Emakumezkoen Traineru Ligako 2018ko denboraldiaEuskotren Ligaren hamargarren denboraldia izan zen. San Juan izan zen txapelduna bosgarren aldiz jarraian[1].
Historia
Aldaketa nabarmenak izan ziren 2018ko edizio honetan. Bigarren maila bat eratu zen, Galizian bertako Liga eta euskaldunen eta kantabriarren artean ETE Liga, ondorioz denboraldiaren amaieran play-offak jokatu ziren Ligako azkenaren eta Galiziako eta ETE Ligako lehenengo bien artean. Horretaz gain Ligako estropada kopurua nabarmen handitu zen, zortzi estropada izatetik 14 izatera pasaz, hauei play-offetako beste bi gehitu behar zaizkie[2]. Jardunaldi bikoitzeko bi Bandera jokatu ziren, A Coruñakoa eta Zarauzkoa.
ETE Ligaren hasieran euskal talde guztiek hartu zuten parte lehen bi estropadetan. ETE Ligarako puntuagarriak izan ziren baina ez Euskotren Ligarako. Protugaleteko estropadan Oriok lortu zuen garaipena eta Donibane Lohitzunen San Juanek[3]. Sailkapen estropadarako sanjuandarren eta oriotarren sailkapena segurutzat jotzen zen eta hurrengo bi postuetarako hainbat hautagai zeuden.
Ligaren bi maila eratu zirenez, azkenengo aldiz jokatu zen sailkapen estropada eta hamabi traineruk hartu zuten parte. San Juanek nahikoa zuen bietako batean bosgarren egitearekin sailkatzeko[3]. Ekainaren 30ean Sestaon eta uztailaren 1ean Zierbenan izan ziren sailkapen estropadak eta Orio, Arraun Lagunak eta Hondarribia sailkatu ziren[4].
San Juanek estropada guztiak irabazi zituen, bat ezik eta Liga eskuratu zuen bosgarren aldiz. Oriok bigarren egin zuen estropada guztietan. Ondarroan soilik hartu zion aurrea San Juani baina era berean Arraun Lagunak nagusitu zitzaion.
Hondarribia izan zen laugarrena eta play-offak jokatu behar izan zituen. Galiziarrek uko egin zioten eta ondorioz ETE Ligako Donostiarra izan zuen aurkari. Donostiarrak nagusitu ziren jardunaldi bietan eta igoera lortu zuten[5].