dagoen arren, mugaz gaindiko Gällivare suediar udalerriak eta Kittiläk elkar-laguntza eta kooperazio akordioak adostu dituzte.
Kittiläko eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalbatzak eratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2012ko urriaren 28an ospatu ziren udal hauteskundeetan eratu zen.
Kittiläko udalbatza 2008ko urriaren 26ean egin ziren udal hauteskundeetan eratu zen. Lappiko udalerri gehienen antzera, Zentroko Alderdia suertatu zen garaile eta aurreko batzarrean lortutako hamalau eserlekuak mantentzea lortu zuen. Nahiz eta ordezkari bat galdu, oposizio eraginkorrena Ezker Elkartasunarena izan zen; alderdiak bigarren indarra izaten jarraitzen du eta zortzi eserleku eta bozen % 30 eskuratu zituen. Atzerago gelditu ziren Alderdi Nazionala eta ordezkari bat irabazi zuen Alderdi Sozial-Demokrata alderdi boteretsuak, hiru eta bi eserlekurekin hurrenez hurren. Aipatzekoa da Liga Berdeak ez zuela ordezkaritzarik lortu, Leviko eski-estazioaren eta, batez ere, urre-meatzearen inguruan eginiko kritiken ondorio. Hauteskundeen ostean, eratu berria zen udalbatzak Seppo Maula alkate izendatu zuen [35].
Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako gainontzeko udalerriekin alderatuta, Kittilän, 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa nahiko baxua da, % 16, eta 65 urte baino gehiagokoa aldiz, altua, % 17,9koa. Erlijioari dagokionez, gehienak sinesgabeak edo luteranoak dira, bereziki laestadianismo mugimendu kontserbadorekoak. Udalerriko hizkuntza ofizial bakarra finlandiera da; izan ere, biztanleria osoaren % 97,8aren ama hizkuntza da. Bigarren mailako hizkuntzak iparraldean samiek hitz egiten duten ipar samiera eta suediera dira. Udalerri honetako jatorrizko biztanleak samiak dira; hala ere, XVIII. mendetik aurrera finlandiarren kopuruak izugarri egin zuen gora eta, apurka, samiekfinlandiarren ohiturak bereganatu zituzten. Gaur egun, elur-orein zaintzan diharduten sami gutxi batzuk baino ez dira bizi Kittilä iparraldean [36].
6.000 biztanle pasatxo dituen udalerri hau, biztanle gehien dituen Lappiko zortzigarren udalerria da eta bere azalera handiak, Finlandia osoko biztanle dentsitate txikiena duen udalerrien artean kokatzen du. Azken hamarkadetan biztanleria mantendu egin da turismoari eta meatze berriari esker; izan ere, Lappi eskualdeko udalerri gehienetako biztanleek Rovaniemira lan bila alde egiten zuten bitartean, kittilärrek Levi muinoak eskaintzen dien lan-etorkizunaren itxaropenez bertan gelditu dira [38].
Nazioartean ezagunenak diren kittilärren artean Arto Paasilinna eleberrigilea dago; kokinkeria, komedia eta satira nobelak idazten dituen autorea dugu eta bere obrak, hogeita zazpi hizkuntza desberdinetara itzuliak izan dira. Finlandiako idazle ospetsuenetako bat da eta, batez ere, Erbiaren urtea1975. urtean idatzitako obragatik da ezaguna. Beste artista ospetsu bat Kalervo Palsa margolaria da, bere obra probokatzaileengatik ezaguna Finlandia osoan. Azkenik, hildako beste margolari ezagun bat aipatu beharra dago, Reidar Särestöniemi, Palsarekin batera Lappiko artista ospetsuena; Kittilän bere museo ofiziala dago, Särestöniemi Museoa[40].
Udalerria samien jatorrizko lurraldearen barruan dago, Sápmi delako lurraldean. Aspaldian, samiak baino ez ziren bizi bertan, baina XVIII. mendetik aurrera iritsitako finlandiarren kultura bereganatu eta euren kultura bereiziari uko egin zioten askok. Gaur egun, biztanleriaren % 1 baino ez da talde-etniko honen parte, eta bakarrik % 0,2 justuaren ama hizkuntza da ipar samiera. Finlandiako Sami Lurraldea erakundea osatzen ez duenez, bertako sami gutxiengoaren kultura ez dago legeekin eta eskubide bereziekin babestuta. Hala ere, sami hauek gehienbat iparraldean bizi direnez, Sami Lurraldea osatzen duten udalerrien mugan, bertako eskola eta elizkizunetara joateko aukera dute [41].
Armarria udalerria sortu eta ehun eta bederatzi urtera onartu zuen udalbatzak, 1963ko uztailaren 1ean (Barne Ministerioak azaroaren 26an). Einari Junttila kittilär margolariaren artelana da eta honekin antzinako kulturak eta naturak udalerrian duten eragina irudikatu nahi izan zuen. Atzealde beltzaren, eta honen gainean dagoen zilarrezko muinoaren aurrean, mingain, hortz eta atzapar gorriak dituen jatun beltza dago. Hain zuzen, jatuna eskualde honetan oso ohikoa den ugaztuna da, eta herritarrek aspalditik larruagatik ehizatu izan duten arren, gaur egun animalia babestua da herrialde osoan. Bestalde, zilarrezko gainak udalerriko Levi tontorra irudikatzen du, azken urteotan udalerriaren motore ekonomiko nagusia bilakatu dena. Azkenik, aipatzekoa da Kittiläko armarriaren atzealde iluna; izan ere, kolore hitsak (grisa, beltza) Lappiko udalerriko armarrien bereizgarri nagusiak dira, eskualdeko zerua irudikatzen dutenak[42].
Ondasun nabarmenak
Artearekin eta, batez ere, margolaritzarekin zerikusia duten bi museo daude udalerrian. Lehena, Särestöniemi Museoa, XIX. mendeko egurrezko eraikin batean dagoen Reidar Särestöniemi margolari kittilärraren museo ofiziala da. Kaukonen eta Kittilä herrien artean dagoen museoan, margolariaren bizimoduaren berri ematen duten hainbat obra dago. Bestalde, Einari Juntilla margolariaren galeria bat ere badago Kittilä herrian; hemen, udalerriko armarriaren zirriborro bat eta margolariaren obra original gehiago daude erakusgai [43].
6. mailako futbola: Kittilän Palloseura taldea.
5. mailako izotz-hockey taldea: Kittilän Palloseura (KiPS).
SBC Levi bandy.
Udalerriko historiarekin zerikusia duten bi etxalde daude Kittilä herritik hurbil. Hauetako batean, Kittiläko Herri Museoan, mila erakusgai baino gehiago daude, haien artean, 1900eko hamarkadako etxalde eta komun bana. Gainera, bertako eraikinen aspaldiko egiturei esker, Hanhimaa, Kelontekemä, Köngäs, Molkojärvi eta Tepasto herrixkak monumentu izendatuak izan ziren 1993. urtean [44][45].
Denen artean, hauek dira udalerriko eraikin eta oroitarri ezagunenak:
Kittiläko eliza: 1831. urtean Carl Ludvig Engel arkitektoak eraikitako eliza luterano zuria da. Kittilä herriaren erdigunean dago eta ezkilategi luzea du, ezkilen hotsa inguruko herrixketan entzun dadin. Eliza honek, hain zuzen, berebiziko garrantzia izan zuen 1854. urtean, KittiläSodankylätik banatu eta berezko udalerri berria sortzeko orduan. Laponiako Gerran eraikin gehienak suntsituak izan ziren bitartean, eliza zutik iraun zuen eraikinetako bat izan zen; udalerriko zurezko eraikin zaharrena da [46].
Lainio: Kittilä eta Kallo herrien artean dagoen elurrezko eta izotzezko "herrixka" bat da. Azaro erdialdean, kamioiak elurra eta izotza eramaten hasten dira bertara, urtero legez, Lainio eraikitzeko. Inguruko edo atzerriko bisitarientzat hotelak, jatetxeak, tabernak, etab. eraikitzen dira; azken urteotan, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalaren ertzean egoteagatik eta eskaintzen dituzten jarduerei esker, Kittiläko leku bisitatuena bihurtu da Kittilä herria, Levi eta Sirkka ondoren [47].
Ospakizun bereziak
Uztaila inguruan, Lappi eskualde osoan ospetsua den merkatu bat izaten da. Kittilä herrian antolatzen den merkatu honek, Finlandiakoamuarrain eta izokin handi eta preziatuenak saltzen dituen ospea dauka. Garai honetan gainera, merkatua goxotzeko asmoz, Krokotiilirock izeneko musikaldi bat ere ospatzen da, euskarazKrokodilo Rock.
Ounasjoki ibaiaren ertzean dauden Kittiläko herrixka askotan, arrantza lehiaketak antolatzen dira uda partean; hala ere, ospetsuenetako bat, neguan ospatzen den eta arrantzale asko biltzen dituen Alakyläkoizotz arrantza lehiaketa da [48].
Azkenik, aipatu beharra dago urtero Levin ospatzen den baloi txapelketa. Otsaila hasieran, mundu osoko lehiakideak iristen hasten dira beren globo aerostatikoetan, Kittilän antolatzen den lehiaketa irabazteko asmoz [50].
Kittiläko egitura ekonomikoaren arabera, langile gehienak zerbitzuetan egiten du lan; bai zerbitzu publikoetan, bai baso-zaintzan, bai turismoan. Gainontzekoak, nekazaritzan (egoera klimatikoak baldintzatuta) eta elur-orein zaintzan egiten du lan gehienbat. Nahiz eta Lappi iparralde osoan bezala, industria ia garatu gabe dagoen, langabetuen kopurua Lappiko udalerrietako txikienetarikoa da turismoari esker. Ez asko webgune berri bat estreinatu zuen udalerriak, Levi-Lapland izenekoa; izan ere, udalerriko diru-sarreren iturri nagusia 2007. urtean 312.000 bisitari jaso zituen Pallas-Yllästunturi Parke Nazionala eta Levi muinoko eski azpiegiturak dira.
LeviLappi eskualdeko eski-estazio handiena da eta Finlandiako eski estazio onenaren lehiaketa irabazi du lau aldiz. 531 metroko muino honetan, 48 eski alpinoko pista daude, hauetarik 15 gauez argiztatuak eskiatu ahal izateko, eta herrialdeko bi telekabinetatik bat Levin dago, 325 metroko luzera duen pistatik jaisteko. Gainera, snowboardinga praktikatzen duten zaleentzako ere azpiegitura bereziak daude, superpipe eta halfpipe bana. Eski-estazioaz gain, jatetxeak, bokazio-institutua, dendak eta hotelak daude inguruan. Azpiegiturak urria erdialdean ireki eta ekaina bukaeran itxi ohi dira. Irekita egoten den bitartean, elur motor safariak, Lainio elurrezko eta izotzezko "herrixka"ren bisitak, husky txakurrek gidatutako lera safariak, Ounasjoki ibaiko arrantza eta txirrindularitza ikastaro eta lehiaketak, eremu babestuetara ibilaldiak eta piraguismo ikastaroak bezalako ekintzak eskaintzen dira Sirkka herrian. Azpiegitura hauek erakartzen dituzten elur-zaleek, udalerriaren biztanleria bikoizten, hirukoizten eta laukoizten dute sasoiaren arabera [51].
Azkenik, aipatzekoa da Agnico-Eagle enpresa kanadarrak, 2008. urte bukaeran, Kiistala eta Pokka herrixken artean dagoen Europa osoko urre-meatze handiena ireki zuela. Bertan, meategia 13 urtetan irekirik mantenduko duten 150.000 ontza urre aurkitzea espero dute. Udalerriaren jarduera ekonomikoa berpizteko balio izan duen urre-meatzearen inguruan, gutxi gorabehera 500 bat langile dabiltza [52].