Udalerria Zirkulu Polar Artikoaren gainean dago, 200-300 bat km; honenbestez, gauerdiko eguzki eta gau polar fenomenoak oso ohikoak dira. Lehenengoan, eguzkiak udalerriaren zerua betetzen du maiatzaren 22tik uztailaren 23ra eta bigarrenean aldiz, iluntasuna nagusitzen da abenduaren 2tik urtarrilaren 11era. Klima subartikoa da nagusi udalerrian eta ondorioz, tenperatura leunak jasaten dituzte udan, baina neguak hotzak eta luzeak izan ohi dira. Hala ere, neguak ez dira Lappi erdialdean bezain hotzak, Ozeano Artikora iristen diren ur-korronte beroek neguak leuntzen baitituzte. Samitarrek antzinean eta gaur egun oraindik egiten dituzten egutegietan zortzi urtaro bereizten dituzte: udaberri-negua, udaberria, aitzinuda, uda, aitzinudazkena, udazkena, aitzinegua eta negu iluna. Aurora Borealak bestalde, oso ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan, hala nola, lau gautatik hirutan ematen den fenomenoa da [1].
Udalerriko eta Finlandia osoko sabaia, iparraldeko Eskandinaviako mendietan dagoen Halti (1328 m) mendixka da; hala ere, Saana da udalerriko mendi ospetsuena, urtero turista gehien erakartzen dituena baita. Herrialdeko ur-jauzi handienak ere udalerrian daude; arrasti lainotsuetan inguru misteriotsu bat sortzen duen Pitsusköngäs ur-jauzia, esaterako. Aintzira ezagun eta nagusienak Ounasjärvi, Pöyrisjärvi eta izen bereko herrixkaren ondoan dagoen Kilpisjärvi aintzirak dira.
Ipar Laponia eta basoen Lappi lurraldeen artean dago Enontekiö eta, ondorioz, hegoaldeko eta iparraldeko espezieak tartekatzen dira bere habitat anitzean. Bertako naturagatik eta era askotako espezieen ondorioz, ikerkuntza talde ugari ari da gaur egun lanean [4]. Ikerkuntza talde hauek, bai nazionalak, bai nazioartekoak dira, eta bertako airea Europa kontinente osoko garbiena delaz ohartu dira. Beste ikerketa arlo batzuk, turismoaren ondorioak ingurugiroan edota zuhaitz bakanduen eta zingiren eskualdeak izan ohi dira.
Klima mota ezberdinak baldintzatuta, hazten diren landare-motak anitzak dira; hegoaldeko muga izeien esku dago, baina iparralderantz jotzen dugun heinean, pinudiak agertzen hasten dira. Hetta herriaren inguruan, urki zilarkara zuhaitz nazionalak bihurtzen dira nagusi eta Pöyrisjärvi aintziraren bazterreko dunak aldiz, landare ezohikoen bizilekua da. Ipar-mendebaldeko lurretan eta 600 metro goitiko ingurunetan ordea, Finlandiako zuhaitzik gabeko tundra eremu bakanak daude. Azkenik, aipatzekoak dira landare-mota anitzagatik bertako inguru zingiratsu eta paduratsuak herrialde osoko ospetsuenak direla.
Enontekiö udalerria Finlandia osoko aintzira gehien dituen udalerrietako bat da; guztira, 825 aintzira daude udalerrian eta bere azalera guztiaren 300 km²-a baino gehiago osatzen dute.
Finlandia osoko gailur altuenak dituen udalerria da. Herrialdeko 50 gailur altuenetatik 44, Enontekiön daude. Gutxi dira 1.000 metroak igarotzen dituztenak; izan ere, Halti mendixkak, garaienak, 1.324 metro baino ez dauzka.
Nahiz eta garaienak ez izan, hauek dira gailur eta muino ezagunenak: