Oharra:Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
AEBetakoSan Frantzisko hiriko animalia-denda batean Mitch Brenner (Rod Taylor) abokatu gazteak eta Melanie (Tippi Hedren) emakume gazte eder, aberats eta harroputzak elkar topo egin dute. Mitchek Melanieri Bodega Bay jaioterrira joateko gonbidatu du (bertan haren ama Lydia eta Cathy arreba gazteena bizi dira), arrebaren urtebetetzea ospatzeko.
Jada Bodega Bay udalerrian, Melanieri kaio batek erasotu eta aurpegian zauria egin dio. Udalerriko andereñoak —Mitchez maitemindua da— bere etxean babes eman dio. Cathyren urtebeteze festan, kaio talde handi batek haurrei eraso egin die eta gero, arratsalde horretan bertan, Brennerdarren etxeari ehundaka etxe-txolarrek beste horrenbeste egin diote. Gertakari bitxi eta beldurgarri horien ondorioz, herritar guztiak izutu dira. Giro nahastu horren erdian, kaioek erasotu eta begiak kendu dizkieten giza gorpuak ere topatu dira
Bestalde, Melanie ikastetxera joan eta Cathy jasotzean, bele talde batek biei eraso egin eta auto batean babes hartu behar dute. Aurrerago, hiri guztia milaka etxe-txolarrek erasotu dute, igarotzen diren lekuak suntsitu eta jendea beldurtuz. Mitch eta Melanie, hainbat pasadizo iraganda, etxera itzuli dira. Egunsentian etxea laga dute: isiltasuna erabatekoa da. Autoan sartu eta norabait joan dira, atzean etxe-txolarrez andana batek isiltasunean eta geldirik begira dituztela.
Filmak ez du txorien nahasmenaz eta erasoez arrazoirik ematen, eta haien azalpena ikusleen esku uzten du.
Alfred Hitchcock zuzendariak, bere film gehienetan ohitura zuen bezala, horretan ere agerpen labur bat egin zuen, hasieran Tippi Hedren animalia-dendan sartzen ari dela, Hitchcock denda hartatik bi txakur zurirekin irteten ageri baita.