Oharra:Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
Ruth (Eva Henning) bere ezkontza aurretik maitale bat izan eta haurdun utzi zuen ballet dantzari ohia da, hark abortatzera derrigortu eta ondorioz antzu gelditu zen. Bizipen honen ondorioz garatutako gizonekiko gorrotoak Bertil (Birger Malmsten) senarrarekin duen ezkontza harremanean eragingo du. Bertilek Ruthekin ezkondu aurretik Viola (Birgit Tengroth) izeneko emakume alargun neurotiko bat maite izan zuen, ondorioz honek ere beste emakumeekiko harremanetan zalantzatia bilakatu du. Gainera, ezkontza zoritxarrekoa da, Ruthek gehiegi edan eta umore aldaketa handiak baititu.
Ruth eta Bertilek Italian oporraldian igaro ondoren Suediara burutzen ari diren itzulerako tren bidaian zehar, Alemanian daudela, gerraren izugarriekin aurrez aurre topo egingo dute. Bikotekideak bidaian zehar elkar berradiskidetu beharko dira, honela bizimodu berri eta ezberdin bati ekiteko konponbidea lortze aldera.
Paraleloki, Violaren istorioa ere azaltzen da, eskrupulurik gabeko psikiatra sadiko batekin (Hasse Ekman) eta joera lesbikoak dituen Valborg neska-lagunarekin (Mimi Nelson) harreman etsigarrien ondorioz, bere buruaz beste egiten amaituko du.
Kontakizunaren amaieran, amets batek askapen literarioa gauzatzen du. Bertilek bere irudimenean emaztea eztabaida baten ondoren hiltzen duenez, maila inkontziente batean, bere maitasun ezatik ihes egiteko modua dela ulertuko du, eta maitasun eza hori betetzeko modu bakarra bera eta Ruth emaztea elkar ulertzen saiatu eta borondate onez maitatzea.