Egutegi errepublikanoa (edo Frantziako Iraultzako egutegia) Frantziako Iraultza garaian asmatu eta Konbentzio Nazionalak 1793ko dekretu baten bidez indarrean jarritako egutegia da. 1793kourriaren 5ean hasi eta 1805ekoirailaren 9a arte egon zen indarrean. Egutegiaren lehen urtetzat 1792. urtea aukeratu zen, Errepublika urte hartantxe fundatu baitzen. Napoleonek agintea zuela, XIII. urteko Frutilisaren hamartehiko bigunez, hau da, 1805ekoirailaren 9an, beste dekretu bat hedatu zen, egutegi zaharrera itzultzeko aginduz.
Mauleko udal kontseiluko kide batek egutegia euskaratu zuen, Konbentzio Nazionalaren garaiko beste hainbat agirirekin egin zen bezala. Hala, Çaspigerren ourtheko Qhoundaderra izenarekin, zazpigarren urteko (1799) egutegi errepublikanoa euskaraz eman zen argitara.
Asteak
Hilak, zazpi eguneko asteen ordez, "hamarte" (décade) izeneko hamar eguneko multzoetan banatzen ziren. Hona hamarteko egunen izenak:
Legun (Primidi)
Bigun (Duodi)
Higun (Triodi)
Logun (Quartidi)
Bogun (Qintidi)
Segun (Sextidi)
Pegun (Septidi)
Zogun (Octidi)
Bedegun (Nonidi)
Margun (Décadi): Margunean nahitaezko jai-eguna egiten zen. Hori ez zen herritar gehienen gustukoa: izan ere, zazpi egunetik behin hartu beharrean, langileek hamar egunetik behin jai hartzen baitzuten.
Hilabeteko lehen hamarteak "hamarle" izena zuen; bigarren hamarteak, "hamartebi"; eta hirugarrenak, "hamartehi".
Frutilis hila amaitutakoan, bost eguneko jai nazionalak egiten ziren. Jai horiek hasieran les Sans-Culottides izenarekin ezagutu ziren, baina III. urtearen ondoren (1795), jours complémentaires izena hartu zuten, euskaraz "bethagail egunak":
Betagail legun: Fête de la Vertu "Bertutearen ospakizuna" irailaren 17an edo 18an.
Betagail bigun: Fête du Génie "Aztitasunaren ospakizuna" irailaren 18an edo 19an.
Betagail higun: Fête du Travail "Lanaren ospakizuna" irailaren 19an edo 20an.
Betagail lagun: Fête de l'Opinion "Iritziaren ospakizuna" irailaren 20an edo 21ean.
Betagail bogun: Fête des Récompenses "Ordain-sarien ospakizuna" irailaren 21ean edo 22an.
Betagail arrasgun: Fête de la Révolution "Iraultzaren ospakizuna" irailaren 22an edo 23an. Lau urtetik behin ospatzen zen, hau da, bisurte edo betarras urteetan (anné bixestile).
Bitxikeriak
Frantziako egungo dokumentu ofizialetan, jatorrian jarri zitzaien datarekin aipatzen dira egutegi errepublikanoa indarrean izan zen urteetan onartutako legeak.