Tervolako eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalbatzak eratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2012ko urriaren 28an ospatu ziren udal hauteskundeetan eratu zen.
Armarria 1957an sortu eta urte bereko otsailaren 15ean Tervolako ikur ofizialtzat hartu zen. Egilea Ahti Hammar helsinkiar artista da, Finlandiako hainbat udalerritako armarriren autorea dena. Atzealde gorriaren aurrean, mokoan urrezko tipula duen zilarrezko kurriloa dago. Bertan agertzen diren irudiekin, Hammarrek udalerriaren natura eta kultura berezitasunak adierazi nahi izan zituen, batik bat, Lappiko iparraldeko udalerriekin alderatuta. Hain zuzen, kurriloa eskualde honetako hegazti ohikoa da, udaberri eta udara epelak -umealdi sasoia- bertan igarotzen dituena. Tipula, aldiz, udalerrian landatzen den landare ospetsuenetakoa da eta, iparraldeko eremuekin alderatuz, emankorragoa den lurzorua eta Tervolaren nekazal izaera irudikatzen ditu [6].