Zeharkako txirulek hodiaren mutur bat itxia dute, eta alde horretan ahokoaren funtzioa betetzen duen zulo bat dute. Hodian zehar digitaziorako zuloak dituzte. Berrienek giltzak izan ohi dituzte, zulo hauek itxi eta irekitzeko.
Jotzeko era
Zeharkako txirulak bi eskuekin trebeska hartu eta, ahokoa ezpainetan jarririk, ertzaren kontra airea bideratuz jotzen dira.
Zeharkako txirulen familia
Zeharkako txirulak badu ahaide txikiagorik. Zurez edo kanaberaz egindako pifano izeneko zeharkako txirula txikiak ezagutu ditugu herri askotan, baita Euskal Herrian ere. Orkestra sinfonikoetanpiccoloa izena hartzen dute ohiko zeharkako txirulak baino txikiagoak diren soinu-tresna hauek.
Carmen Rodriguez Susok XVIII- XIX. mendeetako Bilbo inguruko pifano-joleen bilakaera jaso zuen Los Txistularis de la Villa de Bilbao (1999)[2] liburuan. Dirudienez, pifano-joleak garrantzia hartzen joan ziren urteen poderioz: hasiera batean ekitaldi ofizialetan udalaren soldatapeko langile modura jarduten bazuten ere, pixkanaka danbolinteroen funtzioak hartzen joan ziren, jai egunetako musika ere haien gain hartuz. Bilbon pertsona berak jotzen omen zituen pifanoa zein txistua eta danbolina; adibidez, 1772an udal danbolinteroa zen Jose Antonio de Lizaso y Egañak.
Irungo Alardekoprozesioan 1863an hiru pifano eta hiru danbor atera zirela jasota dago; urte hori hartzen dute tamborrada delakoaren hasieratzat[3]. Ondorengo urteetan txilibitoak (bi eskuko ahokodun txirula zuzenak) agertzen hasi ziren eta XX. mende hasierako argazkietan batera ikus ditzakegu bi txirula-mota hauek. Aipagarria da Irunen txirula zuzen honek duen txilibito izen nagusiaz gain, askotan hartzen duen pifano izendapena.
Mundakako (Bizkaia) Aratusteetanatorrak izeneko pertsonaiak kalez kale ibiltzen dira beren soinu-tresnekin herria alaitzen. Errondaila gisako talde honetan beti erabili izan dira zeharkako txirulak.
Folk musika
1970eko hamarkadatik aurrera, munduko beste bazterretan bezala, Euskal Herrian ere folk mugimendua loratzen hasi zen. Folk taldeek erro tradizionaleko musika berrinterpretatzen zuten, baita kutsu herrikoiko pieza berriak egin ere. Zeharkako txirulak presentzia nabarmena zuen talde hauetako askotan (adibidez, Oskorri edo Azala taldeetan), eta soinu-marka bereizgarria ere eman zien hainbatetan.
Ikonografia
Euskal Herriko elizetako ikonografia musikalean ez dugu zeharkako txirulari askorik aurkitu.
Miarritzeko Eugenia Santuaren eliza neogotikoko bi beirateetan aingeru musikari talde bana ageri da; horien artean, talde bakoitzean zeharkako txirula jotzen duen bat dago.
Nafarroan, Sesmako Jasokundearen parrokiako 1771. urteko rokoko organoaren goialdean, aingeru bat ageri da zeharkako txirula jotzen.
Sesmako parrokiako organoan aingeru txirularia.
Miarritzeko Eugenia Santuaren elizako Jaiotzaren beiratearen goiko aldean aingerua zeharkako txirula jotzen.
Erreferentziak
↑Ramos, J.. (1990). «Materiales para la elaboración de un censo de músicos
populares de Euskal Herria, a partir de los instrumentistas llegados a Iruñea en el Siglo XVIII» Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 55 zk. (Institución Principe de Viana.): 91-138..