Luis Baraiazarra
Luis Baraiazarra Txertudi (Meñaka, 1940ko martxoaren 17a – Usansolo, 2024ko urriaren 6a[1][2]) bizkaitar karmeldar, filologo, irakasle, itzultzaile eta idazlea izan zen.[3][4] Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1996an, eta ohorezko 2010ean.[5] Besteak beste, Teresa Lisieuxekoaren, Santa Teresa Jesusenaren eta San Joan Gurutzekoaren idazlan guztiak euskaratu zituen, eta olerki, bertso eta oroitzapen propioak ondu eta argitaratu.[3]
Bizitza
Luis Baraiazarra Txertudi Meñakan jaio zen, Urezandigoikoa baserrian, 1940ko martxoaren 17an.[6] Herriko eskolan ikasi ondoren, 11 urterekin Zornotzako karmeldarren seminarioan sartu zen. Ondoren, Alesbesra eraman zuten. Filosofiako hiru urteak, Gasteizen egin zituen, eta Teologiako lauak, Begoñan. 1966an apaiztu ondoren, hiru hilabete eman zituen Larrean, eta abuztuan Markina-Xemeingo komentura joan zen; harrezkero hori izan da bere bizilekua.[7][8]
Eliz ikasketak amaitu ostean, maisutza-karrera egin zuen, Valladoliden; 1970ean lortu zuen titulua. Hainbat urtez Bera Kruz ikastolako irakaslea izan zen; garai hartan euskarazko materialik ez baitzegoen, Euskal Herriko historia I eta II izeneko bi liburu idatzi zituen 1977an, ikastoletarako eginak. 1982an, Euskal Filologiako lizentzia erdietsi zuen Deustuko Unibertsitatean. 1988an, irakaskuntza utzi eta hiztegigintzari ekin zion, Adorez hiztegiak argitaratzen zituen Bostak Bat lantaldearekin.[7][8]
Idazle
Aldizkari ugaritako kolaboratzaile izan da, Olerti, Bertsolari, Garaian, Jakin, Zeruko Argia, Kili-Kili..., baina lan gehien Karmel aldizkarian egin du, idazle eta zuzentzaile. Euskaltzale aipagarrien biografiak idatzi ditu, hala nola, Santiago Onaindiarena, Augustin Zubikarairena eta Lino Akesolorena.[7] 1985ean, Elkarren eskutik, Hitzezko txirlorak olerki liburua argitaratu zuen, eta geroago Jon Lopategi bertsolariaren biografia, eta Nire Umetako Meñaka eta Nire sasoiko Markina-Xemein haurtzaroko eta helduaroko oroitzapen liburuak.
Itzultzaile
Itzultzaile-lan garrantzitsuak ere egin ditu, besteak beste, Elizaren Historia Euskal Herrian (1995), Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoko testuak, eta Teresa Lisieuxekoaren, Santa Teresa Ávilakoaren[9] eta San Joan Gurutzekoaren idazlan guztiak.[4] Izan ere, Santa Teresa Ávilakoaren idazlanak euskaratzeagatik eman zion Espainiako Kultura Ministerioak 2015eko Itzulpen Onenaren saria, baina ordu batzuk geroago kendu zion, ez zuelako betetzen sariketaren baldintzetako bat: atzerriko hizkuntza batetik itzulitako lanak sartzen ziren sariketan eta Santa Teresaren testu originalak, berriz, gaztelaniaz ziren.[10][11][12][13]
erdal urak euskal ur bihurturik gure uharkara eta gure moldeetara bideratzea”. Eta p
Poesien itzulpenari dagokionez, ekarpen berezia egin zuen Baraiazarrak. Horrela, poesia guztien bertsio berri-berria, originaleko metrika bera eta bertso lerroen konbinazio berberak erabili ditu. Esaterako San Joan Gurutzekoaren poema nagusiak lira izeneko metrika moldean eginak daude, eta euskarara ere metrika molde berean itzuli zituen eta konbinazioak ere originalean datozen bezala eman zituen”.[14]
Gontzal Mendibilek San Joan Gurutzekoaren hamahiru pieza musikatu zituen; eta ahapaldietako bat aukeratu zuen diskoaren izenbururako, Neugan bizi gabe biziz.[15]
En una noche oscura
(jatorrizkoa, San Joan Gurutzekoa)
|
Gau iluna[13]
(itzulpena, Luis Baraiazarra)
|
En una noche oscura
con ansias en amores inflamada
¡oh dichosa ventura!
salí sin ser notada
estando ya mi casa sosegada,
|
Gau ilun batez barnea
maitasunetan sutan zegoela,
oi zorion unea!
inork ez nakusela
irten naiz nire etxea bakez zela.
|
En la noche dichosa
en secreto que nadie me veía
ni yo miraba cosa
sin otra luz y guía
sino la que en el corazón ardía.
|
Gau txit dohatsu hartan,
ezkutuan inork ikusi barik,
bista jartzeke ezertan,
ez nuen beste argirik
ez gidarik, barnean zena baizik.
|
¡Oh noche, que guiaste!
¡Oh noche amable más que la alborada!
¡Oh noche que juntaste
amado con amada,
amada en el amado transformada!
|
Oi gau, bai gidari fin!
ez da ez goiza zu bezain atsegin!
zuk zenuen eragin
hor zedila bat egin
maitea bere maiteñoarekin.
|
Euskaltzain urgazle (1996tik) eta euskaltzain ohorezko (2010etik)
1993an, Hiztegi Batuko lan taldeko batzordekide izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta euskaltzain urgazle 1996ko martxoaren 29an. 1997-2007 bitartean, Gramatika batzordeko kidea izan zen, eta ohorezko euskaltzain egin zuten 2010eko urtarrilaren 29an.[5][16]
Bertsozale Elkartearen idazkari
Luis Baraiazarra aita Luis «Bertsoaren eragile nekaezina» izan zela nabarmendu zuen Bertsozale Elkarteak. 1991tik 1994ra bitartean Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko zuzendaritzan parte hartu zuen, baita Bizkaiko Bertsozale elkartean ere, 1991tik 2000ra bitartean. Bestela ere erakutsi zuen bertsozaletasuna, esate baterako, hainbat txapelketatan epaile gisa parte hartuz, hala nola Lea-Artibai eskualdekoetan, Euskal Herriko Txapelketa Nagusian eta eskolartekoetan.[17][3]
«
|
Berakruz ikastolan, Markinan, lehenengo golak,
baita ere, lehenengo koplak
Luis Baraizarrarekin, Aitte Luis guretzat, berari egiten genion kasu,
berari eskerrak deskubritu genun Ama begira zazu…
|
»
|
—Jagoba Arrasate[13]
|
Liburuak
- Euskal gramatika lehen urratsak. VI, (Mendeko perpausak-2, baldintzazkoak, denborazkoak, helburuzkoak, kausazkoak, kontseziozkoak eta moduzkoak). Patxi Altuna Bengoetxea, Iñaki Amundarain Arana, Miren Azkarate Villar, Luis Baraiazarra Txertudi, Andolin Eguzkitza Bilbao, Juan Garzia Garmendia, Patxi Goenaga Mendizabal, Nora Iriarte Oses, Alan Roy King, Itziar Laka Mugarza, Jose Mari Larrarte Garmendia, Pilar Lasarte, Jesus Mari Makazaga Eizagirre, Jose Antonio Mujika Casares, Beñat Oihartzabal, Patxi Ondarra Erdozia, Paskual Rekalde Irigoien, Karmele Rotaetxe Amusategi, Pello Salaburu Etxeberria, Piarres Xarriton Zabaltzagarai, , Euskaltzaindia arg, 2005
- Hipolito Larrakoetxea: (1892-1976). Luis Baraiazarra Txertudi, Julen Urkiza Txakartegi, Bidegileak, 2004
- Lino Akesolo: (1911-1991). Luis Baraiazarra Txertudi, Julen Urkiza Txakartegi, Bidegileak, 2002
- Augustin Zubikarai: (1914). Luis Baraiazarra Txertudi, Julen Urkiza Txakartegi, Bidegileak, 1999
- Euskal gramatika: lehen urratsak V (Mendeko perpausak-1, osagarriak, erlatiboak, konparaziozkoak, ondoriozkoak). Patxi Altuna Bengoetxea, Miren Azkarate Villar, Luis Baraiazarra Txertudi, Andolin Eguzkitza Bilbao, Patxi Goenaga Mendizabal, Alan Roy King, Jose Mari Larrarte Garmendia, Pilar Lasarte, Jesus Mari Makazaga Eizagirre, Jose Antonio Mujika Casares, Beñat Oihartzabal, Patxi Ondarra Erdozia, Karmele Rotaetxe Amusategi, Pello Salaburu Etxeberria, Piarres Xarriton Zabaltzagarai, Euskaltzaindia arg, 1999
- Euskalkien lekua literaturan. Miren Agur Meabe Plaza, Xabier Amuriza Zarraonaindia, Iñigo Aranbarri Alberdi, Rikardo Badiola Uriarte, Luis Baraiazarra Txertudi, Itxaro Borda, Andolin Eguzkitza Bilbao, Aingeru Epaltza Ruiz de Alda, Edorta Jimenez Ormaetxea, Iñaki Sarriugarte Irigoien, Maribi Unamuno Garate, Lourdes Unzueta Zamalloa, Ana Urkiza Ibaibarriaga, Andres Urrutia Badiola. Mendebalde arg, 1999
- Santiago Onaindia: (1909-1997). Luis Baraiazarra Txertudi, Julen Urkiza Txakartegi, Bidegileak, 1998
- Joan Gurutzekoa artea, bizitza eta gogoetak (1591-1991). Luis Baraiazarra Txertudi, Julen Urkiza Txakartegi, , Karmel arg, 1990
Sariak eta omenaldiak
- 2015: Espainiako Kultura Ministerioak 2015eko Itzulpen Onenaren saria eman zion Santa Teresa Ávilakoaren idazlanak euskaratzeagatik, baina ordu batzuk geroago kendu zion, ez meriturik ez zuelako, deialdiaren baldintza formal bat betetzen ez zelako baizik.[10][11]
- 2016ko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, omenaldia egin zion Meñakako Udalak, eta haren izena eman zion udal liburutegiari.[6]
Erreferentziak
- ↑ «Luis Baraiazarra idazle, itzultzaile eta ohorezko euskaltzaina hil da» Naiz 2024-10-06 (Noiz kontsultatua: 2024-10-07).
- ↑ «Luis Baraiazarra hil da» Bertsozale Elkartea 2024-10-06 (Noiz kontsultatua: 2024-10-07).
- ↑ a b c Igartua Aristondo, Amaia. (2021-11-22). «Idazleen giroan sartu beharra dago; bestela, itzulpenak hotz geratzen dira» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).
- ↑ a b Igartua Aristondo, Amaia. «San Joan Gurutzekoa, osorik euskaraz» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-06-15).
- ↑ a b Luis Baraiazarra Txertudi. euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-28).
- ↑ a b Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzaina omenduko dute larunbatean Meñakan. europapress.es (Noiz kontsultatua: 2022-07-28).
- ↑ a b c Baraiazarra Txertudi, Luis. karmelaldizkaria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-29).
- ↑ a b Goikoetxea Arrieta, Juan Luis. Luis Baraiazarra Txertudi. mendebalde.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-29).
- ↑ «'Santa Teresa Jesusena, idazlan guztiak'» Berria 2016-03-27 (Noiz kontsultatua: 2024-10-08).
- ↑ a b Baraiazarrari kendu egin deutsie Itzulpen Onenaren Espainiako Saria. Bizkaie! 2016ko azaroak 4, bizkaie.biz (Noiz kontsultatua: 2022-07-29).
- ↑ a b Perez Argote, Ander. (2016-11-05). ««Ume bati goxoki bat eman eta gero ahotik kentzea bezala da hau»» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-10-08).
- ↑ Sarriugarte Irigoien, Iñaki. (2022-03-09). «Itzuliz usu begiak/mundua» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-10-08).
- ↑ a b c Mendibil, Gontzal. (2024-10-08). «Neugan bizi gabe biziz» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-10-08).
- ↑ Mugartegi, Eider. (2021-06-15). «Luis Baraiazarra karmeldarrak Joan Gurutzekoren obra guztia euskaratu du» Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-10-09).
- ↑ Mendibil, Gontzal; San Joan Gurutzekoa; Baraiazarra, Luis (itzultzailea). (2021). «Neugan bizi gabe biziz (San Joan Gurutzekoren poema musikatuak)» www.badok.eus (Gontzal Mendibil) (Noiz kontsultatua: 2024-10-08).
- ↑ «Diplomak eman dizkiete beste hamaika ohorezko euskaltzaini» Berria 2010-02-26 (Noiz kontsultatua: 2024-10-08).
- ↑ Ubeda, Garbine. (2024-10-06). «Luis Baraiazarra idazle eta itzultzailea hil da» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-10-08).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
|
|