Banpiroak bizidunon odolarekin elikatzen diren izaki mitologikoak edo folklorikoak dira. Batzuetan kontakizun folklorikoetan banpiro hilezkorrek beren senide izan zirenei bisitatzen die, eurak bizi ziren lekura itzuliz eta beren bizilagun-ohiei ezbeharrak edo heriotzak sorraraziz. Nahiz eta izaki hauek munduko kultura gehienetan aipatuak izan, Mendebaldeko Europanbanpiro izendapena ez zen XVIII. mendera arte ezagun egin, batez ere Balkanetatik eta Ekialdeko Europatik ailegatutako eraginagatik. Halere, garai honetarako izakiok lekuan-lekuko izen ezberdinak jasotzen zituzten: vampir (вампир) Serbian, vrykolakasGrezian eta strigoiErrumanian. Banpiroenganako sineskeria mailaren areagotzeak Europako jendetzaren histeria mailaren areagotzea ere ekarri zuen berarekin bat, ondorio bezala hilberrien gorpuak taketez zulatu edo jendearen aurkako banpirokeria salaketen kasuak asko ugaritu ziren.
Aro Modernoan aldiz, banpiroa fikziozko izaki bat izan ohi da, nahiz eta oraindik munduko zenbait txokoetan banpiroen antzeko izakienganako sinesmena baden, adibidez chupacabra delakoa. Lehendabiziko banpiroenganako sinesmen folklorikoak hil berrien gorputzaren usteltze prozesuarekiko zegoen ezjakintasunean oinarritzen ziren, nolabait aurre-industrializazio garaiko jendeak heriotzaren misterioak arrazionalizatzeko azalpenean banpiroaren sorkuntza burutuko zuen. Porfiriaren gaixotasuna ere lotu izan ohi da banpiroen kondairekin eta oihartzun handia eman zitzaion komunikabideetan, nahiz eta lotura hau oso eztabaidatua izan den[1][2].
Fikzio modernoan agertzen den banpiro sofistikatu eta karismatikoa 1819. urtean John William Polidori idazlearen The Vampyre idazlanaren argitalpenarekin jaio zen; kontakizun honek arrakasta itzela jaso zuen eta XIX. mendeko ondorengo banpiroen inguruko idazlanetan eragin handia izango zuen[3]. Sheridan Le Fanu idazlearen Carmila eleberria ere aipagarria da, bertan banpiro emakumezko bat agertzen delarik. Nola nahi ere, 1897ko Bram Stoker idazlearen Drakula pertsonaia izango zen nobeletako banpiroen erabateko funtsa eta banpiro modernoaren kondairari oinarri nagusiak eskaini zizkion. Liburu honen arrakastak XXI. mendean liburu, filma eta telebistako saioen bidez hain ospetsua den banpiroen genero berria ezarri zuen. Honela banpiroaren irudia beldurrezko generoaren irudi nagusia bilakatu da.
Etimologia
"Banpiro" hitza Europan lehenengo aldiz XVIII. mendean erabiltzen hasi zen, Eslaviar hizkuntzetatik eratorria da (Alemanierazvampir, hau vaper antzinako Polonieratik dator eta, azken hau, aldi berean, oper antzineko eslaviar hitzetik dator; Turkiera eta Persierarekin paraleloak diren sustrai indoeuroparrak ditu. Bere etimologia, hala ere, iluna da. Aldi berean, esanahi bat baino gehiago ditu: "izaki hegalaria", "edan edo zurrupatu" eta "otso", gainera saguzahar mota baten izendapena ere bada. Euskarara nondik iritsi zen ez da ezaguna, baina, edozein bide izanda ere, frantsesezko vampyretik eratorri zen, hau alemanezko Vampir hitzetik eta hau serbierako vampir hitzetik[4][5][6][7]. Euskarazko lehen aipamena 1890ean agertu zen, Framazonak (bigarren edizionea) eta Frantziako hirur errepubliken ichtoria laburzki liburuan.[oh 1][8]
Euskarazko banpiro hitza izendatzeko beste izendapen batzuk hauek dira: gaztelaniaz brucolaco, vurdalak (errusiera modernoan), vrolok (eslovakieraz), strigoï edo strigoiul (errumaniera modernoan), vampir o vukodlak (serbieraz), upiór (polonieraz), upir (aintzineko errusieraz) , nosferatu (grezierazko nosophoro (νοσοφορος) hitzetik, "gaisotasunaren eramale"), vampyrus (latinez) eta Kyuuketsuki (吸血鬼) edo Kuei-jin en japonieraz.
Latinez idatzitako Erdi Aroko zenbait ingeles idazkietan "cadaver sanguisugus" bezala ere izendatu izan ohi da.
Herri sinismenak
Banpirismoaren nozioa duela milaka urtetatik existitu da. Mesopotamiar, hebrear, greziar, manipuriar eta erromatar kulturek banpiro modernoen aitzindaritzat jotzen diren deabru eta izpirituen istorioak zituzten. Antzinako zibilizazio horietan izaki banpirikoak agertu ziren arren, gaur egun banpiro gisa ezagutzen den entitatearen folklorea XVIII. mende hasierako Europako hego-ekialdean sortu zen ia bakarrik[3], eskualdeko talde etniko askoren ahozko tradizioak erregistratu eta argitaratu zirenean. Kasu gehienetan, banpiroak izaki gaiztoen aztarnak dira, suizidioaren edo sorginen biktimak, baina, era berean, gorpu bat duen izpiritu gaizto batek edo banpiro batek kosk egin diolako sor daitezke. Kondaira horiekiko sinesmena hain zabaldua izan zen, ezen zenbait lekutan banpirotzat jotzen ziren pertsonen histeria kolektiboa eta exekuzio publikoak ere eragin baitzituen[9].
Deskribapena eta ohiko ezaugarriak
Zaila da banpiro folklorikoaren deskribapen bakar eta behin betikoa egitea, nahiz eta Europako elezahar askoren elementu komunak egon. Banpiroek itxura hanpatua eta kolore gorrixka, biolazeo edo iluna izaten zuten; ezaugarri horiek, sarritan, duela gutxi odola edan zutelako izaten ziren. Sarritan ikusten zen odola ahotik eta sudurretik ateratzen zela bere hilkutxan edo hil-jantzian ikusten zenean, eta ezkerreko begia irekita izaten zuen. Lurperatuta zegoen lihozko hil-oihalaz janzten zen, eta bere hortz, ile eta azazkalak zertxobait hazi zitezkeen, nahiz eta, oro har, letaginak ez ziren ezaugarri[10]. Banpiroak hildako bizidun gisa deskribatu ohi diren arren, herri-ipuin batzuek izaki bizidun gisa aipatzen dituzte[11][12].
Banpiroak sortzea
Banpiroen sorreraren arrazoiak askotarikoak ziren jatorrizko folklorean. Eslaviar eta txinatar tradizioetan, animalia batek, batez ere txakurrak edo katuak, salto egiten zuen edozein gorpu hildako bizidun bihurtuko ote zen beldur ziren. Zauria zuen gorputz bat ere arriskuan zegoen, ur irakinez tratatu izan ez balute. Errusiar folklorean esaten zen banpiroak sorginak edo, bizirik zirela, Errusiako Eliza Ortodoxoaren aurka matxinatu ziren pertsonak izan zirela[10][13].
Sarritan, praktika kulturalak sortu ziren hildako pertsona maite bat heriotzatik itzultzen zen izaki batean bihur ez zedin. Gorpu bat ahuspez ehorztea oso hedatua zegoen, baita objektu lurtarrak jartzea ere, hala nola segak edo igitaiak, hilobiaren ondoan, gorputzean sartzen zen edozein deabru asetzeko edo hildakoa baretzeko, hilkutxatik altxatu nahi ez izateko[10]. Metodo hau antzinako praktika grekoaren antzekoa da, hots, gorpuaren ahoan obolo bat jartzea Estigia ibaia zeharkatzeko bidesaria ordaintzeko. Esan izan da, ordea, txanponak izpiritu gaiztoak gorputzean sartzetik urrundu nahi zituela, eta horrek eragina izan zezakeela ondorengo folklore banpirikoan. Tradizio honek iraun zuen vrykolakasen gaineko folklore greziar modernoan, non hilotzaren gainean argizarizko gurutze bat eta zeramika zati bat jartzen ziren "Jesukristo garaile" inskripzioarekin, gorputza banpiro bihur ez zedin[14].
Europan eskuarki erabiltzen ziren beste metodo batzuek tendoiak belaunetan moztea edo ustezko banpiro baten hilobiaren lekuan mitxoleta, artatxikia edo harearen haziak lurrean jartzea barne hartzen zuten; horrela, banpiroa gau osoan okupatuta eduki nahi zen eroritako aleak zenbatuz, eta horrek adierazten du banpiroen eta aritmomaniaren arteko lotura. Antzeko beste kontakizun txinatar batzuek diotenez, izaki banpiriko batek arroz-zaku bat aurkituko balu, ale bakoitza kontatu beharko luke; gai hori Indiako azpikontinenteko mitoetan dago, baita Hego Amerikako sorginen eta beste espiritu edo izaki gaizto edo bihurrien kontakizunetan ere[10][15].
Albaniar folklorean, dhampirra karkanxhollaren (izaki likantropoa burdinazko alkandorarekin) edo lugataren (uretan bizi den mamu edo munstro bat) seme hibridoa da. Karkanxholl batetik sortutako dhampirrak karkanxholla bereizteko gaitasun bakarra du; hortik dator dhampirrak lugata ezagutzen du esamoldea. Lugata ezin da ikusi, dhampirak bakarrik hil dezake, hau ere lugat baten semea izan ohi delarik. Hainbat eskualdetan, animaliak ere itzul daitezke heriotzatik lugat gisa; baita bizirik dauden pertsonak ere, lo dauden bitartean[16].
Banpiroak identifikatzea
Erritu asko erabiltzen ziren banpiro bat identifikatzeko. Banpiro baten hilobia aurkitzeko metodo bat haur birjina bat hilerri batetik edo eliza baten zaldi birjin baten gainean gidatzea zen; ustez, zaldiak uko egingo zion hilobi horretara iristeari[13]. Normalean zaldi beltz bat behar izaten zen, nahiz eta Albanian zuria izan behar zuen. Lurrean hilobi baten gainean zuloak agertzea banpirismoaren seinaletzat hartzen zen[10].
Banpiroak zirela uste zen gorpuak, normalean, uste baino itxura osasungarriagoz deskribatzen ziren, lodiak eta deskonposizio-zeinu gutxi edo batere ez zutenak. Kasu batzuetan, hilobi susmagarriak irekitzen zirenean, bertakoek gorpua deskribatzen zuten biktima baten odol freskoa balu bezala aurpegi osoan. Banpiro bat herri jakin batean aktibo zegoela erakusten zuten frogek ganadua, ardiak, senitartekoak edo bizilagunak hiltzen zirela adierazten zuten. Banpiro folklorikoek ere beren presentzia sentiaraz zezaketen poltergeist motako jarduera txikien bidez, hala nola, teilatuen gainean harriak jaurtiz edo etxeko objektuak mugituz[10], eta lo dauden bitartean pertsonei presioa eginez[17].
Babesa
Baratxuria, Bibliak, gurutzeak, errosarioak, ur bedeinkatua eta ispiluak erabili dira kultura askotan banpiroengandik babesteko. Objektu hauei apotropaiko esaten zaie.
Apotropaikoak –heriotzatik itzulitakoak aldentzeko gai diren artikuluak– ohikoak dira folklore banpirikoan. Baratxuria adibide arrunta da, basa-arrosaren adar bat, eta elorria banpiroei kalte egiten dietela esaten da, eta Europan, etxe bateko sabaian ziape-haziak hautseztatzeak urrun mantentzen dituela esaten da. Beste apotropaiko batzuk objektu sakratuak dira, adibidez gurutze bat, arrosario bat edo ur bedeinkatua. Esaten da banpiroak ez direla gai lur sagaratuan ibiltzeko, elizetan edo tenpluetan bezala, edo ura gurutzatzeko[18].
Tradizionalki apotropaikotzat hartzen ez diren arren, ispiluak banpiroak uxatzeko erabili izan dira ate batean jartzen direnean, kanpora begira (kultura batzuetan, banpiroek ez dute islarik, eta batzuetan ez dute itzalik proiektatzen, agian banpiroaren arimarik ezaren adierazpen gisa)[19]. Atributu hori ez da unibertsala (vrykolakas/tympanios grekoa itzala islatzeko nahiz proiektatzeko gai zen), baina Bram Stokerrek erabili zuen Drakulan, eta ezaguna izaten jarraitu du ondorengo egile eta zinemagileen artean[20].
Tradizio batzuen arabera, banpiroa ezin da etxe batean sartu jabeak gonbidatzen ez badu; lehen gonbidapenaren ondoren, nahi bezala sartu eta irten daitezke. Banpiro folklorikoak gauez aktiboagoak direla uste den arren, orokorrean ez dira eguzkiaren argitan kalteberatzat jotzen.
Suntsipen moduak
Ustezko banpiroak suntsitzeko metodoak aldatu egiten ziren, eta zutoinean sartzea zen metodorik aipatuena, batez ere eslaviar hegoaldeko kulturetan. Lizarra zen Errusian eta Baltikoko herrialdeetan egur gogokoena[21], Serbian elorria[22] eta Silesianharitza[23]. Lertxuna ere erabiltzen zen, Kristoren gurutzea lertxunez egina zegoela uste baitzen (ustezko banpiroen hilobietako lertxun adarrek gauez altxatzea saihesten zutela ere uste zen). Balizko banpiroei zutoin bat sartzen zitzaien bihotzean, nahiz eta Errusian eta Alemaniako iparraldean ahoan eta Serbiako ipar-ekialdean urdailean iltzatu[10].
Bularreko azala zulatzea banpiro puztua "husteko" modu bat zen. "Hileta antibanpirikoaren" antzeko praktika da: objektu zorrotzak lurperatzea, igitaiak adibidez, gorpuarekin, larruazalean sartu ahal izateko gorputza behar beste puzten bada bizitzara itzultzen ari den bitartean[10].
Burua moztea zen metodo gogokoena Alemaniako eta eslaviar mendebaldeko eremuetan, burua oinen artean, ipurmasailen atzean edo gorputzetik urrun zuela. Ekintza hori arimaren irteera bizkortzeko modutzat hartzen zen, zenbait kulturatan hilotz zegoela esaten baitzen. Banpiroaren burua, gorputza edo arropak ere lurrean sar zitezkeen, altxa ez zedin[10].
Erromani herriak altzairuzko edo burdinazkoorratzak sartzen zituen gorpuaren bihotzean, eta altzairuzko zatiak jartzen zituen ahoan, begien, belarrien eta behatzen artean, ehorzketaren unean. Halaber, hilotzaren galtzerdian elorria jartzen zuten edo hanketan elorri-makil bat sartzen zioten. XVI. mendeko ehorzketa batean, Veneziatik gertu, emakumezko gorpu baten ahoan sartutako adreilu bat banpiroak hiltzeko erritual gisa interpretatu dute 2006an aurkitu zuten arkeologoek. Bulgarian 100 eskeleto baino gehiago aurkitu dituzte objektu metalikoekin, hala nola golde-zatiak, soinean txertatuak[24].
Beste neurri batzuen artean, hilobiaren gainean ur irakina isurtzea edo gorputza erabat erraustea zeuden. Balkanetan ere hil zitekeen banpiro bat, tiro eginez edo itoz, hileta-zerbitzua errepikatuz, ur bedeinkatua gorputzean bustiz edo exorzismo baten bidez. Errumanian baratxuria jar zitekeen ahoan, eta XIX. mendean oraindik, hilkutxaren aurka balaz aritzen zen. Kasu erresistenteetan, gorputza zatitu eta zatiak erre egiten ziren, urarekin nahastuta, eta senideei sendabide gisa ematen zitzaizkien. Alemaniako eskualde saxoniarretan limoi bat jartzen zen ustezko banpiroen ahoan[17].
Antzinaroko sinismenak
Erdi Aroko eta modernitateko Europako folklorea
XVIII. mendeko banpiroen inguruko eztabaida
Banpirologiari buruzko disertazioak
Europatik kanpoko sinismenak
Afrika
Amerika
Asia
Gaur egungo sinismenak
Oharrak
↑Yuduak ari direla, Frantzian eta non nahi, iduri dutelarik uxaranak eta banpirak <vanp-> egungo zozietateari bere odol guziaren edaten, xukatzen.